Borrar
La Bonoloto de hoy miércoles: comprobar resultados del 26 de febrero
Itzalpeko lanean jo eta ke ari da antolakuntza 58. Durangoko Azokari begira stand eta guneak euskaltzaleak jasotzeko prest egon daitezen. Gerediaga Elkartea
Azken ukituak euskal kulturaren amaraunean
58. Durangoko Azoka

Azken ukituak euskal kulturaren amaraunean

Ikus-entzunezkoen aroan liburu eta diskoek Durangon 'hemen gaude' esateko egunak heldu dira, komikien gorakadarekin eta eleberri eta poesia uzta apartarekin

Jon Agirre

Martes, 5 de diciembre 2023, 13:33

Euskararen eta euskal kulturaren unibertsoa zabaltzeko abagunea izango da egunotan Durangoko Azoka. Abenduaren 6tik 10era liburu, disko eta bestelako produktuen eta azken nobedadeen saltoki hutsa izatetik -hori nolabait esaterik baldin badago- askoz ere harago kokatu behar den erreferentziazko espazio bihurtzerako jauzian beste pausu bat emango du 58. edizioak.

Pandemiako urteak jada atzean utziak, Azokak erronka berriak ditu aurretik eta, gutxi ez badira ere, antolakuntzak lan-ildoak argi ditu. Sektorearengandik gertu egotea da asmoa bost egunak probetxugarriak izan daitezen erakusmahaien alde batean zein bestean daudenentzat. Hala, gazteak ere hurbiltzea da helburu nagusia etorkizuna bermatze aldera.

Urtero hautatzen da lelo bat iruditegi eta kolore zehatz eta mezu argiarekin. Aurtengoak, 'Fantasia DA!', Azoka amarauna dela islatu nahi du, sortzaile berriak ezagutzeko, ezagun ditugunen lanak ezagutzeko edo diziplina ezberdinetako sormen lanetan arakatzeko unibertso paregabea dela.

Noski, urtebetean aurkeztu den dena testu batean biltzea ezinezkoa da. Hala, musikari buruzkoak hurrengo bi orrietan aurkituko ditu irakurleak eta programaren ostean komiki eta album ilustratuei buruzkoak. Jarraian zerrendatutakoak ere, ez dira denak. Barka dezatela kanpoan geratu direnek.

Zerrenden poesia

«Ba al dago poetikoa ez den zerrendarik?», itaundu zuen Harkaitz Canok 'Ulu egiteko bolondres bila' (Susa) liburuaren aurkezpenean. 2023an poetek utzitako uzta oparoa izan da eta Canoren galdera-baieztapenari tiraka poesia-liburuak osatzen duten zerrenda 'poetikoa' izango da.

Atzera, iraganera, begira sortutakoak daude batetik. Txikitako oroitzapenetara jo du Castillo Suarezek 'Alaska' poema-liburuan Etzegaraten kokatua dagoen izen-bereko hotel abandonatuak inspiratuta, haientzat «Las Vegas txiki bat zena». Gai berak, baserri batean gorpuztuak, planteatuko dizkio Oskar Gazteluk 'Baserria (h)uz(s)ten' (Erein) irakurleari, egungo bizitzaren erritmoaren aurrean atzera eta barrura begiratuz.

Zertxobait urrunago, 36ko gerrara, joan da Iñaki Irazu 'Zakur zaunkak' (Susa) lanean, «oroimen kolektibo moduko» batean murgilketa egiteko deia. 20 testuetan barrena forma eta tonua nagusitzen dira, irakurlea lehen lerrotik hartu eta azkenera arte eramaten duena. XXI. mendera bueltatzeko ariketan, zer hobe Munduko Poesia Kaierak bilduma baino. Ohi bezala Susak bi poeta handi ekarri ditu euskarara, kasu honetan Bertolt Brecht eta Mario Benedettiren antologiak Irati Majuelo eta Inma Errea itzultzaileen eskutik sortzaileen «garrantzia eta oihartzuna» ikusita. Ez da itzulpen bakarra izan, Alain Lopez de Lacallek 'Spoon River', Edgar Lee Master poeta estatubatuarraren obra nagusia, «poesia amerikarraren abiapuntua», itzuli baitu Balea Zuriarentzat. Arrakasta handia eskuratu zuen, baina polemika handia ere garaiko gizarte puritanoak «bertso askearen erabilera, prosaismoa, arrunkeria eta sexu gaiekiko obsesioa» egotzi zizkion-eta.

Eleberriak nagusi

Urtero bezala aurkeztuko diren 689 liburuetatik gehienak eleberriak izango dira. Izen berezi asko izango dira aurten euren azken lanarekin bai zaleen aleak sinatzeko zein edukia hitzaldien bidez aurkezteko; ez dira gutxi izango erakusmahaietan lan bat baino gehiago jarriko dituztenak eta Azokan bestelako produktuak aurkeztu ostean lehen aldiz liburuarekin izango direnak ere aurkituko ditugu, baita paper bikoitza jokatuko dutenak: editore-idazle edo abeslari-idazle.

Erakusmahaietan ez dira faltako, hala ere, ipuinak edo saiakerak. Lehenaren uztatik Elkarren hiru nabarmentzen dira: Uxue Alberdik pandemia garaian ingurukoen audioetatik jasotakoekin 'Belarriko kilkerra' ondu du; Esti Martinez «ireki behar ez genuen ate horren atzeko giroa» islatzen du 'Animalia domestikoak' sortan eta Olatz Mitxelenak zaurietatik idatzi 'Arrain hezur bat eztarrian' «errealitatea gogorra ere dela eta mina ere badagoela» azpimarratzeko asmoz.

Haur eta gazteenak ere

Ezin ahaztu haur eta gazteei bideratutako lanak, nahiz gero asko diren helduek ere gozatzen dituzten lanak. Aniztasuna eta identitatea izan ditu ardatz Irati Goikoetxeak 'Nor' (1545 argitaletxea) idazterakoan, aurkezpenean hainbatetan lan kolektibotzat sailkatu zuena. Bost neraberen bizipenak islatuko ditu, Garazi Kamioren 'Bikini' (Elkar) lanak bullying-a hirugarren pertsonan lantzen duen bezala. Mikel Zarate saria jaso izana bada nahikoa aukera bat emateko. Enpatia behar hori du ardatz ere Miren Gorrotxategiren 'Urrezko guraizeak' (Elkar) liburuak, Lima protagonista duen bigarren lana.

Azkenik, haurrei bideratuta izango dira beste askoren artean Olaia Irigoienen 'Inesa Gaxen. Sorgin ausart baten historia', «benetan sorginak nor ziren» azaltzeko eta haien «egiazko historia» zabaltzeko ipuina; Izaro Artoitak idatzi eta Joseba Larratxek ilustratu duen 'Lina plastilina (Elkar), plastilinazko bihurtu den neska protagonistaren abenturak'; edo Jabier Muguruzaren 'Jajatxo', memoria txarreko mutiko baten bizipenak kontatzen dituena, aipa daitezke.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Azken ukituak euskal kulturaren amaraunean