Borrar
'Mudar la piel' dokumentalaren azala.
Azalaren mudantza

Azalaren mudantza

Domingo, 14 de octubre 2018, 01:22

Zinemaldiko ezusteko atseginenetakoa izan da Ana Schulz eta Cristobal Fernandezen 'Mudar la piel' dokumentala. Gernika Gogoratuz elkarteko zuzendari izandako Juan Gutiérrezen eta Roberto izendatzen duten Espainiako zerbitzu sekretuetako kide baten arteko harremana azaltzen du filmak. Ana Schulz zuzendaria –Juan Gutiérrezen alaba ere badena– da dokumentaleko narratzailea, alderdi inplikatua izateak ematen dion gertutasuna eta intimitatea lagun, tonu minorrean, ia ahapeka, euren buruaz hain ziur dauden offeko ahotsak baztertuta.

Juan Gutiérrez bakegintzan eta bitartekaritza prozesuetan buru-belarri sartuta ibili zen sasoian (1980-90eko hamarkadetan), berri agentzia bateko kide zen aitzakiapean inguratu zitzaion Roberto, bai eta haren adiskide min bilakatu ere. Juanek ez zekiena zen sator lanean zebilkiola. Bere bizitzan oso presente egon ondoren, bat-batean desagertu egin zen Roberto, eta haren eskutik argitaratutako filtrazio bat dela medio, Juan Gutiérrezek laga egin behar izan zien bitartekaritza lanei. Robertok, berriz, inteligentzia zerbitzuak utzi zituen, martxoaren 11ko Madrilgo atentatuen ondoren CNIk bete zuen paperarekin oso kritiko. Horren ostean, kartzelaratua ere izan zen, guztiz argitzen ez diren arrazoiak tarteko. Zigorra betetzen ari delarik, Robertoren eta Juanen arteko harremana berriro hasi zen, gutun bidez lehenbizi, espetxera egindako bisitekin geroago, eta behin aske geratu zenean, aurrez aurre. Enkontru horietako bat filma tzea da Ana Schulzen nahia, baina urteak igaro diren arren, asko dira oraindik Robertoren beldurrak eta erreparoak, esan ezin ditzakeen edo esan nahi ez dituen gauzak. Ezintasun horiei aurre egiteko moduaren bilaketa da, besteak beste, 'Mudar la piel'; garbi erakusten baitu, zuzendariak ez duela gehienetan egin nahi zuen filma egiten, posible izan zaiona baizik. Gerta liteke zorionez, kasu honetan bezala, bigarrena hobea izatea.

Gatazka politikoaren eta traizio baten inguruko dokumental interesgarria izan zitekeena, nortasunaren eta antzezpenaren arteko muga lausoei buruzko film are interesgarriagoa bilakatzen da, honenbestez. Eta bizitzan uste baino gehiagotan gidari ditugun angelu itsuei buruzkoa ere bai: «Badauzkat nire zalantzak, baina ez daukat inolako interesik zalantza horiek argitzeko», aitortzen dio une batean Juan Gutiérrezek alabari, bere bizitzan infiltratutako gizonarekiko gorrotorik gabe, eta are, adiskidetasun galdua berreskuratzeko asmoz. Pasarte autobiografikoak eta sekretu politikoak zintzotasun berberarekin mahai gainean jartzea da dokumentalaren bertuteetako bat. Baina ez bakarra, Gutiérrezek biolentoen eta ez-biolentoen arteko muga faltsuaren tabua apurtzen baitu («Norbaitek uste al du benetan 60 euroren truke munduaren beste puntaraino garamatzan hegazkin txartel bat posible dela azpian bortxazko egitura ba t izan gabe?»). Giza harremanetan, jendeak zerbait kontatzen dizularik opari bat egiten dizula uste du Juan Gutiérrezek, baina ez dagoela inolaz ere hari opari hori sakakortxo batekin ateratzerik. Kontatu nahi ez dena kontatzen dena bezain garrantzitsua dela, alegia, eta zilegia izan litekeela batzuetan ez kontatzea. Edo zilegia ez bada, aurrera segitzeko derrigorrezkoa bai, behintzat. Zein da, ordea, ez esatetik gezurrera dagoen distantzia? Hauxe irakurri diogu berriki Jaime Rosales zuzendariari: «Ezkutatzen dena loratzear den gezurra da, oraindik ez da gezurra, baina sarri gezur bilakatzen da, eta gero gezur hori azaleratu egiten da, egia bihurtuz. Azaleratze horrek gertakari batzuk sorrarazten ditu. Oso fenomeno gizatiarra da; uste dugu ezkutatzeak babesten gaituela, edo ingurukoak babesten dituela, baina, gero, egiazki, ez da horrela izaten». Eztabaidarako ematen du gaiak.

Narratzailearen inplikazioa tarteko, Aitor Merinoren 'Asier eta biok' gogorazten du batzuetan. Xalotasunaren aldeko filma ere badelako, neurri batean, giza borondate onaren eta konfiantzaren aldeko apustua, traizio hi tza erlatibizatzen duena («Robertoren eta bion arteko enkontruak ez luke solemnea izan behar», dio Juanek, «hobe litzateke txango bat mendian; egon daitezela barreak ere»). Dokumentalaren hondo hondoan, galdera bat dago: Robertok hainbeste urtean Juanen eta bere familiaren adiskide papera jokatu al dezake, neurri batean paper hori sinetsi eta benetako adiskide bilakatu gabe? Stockholmgo sindrome bikoitz bat nozitu ote zuten batak zein besteak, elkarren gizatasunaren ispiluari so egitean?

«Dokumental batek sakontasun gehiago du hura egiten den bitartean sortu diren gatazkak islatzen asmatzen badu», dio Juan Gutiérrezek. Sakontasun kontraesankor horixe da, xume eta egiazki, film eder honek azaltzea lortzen duena.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Azalaren mudantza