Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Latinez, 'otium' hitzaren antonimoa 'negotium' litzateke. Hau da, aisialdirik eza. Denborarekin, 'otium' hitzari, aisialdiari, hasieran berezkoa ez zuen zama negatibo bat pilatu zaio, nagikeriarekin edo denbora galtzearekin zerikusia duena. Baina ez zen horrela hasieran. Izan ere, gogoetarako edo ikasketarako denbora libretzat hartzen zen. Garai digitalean, badirudi desabantailan geratu direla garuna eta pentsamendu lasaia eraginkortasunaren eta azkartasunaren aldean. Pentsatu baino gehiago, publiko egiten ditugu gure afinitateak eta gustuak, gure ezinikusiak eta fobiak. Dena klik batean. Lamberto Maffei neurobiologoaren ustez, biologiarekin lehian dabilen gizarte bat, borroka hori galtzera kondenatuta dago. Labur eta argi azaltzen ditu gaiaren inguruko bere kezkak 'Alabanza de la lentitud' saiakeran (Alianza argitaletxea). «Geldotasunaren estrategiarekin zahartzen gara», dio Maffeik. Garunak hasieran duen plastikotasun hori, dena xurgatzeko erraztasun hori, motelduz doa pixkanaka, giharrak eta nerbio-sistema sorgortuz doaz, zimurtuz. Teknologiari esker, gizakien arteko komunikazioa bizkortu da, baina neuronek berdin-berdin jarraitzen dute. Alferrik da guk asmatutako makina horien azkartasuna imitatu nahi izatea, ahalegin hori estutasun eta etsipen iturri bihurtzen baita guretzat.
Hemisferioen arteko harremanak aztertzen ditu hurrena Maffeik, denboraren zentzua, pentsamenduaren gorabeherak. Pentsamendu azkarra eta pentsamendu geldoa. Noiz den eraginkorra bat, eta noiz bestea. Akiles pentsamendu azkarrekoa zela esan daiteke, eta kontrakoa, berriz, Ulisesi buruz. Zerbaitegatik esaten zioten azken honi 'trikimailu askokoa', 'amarrutsua'. Egin beharrekoak behin baino gehiagotan pentsatzen zituelako. 'Frankenstein'ek, '2001 Espazioko Odisea bat'ek, 'Momo'k edota 'Matrix'ek aspaldi iragarri ziguten gizakiak asmatutako teknikak tirano zurrun bihur daitezkeela. Nor dago noren zerbitzura? Nor ari da noren ordez pentsatzen? Non geratzen da gizakiaren askatasuna ekuazio horretan?
Bizitza modernoaren eta pentsamendu azkarraren erritmoek alde batera uzten dute pazientzia, bertuterik heroikoena, heroikotasun itxurarik batere ez duelako. Zenbat irakaslek errepikatzen diote beren buruari egunero: «Eman pazientzia, eta ez amorrua». Hogeigarren mendeko aurrerapen teknologikoak erritmo mantsoagoan eta moldagarriagoan iritsi zitzaizkigun, hala nola irratia, hozkailua, garbigailua, telebista… Pixkanaka heldu ziren, eta haien erabileraz jabetzen joan ginen arian-arian. XXI. mendeko aurrerapenak, ordea, tsunami eran datozkigu, ezin moldatuzko abiaduran. Herritar arruntarentzat zaila da berritasunaren sukar horretara egokitzea eta bere ohiko jarduna horren azkar aldatzea, nahiz badirudien horretan tematuta daudela teknologiaren enpresa erraldoiak, gure ohiturak ahalik eta abiadura handienean aldatzen, selekzio teknologiko bat egiten, adinekoak eta gizaki analogikoak lehenbailehen bazter uzteko. Gaizki ulertu ditugu, nonbait, Horazioren hitzak. 'Carpe diem' ezagunarekin baikortasuna zuen ardatz, bizitzarekiko grina, bizipoza, eta ez abiadura edo azkartasuna. Ahalik eta azkarren kontsumitzera bultzatzen gaitu abiadura bizi eta eroaldi horrek. Merkatua bihurtu da gure jainko berria, gure asmo estetiko eta moral berria, denaren neurgailua. Errutinaren morroi ez ezik, pentsamendu azkarraren morroi ere bihurtu gara, eta hezkuntza ere norabide horretan doa. Gai humanistak oztopo dira estrategia ekonomikoentzat, BPGren igoera delako helburua eta pentsamolde alternatiboek herritar kritikoago bat ekar dezaketelako. Merkatuak agintzen dizkigu orain garai batean erlijioek agintzen zizkiguten salbabide eta zorion bideak. Freuden ustez, gizarteen aurrerabidea posible izateko, gizabanakoak bere instintu nagusiak (janaria, sexua, boterea) menderatzera behartzen zituzten legeak egin zituen. Instintu horien asebetetzean oinarritzen da, hain zuzen ere, kontsumo-gizartearen arrakasta. Merezi du Maffeiren liburua patxadaz irakurtzea, irakurketaren serotoninan murgiltzea.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.