Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Azken hamarkadan nazioartean garatu den gizarteari buruzko hausnarketa deigarrienetakoa azelerazionismoarena da. Labur esanda, azelerazionismoaren helburua da ekonomiak eta bereziki kapitalismoak kulturan eta bizitzan duten eragina aztertu eta proposamen bat eraikitzea. Azterketa horren ondorioz azelerazionismoaren aterkipean sailkatu daitezkeen pentsalariak emaitza batera iritsi ziren, hots, 2008az geroztiko kapitalismoaren egoera gainditzeko berak ezartzen dituen joerak bizkortu edo muturrera eraman behar direla.
Hori da mugimendu honen izenaren esanahia. Orokorrean ikusita, azelerazionismoaren hiru ezaugarri aipa ditzakegu. Alde batetik, azelerazionistek ez dute kapitalismoa erabat gaitzesten. Ulertzen dute teknologiak eta zientziak gizartean duten eragina baldintza sozialak gainditzeko aprobetxatu behar dela. Bestalde, nahiz eta azelerazionismoa pentsamenduaren garapena den, bere planteamenduetan pop kulturak, komikiek eta cyber-fantasiek beren itzala utzi dute. Azkenik, aipa daiteke azelerazionistek aurreko pentsalari kritikoen ideiak jasotzen dituztenean, ez dituztela modu sistematikoan onartzen. Alderantziz, normalean pentsalari horien proiektuetan, bazterreko ideiak edo ideia periferiakoak hartzen dituzte.
Ikuspegi historikoan, azelerazionismoak baditu aitzindari batzuk, funtsezko idazle garatzaileak eta baita une sortzailetzat har daitekeen dokumentu bat ere: 2013ko manifestua. Azken hau, '#Accelerate, Manifesto for an accelerationist politics', Alex Williams eta Nick Srnicek idazleek argitaratu zuten eta Urbanomic argitaletxearen '#Accelerate#' bilduman jasotzen da. Azelerazionismoak izan ditu bere aurkariak ere. Hauen artean, Benjamin Noys aipatu behar da, 'Malign velocities' bere liburuan azelerazionismoaren kritika argudiatua egiten baitu.
1972an Deleuze eta Guattarik idatzi zuten kapitalismoaren helburu nagusia galera sorraraztea dela, hau da, gehiegi dagoen lekuan galera txertatzea. Aldi berean, jakintza eta zientziaren esparruan inozokeria eta joera atabikoak dira galera horren ezaugarriak. Egoera horri aurre egiterakoan Deleuze-Guattarik beren buruari galdegiten zioten zein ote den irtenbidea. Bi aukera ikusten zituzten. Bata mundu-merkatutik aldentzea, faxismoen autarkiaren antzera. Bestea, harantzago joatea, merkatuaren mugimenduari jarraituz, prozesu guztia lastertzea. Nolanahi ere, Deleuze-Guattari bikoteak baieztatu gabeko hipotesitzat jotzen zuten aipatutakoa. Ideia hauen erdi-erdian desioari buruzko hausnarketa zegoen. Gizakiak desiratzeko makinak omen ziren, eta kapitalismoak desio horri nola eragiten dion Jean-François Lyotard filosofoak aztertu zuen. Lyotardentzat kapitalismoak ez du soilik mendekotasun-lokarria indartzen, gozamenerako objektu eta bide aldakorrak ere eskaintzen dizkio gizarteari. Horrez gainera, kapitalismoaren ezaugarrietako bat da desio horren objektua ez dela bat hautatua, baizik eta oraindik gehiago izatea. Desio mugagabea, azeleratua.
Ideia garatzaileen artean Mark Fisher eta Nick Land ditugu. Biengan pop kulturak (punk mugimendua arlo popularraren adar bat legez hartzen badugu behintzat) eta cyber teoriek eragina izan zuten. Fisher gazteen irakaslea zen, eta 'Capitalist realism' lanean azpimarratu zituen bere ikasleen esperientzietan azaltzen ziren zailtasunak eta berezitasunak. Horien artean, gizarte-ordenaren eskakizunek desoreka mentalak sorrarazten zituztela. Sistema ekonomikoa eta berari erantsita doan gizarte-egitura makina mamu-sorrarazlea da Fisherrentzat. Honen ustez, punkaren etorkizunik eza, etorkizun ezeztatua bilakatu da. Desioaren uhinak erortzean, etsipenaren hondarrak geratzen dira soilik. Nick Landek azpimarratzen du gizartearen dinamismoa inpertsonala dela, makinazkoa. Beretzat, desioa ez da psikoanalisiak aipatzen duen moduan, haurtzaroan gertatutakoaren patu aldaezina, baizik eta cyber-programazioaren ondorio hutsa. Kanpotik programatzen da desioa eta bere azken produktua, zirkuituzko makineriari erantsita dagoena, eskizofrenia da, ez Ediporen konplexua. Landen aburuz gaixotasun mentala ez da familia gatazkaren ondorioa, baizik eta zirkuitu zabalaren erorketa funtzionala, ordenagailuaren edo sarearen erorketaren antzekoa.
Williams eta Srnicekek beren manifestuaren abiapuntutzat krisialdi globala hartzen dute. Beraientzat finantzak, ingurugiroa, energia eta lan-baldintzak inoiz baino egoera ahulagoan daude. Kapitalismoa berez ezegonkorra zela ikasketa historikoek zioten (Schumpeterrenak, esate baterako), baina ezegonkortasun hori areagotu egin da finantza ekonomiaren sofistikazioa dela eta. Manifestuak dio kapitalismoak funtsezko beharrizan bat duela, hazkundearena alegia. Hazkunde hori teknologian gauzatzen da batez ere, baina kapitalismoak hazkunde teknologiko horren erabilera okerra egiten du. Ez dira gizakien bizi-baldintzak hobetzen (aisialdirako denbora gehituz, adibidez), eta beharrezkoak ez diren helburuetarako eta ganoragabekerietarako erabiltzen da ahalegin teknologikoa.
Autore hauek postkapitalismoaz hitz egiten dutenean onartzen dute ez dakitela zein izan daitekeen antolakuntza horren aurpegia. Hori jakin gabe, baloreak eraldatzea eta helburuak bideratzea ia ezinezkoa dirudi. Badago, hala ere, gaurko jardueran helburu nagusiak (osasuna, zientzia eta desioa) bateratu ditzakeen alternatiba bat. Alternatiba hori kolaborazioan egiten den taldeko ikerkuntzarena da. Talde hauen lana da giza baldintzak hobetzea, esate baterako, gaixotasunentzat txerto berriak garatuz. Eredu honek nazioartean gizarte-aukera anitzak ere hedatzen ditu. Azkenik, finantza eremutik jakintzaren hazkunde prozesura saihestu dezake desioaren berezko mugimendu mugagabea. Historikoki proiektu honen arazo larriena da ongizate gizartearen eraikuntzak subjektu askoren ahalegina koordinatzeko beharra duela, zubi bat harriz harri eraikitzen den moduan. Krisialdiak, ordea, desioen eztandari esker, ia berehala deuseztatzeko ahalmena du.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.