Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Joan den mendeko azken hamarkadan modan zegoen Jose Angel Mañas idazlea. Ray Lorigarekin batera 'X Belaunaldiaren' ordezkaritzat hartu zuten eta haren lehenengo liburuak 'Historias del Kronen', 'Mensaka' eta 'Ciudad rayada' irakurle askoren onespena lortu zuten. Lehenengo biak pantaila erraldoietara pasatu ziren nahiko erantzun arrakastatsua lortuz. Mañasen estiloa erabat zuzena zen. Kaleko hizkera eta esaldi laburrak ziren haren ikurrak. Haren narrazioetan marrazten zuen gazteria nihilismo hutsean murgilduta zegoen. Dirua, dibertsioa eta plazer debekatuak ziren helburu nagusiak. Ez zegoen inolako lekurik maitasun, elkartasun edo gainerako edozein sentimendu noblerentzat. Interesgarriak baziren ere, haren istorioek zapore mingotsa uzten zuten. Belaunaldi oso baten isla izan nahi zuena, Madrilgo familia oneko seme batzuen erretratua zen, gehienbat.
Baina oso modan dagoenak, askotan modaz pasatzeko ohitura dauka eta milurteko berriarekin batera, Mañasen arrastoa erabat galdu zen. Noizean behin beraren libururen batekin egin dut topo. Liburu-dendaren batean, nire harridurarako, berak sinatutako Alejandro Magnori buruzko nobela potolo bat ikusi nuen.
Orain Mañas bueltan dugu, bere jatorrizko estiloari eutsiz eta nolabait, mende-bukaerako protagonisten arrastoa jarraituz. Haren azken eleberriak 'La última juerga' du izena, eta berriro ere, gizakion izaera –bertan agertzen diren gizakiona behintzat– ez da suziriak botatzeko modukoa, hain zuzen.
Orain, hogeita bost urte pasa ondoren, berrogeita hamar urte inguru dute 'Kronen' tabernan biltzen zirenak. Carlosek, garai hartako protagonistak, telebista munduan egiten du lan, idazle ezagunen eskubideak saltzen. Biriketako minbizi baten diagnostikoa jaso duenez gero, ospitaletik hanka egiten du eta bere koadrila zaharreko lagun minaren bila doa azken parranda egitearren. Horrela, Pedro eta Carlos, Sevillaraino eramango dituen abentura ero batean sartzen dira. Bidean ez dira faltako drogak, prostituzioa, jazarpenak eta antzeko zirrarak. Kontatu behar ez dizudan era batean, Kronengo guztiak berriro bilduko dira. Denbora pasa ahala, uste duten baino askoz gutxiago aldatu dira. Aldaketa gutxi oinarrizko zeretan behintzat.
Santiago Lorenzok, Portugaleteko idazleak, 'Los asquerosos' nobela arrakastatsuaren autoreak, elkarrizketa batean, liburu guztiak esaldi bakar batean laburbilduta izan beharko luketela esan zidan, 'ikasbide' moduko esaldia. Bere nobelarako, berak proposatzen zuen laburpena honako hau izango litzateke: «Saia zaitez oso nazkagarria ez izaten».
Baina Pedro Ugarte, idazle bilbotarrari berriki irakurri diodan bezala, 'Lolita' eleberriaren harira, literaturak 'amorala' izan behar du. Horrek ez du esan nahi ezmorala izan behar duenik, baizik eta moraletik bereiz ulertu behar dela. Telebistako albistegiren batean aurkezleak 'Lolita' bere garaiko 'puritanismoaren kontrako' idatzia zela esan omen zuen.
Mañasen pertsonaiak ez dira erosoak irakurlearentzat, askotan gure zekenkerien ispilu izan daitezkeelako. Baina ez dut uste haren laburpena «ez izan putakumea» izango litzatekeenik. Lorenzoren txantiloia erabiliz, hurrengo lelo hau izan daiteke laburpen egokiago bat 'La última juerga' nobelarako: «Denok gara prostitutak».
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.