Borrar
El Euromillones del viernes: comprobar resultados del 31 de enero
Matt Damon, Ridley Scotten azken filmean. 20th Century Studios
Azken duelua

Azken duelua

Bortxaketaren eta biktimaren bakardadearen gaia jartzen du Scottek mahai gainean

Martes, 23 de noviembre 2021, 20:41

Izenburua irakurrita, western lurruna dario Ridley Scotten azken filmari, baina filmeko duelua Erdi Aroan gertatzen da, denboran eta espazioan ondo zehaztutako garai batean, XIV. mendeko Frantzian hain zuzen ere. Berehala dakigu, gainera, Parisen gaudela, Notre Dameko katedrala eraikitzen ari baitira. Zentzu horretan, nabarmentzekoa da alderdi teknikoak erakusten duen maisutasuna eta garaiaren berregite paregabea, baliabide digitala neurriz kanpo erabili gabe. Bitxia da, bestalde, film honen izenburuak Scotten ibilbideari ematen dion sinbolismoz betetako doinua. Izan ere, South Shieldesen jaiotako zuzendariaren lehen filma Joseph Conraden 'Duelugileak' narrazioaren egokitzapen gogoangarria izan zen. 1977a zen, eta Scottek Opera Prima Onenaren saria jaso zuen Cannesen. Ondotik eta hurrenez hurren etorri ziren 'Alien' eta 'Blade Runner' mitikoak, zinemari hainbat ate ireki zizkiotenak. Hortik aurrerakoa ezaguna dugu. Scottek ibilbide koherentea eta irudimentsua egin du, estropezu gutxirekin. Ikuskizuna eta istorioaren mezua eta gogoeta uztartuz, Japoniara, Amerikaren konkistara, Antzinako Erromara, AEB sakonera, Gurutzadetara edota Somaliara eraman gaitu. Abenturatik komediara, thrillerretik zientzia fikziora, eta abar. Haren filmografia ikusita, ez dira gutxi errodatu dituen maisu-lanak: 'Thelma&Louise', 'Gladiator', 'American Gangster', 'Marte'… Gainerako filmak, maisu-lanak izan gabe, arreta handiz jarraitzen dira eta badute beti zerbait ('Aholkularia'ren salbuespen nabarmenarekin).

Lehen duelu hartako bi pertsonaiak, Armand D'Hubert eta Feraud tenientea (Harvey Keitel eta Keith Carradine) Napoleonen armadakoak ziren, eta ez zuten bakerik ezagutzen elkar hil arte. 'Azken duelua'ko bi protagonistak, Jean de Carrouges eta Le Gris (Matt Damon eta Adam Driver), Frantziako erregeren zerbitzariak dira, eta hasieran adiskideak badira ere, bien arteko harremana pozoituz eta ozpinduz joango da Le Grisek nobleziaren eskalafoian gora eta Carrougesek behera egin ahala. Gorakada hori Pierre d'Alençon pertsonaia nardagarriaren eskutik etorriko da, eskrupulorik eta moralik gabeko konde libertino bat. Hala ere, laguntasun horri eusten saiatuko dira bi kideak, emakume bat, Jeanen emazte Marguerite de Carrouges (Jodie Comer), agertzen den arte. Le Grisek bortxatu egingo du Marguerite, eta hortik aurrera, eztanda egingo du ez bakarrik bien arteko harremanak, baita Erresumaren orekak ere.

Pelikulak Akira Kurosawaren 'Rashomon'en planteamenduari jarraitzen dio. Hiru zatitan banatua dago, eta zati horietan pertsonaia bakoitzaren 'egia' kontatzen zaigu, haietako bakoitzaren ikuspegiaren arabera. Baina zer da egia eta zer gezurra, batez ere norberak errealitateaz eraikitzen duen kontakizuna ezberdina bada besteenen aldean? Izan ere, hiruron istorioak ikusi eta gero, garbi dago bi gizonek edertu edo zuritu egiten dutela eurena. Margueriten ikuspegiak ematen dio oreka eta zentzua gertatutako guztiari (eta zuzendariak hori ere azpimarratzen du ohar baten bidez, nahiz ohar hori beharrezkoa izan ez). Arriskatu egiten da egiaren eta justiziaren alde, ez du gertatutakoa pasatzen utzi nahi. Eta bi gizonek erabili egiten dute emakumearen afera beren arteko kontuak kitatzeko. Jainkoak erabaki dezala nor ari den egia esaten, eta nor gezurra. Hala ere, ez diote Margueriteri esan zer gertatuko zaion baldin eta bere senarrak duelua galtzen badu: hil arte erreko dutela. Prozesua martxan jarriz geroztik, Margueritek isolamendua eta mesfidantza sentituko ditu, eta ez bakarrik gizonen aldetik, baita emakumeen aldetik ere, Jeanen amak eskatzen baitio egin dezala besteek bezala, bizi dadila bortxaketa eztarrian trabatuta eta eskandalurik sortu gabe. Akzioa egon arren eta sekuentzia biziak izan arren, erritmo pausatua eta pertsonaien arteko tentsioa eta dialektika dira nagusi, eta keinu txikienek ere garrantzi handia dute esanahiaren aldetik. Bortxaketaren eta biktimaren bakardadearen gaia jartzen du Scottek mahai gainean. Gaurko gaia dela esan daiteke, baina, zalantzarik gabe, ordukoa ere bazen. Betikoa.

============OP04 FIRMA opinión (69199361)============

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Azken duelua