Hauteskunde orokorrak irabazteko zentroa deitu den eremu zehazgabe horretatik ekin behar omen zaio, norberak bere joerarekin izan arren. Izan badirelako guztiz lerrokatu gabeko hainbat bozemaile, testuinguruaren eta Espainiako bi alderdi nagusien jardunaren arabera alde batera zein bestera jotzen dutenak. Soziologikoki ezker kutsukoagoa, aurrerakoi antzekoa-edo ... omen da bertako gizartea, arlo horretan aditu direnek euren hainbat ikerketaren arabera behin baino gehiagotan azpimarratu dutenez.
UCDren aldi berezi eta salbuespenezkoaren ostean, sozialistak izan ziren nagusi hamalau urte luzez (1982-1996), nahiz eta ustelkeria eta Estatu-terrorismoa garai hartako ezaugarrietakoen artean geratu diren. Sasoi hartan eskuma zatituta zegoen Espainian: Aliantza Popularra zen nagusi, PDP demokristaua eta Alderdi Liberala bidaide zituela, baina bazuen halako boto-sabai bat, gainditu ezinezkoa, boterea eskuratzea eragozten ziona. Hamaikatxotan aipatu zen orduko hartan batasun beharra, indartsu izateko zentro-eskuineko eragile guztiek sigla berberen pean aterpetzearen erabateko garrantzia. Horrela heldu zen Alderdi Popularraren sorrera 1989an, eta handik gutxira Manuel Fragak José María Aznarren esku utzi zuen lekukoa.
Iragana gainditzeko saiakera hori, baina, gogoz landu behar izan zuten, PPk ez baitzuen Moncloara heltzerik izan 1996ra arte. Eta horretarako zentroko itxura hartu zuen, 'zentro erreformista' deitu zen hura aldarrikatuta. Gaur egun sinesgaitza den arren, Aznar izan zelako inoiz ohiko eskuina leuntzekotan zebilela ematen zuena. Bere lehen garaipenaren ondoren, gehiengo osorik gabekoa zenez, Kataluniako eta Euskadiko alderdi abertzale nagusiekin elkar ulertzen saiatu zen, eta garai hartakoak dira alde bien arteko hainbat akordio garrantzitsu. Oso bestelakoa izan zen, ordea, bere bigarren legealdiko aurpegia, inoren babesik behar ez zuenekoa: Azoreetako argazkikoa, guztiz kontserbatzailea.
2004an bere atzamarrak Rajoy aukeratu zuenean, PPk Aznarren ildo beretsutik jarraituko zuela eman zuen, alderdi baten kontrola ez delako egun batetik bestera guztiz inoren esku geratzen. Martxoaren 11ko jazoera ikaragarriek hankaz gora jarri zuten guztia, eta hiru egun beranduago Zapaterok ordura arteko inkesten aurka irabazi zuen. Ustegabeko porrot hark muturrera eraman zuen PP, tartean atentatu haien inguruko teoria konspiratzaileak haizatzera. Rajoyk izan zuelako halako sasoirik, Acebes, Zaplana eta parekoek inguratuta zentraltasunetik urrun aritu zenekorik. Halaxe hartu zion aurre berriz Zapaterok 2008an, eta horregatik epeldu ziren popularrak halako batean, irabazteko aukeraren bat izateko. Rajoyk ozta-ozta eutsi zion bere lidergoari, eta ostean krisi ekonomiko ezin bortitzagoak libratu zion presidente izateko bidea.
Honakoan garrantzitsua da guzti hau gogora ekartzea, azken hamarkadotan popularrek lehen alderdi izateko gehiengoak nola osatu dituzten gogoratzea. Zuzen zebilelako Soraya Sáenz de Santamaría hurrengo hauteskunde orokorrak irabazteko Pablo Casado baino hautagai egokiagoa zela zioenean. Casadok jatorrizko ideologia atzerakoiena berreskuratu du primarioetarako, alderdiaren egiturari gaztetasunetik aurre egiten diotenen ikur modura agertu eta aldaketa aldarrikatzeko. Estrategia horrek, eta Sáenz de Santamaríaren etsaien batuketak —galtzaileen koalizioak, besteei begira eurek hainbestetan esan dutenez—, gehiengoa eman dio konpromisarioen artean, nahiz eta militanteek nahiago izan zuten presidente orde izandakoa. Azken honi eta Rajoyri kudeaketa soilera mugatzea egotzi diete luzaroan, zutabe ideologikoak alde batera utzi eta pragmatismo itsuenaren alde egitea. Barruan askok arinkeria iritzi diote jokabide horri, arloren batzutan sozialdemokraziatik gertuko politikak indarrean jartzea. Eta zehazgabetasunaren ondoriozko egungo motelaldia gainditzeko abiapuntura jotzea aukeratu dute, ziurtasunera, eskumarik borobilenera.
Aznarrek mendekua hartu du, urrunetik. PPren kongresura gonbidatu ere ez dute egin, baina bere itzala luzea da oraindik. Casadoren berbek haren aro muturrenekora garamatzate, baita Manuel Fragaren Aliantza Popularrarenera ere. Abortoaren 1985eko legera itzultzeko eskatu du, oso zentzu jakin batekin 'familiaren defentsa' deitzen duten horren barruan. Nahiz eta Javier Maroto kanpainan oso alboan izan duen, kontzeptuon ez dira bikote homosexualak sartzen, ez behintzat maila guztietan besteen pareko. Horrez gain, Franco Erorien Haranetik ateratzera txakur txiki bat ere bideratuko ez duela nabarmendu du, 'trantsizioko ituna' deritzon horrek dena dagoen bezala uztea eskatzen duelakoan. Berdin zaio, jakina, orduko hura premiazko irtenbidea izatea. Bost axola berrogei urtez boterea modu ilegitimoan gorde zutenen eta kartzeletatik zein erbestetik askatasun aukerak indartzeko edozein zirrikitu baliatzeko prest zeudenen arteko harremana guztiz desorekatua bazen. Bide bazterretan lurperatutakoek han jarraitu behar dute antza, eta diktadoreak ohorezko hilobian.
Casadoren adierazpen su-eragileak abertzaleei begirakoak ere izan dira, horrela elikatzen baita aniztasuna eta inoren borondate demokratikoa ahalik eta gehien mugatzea helburu duen PPko hainbat sektoreren nazionalismoa. Alderdi independentistak legez kanpo utzi nahi dituela nabarmendu du buruzagi berriak; eta hauteskunde legea aldatu nahi duela, abertzaleek Gorteetako gehiengoen jokoan inolako eraginik izan ez dezaten. Honek, noski, auzitan jarriko luke 1978tik honako bizikidetza sistema, ideien araberako debekua, bazterketa eta ukazioa ahalbidetuko lukeelako. Kataluniako auzia atzeraezinezko egoerara eramateaz gain, hausturaren arriskua bete-betean zabalduko luke Euskal Herrira ere. Fikziozko agertoki politikoak eta erakundeak eragingo lituzke, errealitatearekin bat ez datozenak. Estatu barruko nazioei lepoa emateak ez luke inolako arazorik konponduko, eta askoz handiagoak sortuko lituzke, ikuspuntu demokratikotik jasanezin liratekeenak.
Casadok derrigorrez goxotu beharko ditu hasierako bere asmook alternatiba izan gura badu, gehiengo sendoak osatu nahi baditu. Orain arte entzun zaizkionak Europako Batasunean eta mundu zabalean nagusitzen ari diren populismo kontserbatzaileen ildokoak dira. Eta hori kezkatzekoa da. Alderdi Popularrak badakielako nora daramaten muturretik egindako bidaiek eta zenbaterainoko kaltea egiten dion Espainiakoa bezain bizikidetza hauskor eta hainbeste kostatakoari guzti horrek. Ikusteke dago PP barruan denek jarraituko ote dioten Aznarren oinordekoari. Dena den, oposizioan luzaroan jarraitzeak baino ez ditu honelako gaitzak sendatzen.