Miramonen berriro. Honako honetan, Gabon zaharretako programa berezi batean agertzeko. Zenbait musikarik 'Goazen' telesaioko gazteekin gure kanta klasikoak abestuko ditugu. Entsegua eta segidan grabazioa. Arratsalde osorako lana. Garai batean, milurteko honen hasieran, astero etortzen nintzen hona. Aldaketa gutxi hemen barruan, antza. Den-denak buruan nuen bezala jarraitzen du. Ateko zaindaria eta harrerako azafatak garai hartakoak dira guztiak. Badirudi poztu direla ni berriro ikusteaz. Ni ere poztu naiz. «Baina zer da hau? Deabruarekin egin al duzu paktua ala?». «Zuek bai berdin jarraitzen duzuela!»... gezur txikitan ari gara.

Publicidad

Lantaldeko norbaitek etorri behar du nire bila. Bitartean, sarrerako besaulki batean eserita oroitzapenak datoz. Laurogeietan, ETBko egoitza honetara etorri nintzen askotan Zarama taldeko lagunekin. Lehenengoan plato gehienak oraindik bukatu gabe zeuden. Horietako batean Jose Luis Morenoren ikuskizunean agertu ginen. «Un grupo que triunfa en todos los pueblos y plazas del Pais Vasco». Geroago, laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, 'Musika dantzan' izeneko programa aurkezteko aukera izan nuen. Mende honen hasieran 'Hegaz' ekoiztetxean aritu nintzen eta geroago ETBko programa berezien arduraduna izan nintzen. Hori zela eta, A-8 autobidean begiak itxita ibiltzeko gai bihurtu nintzen. Orduak eta orduak pasatu nituen hemen. 'Vaya semanita', 'Wazemank', 'Dantzaki', 'Cita en el infierno' edota 'Euskal kanturik onena' izan ziren orduan nire buruko min askoren eragile.

Neska gazte bat dator irribarretsu nire bila. Heldu den lehenengoa omen naiz. Ongi ezagutzen ditudan korridoreetan zehar eramaten nau aldagelara. «Itxaron hemen pixka batean eta laster etorriko gara zure bila». Kamerinoaren bakardadean, ispilu aurrean, nire agerpenaren plantak lantzen ditut. Lehenengo aldiz gitarra bat eskegita agertzeko asmoa daukat. Kantaren audioa aldez aurretik grabatuta dago jada. Playback besterik ez da izango. Horrek zeharo lasaitzen nau.

Ordu erdi geroago plato erraldoi baten aurrean gaude. Publikoa, orkestra, argiak, dekoratuak... Kolore biziak, behar den moduko gabon zaharreko festa batentzat.

'Goazen' eko protagonistek dantza egiten duten bitartean, topaketak hasten dira...Maider Zabalegi, Alex Sardui, Mikel Markez, Sonakay, Ibon Altuna, Xabi Solano... eta hara!, Javi García de Vicuña. 'Vaya Semanita' saioko zuzendaria izan zen Vicu eta garai hartan hizketaldi luzeak izaten genituen programaren inguruan. Barregarria al da sketch hau? Marra gorriren bat zapalduko al dugu? Programa bakoitza galdera-ikurrez beteta zegoen... Oraingo honetan berak zuzenduko nau ni.

Entsegua, beti bezala, gehiegi luzatzen da. Irteteko txandak heltzen zaizkigun bitartean, Sonakaykoek runbaz eta txaloz animatzen gaituzte. Gero, oholtza gainean, gustura moldatzen naiz gitarra eskuetan, txikitan tenis-erraketarekin egiten nuen legez. 'Goazen' eko aktoreak dantzan dabiltza nire inguruan.

Publicidad

Festa bukaeran, urte berriaren etorrera ospatzen dugu, sinetsiko bagenu bezala. Bitxia da. Orain dela hilabete 'Puro Luego' taldekoek han bildutakoak gonbidatu gintuzten urte berria ospatzera, BECen, ETB2rako grabatu zen beste kontzertu batean. Gabon zaharrean, hiru lekutan egongo naiz aldi berean. Gero esango dute Gabonetako mirariak ez direla existitzen. Kar!

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad