Oihane Calvo Ugarte
Viernes, 24 de mayo 2024, 23:48
Juan Kruz Igerabide (Aduna, Gipuzkoa, 1956) euskal literaturan gailendu den idazle entzutetsu eta laudatuenetarikoa da. 68 urte dituela, obra zabala bezain anitza osatu du, bere izaera polifazetikoa agerian utziz. Haur eta Gazte Literaturako generoan, nagusiki –bai eleberrian eta kontakizunean, bai poesian– aritu da egile gipuzkoarra, baina helduentzako literatura idazten ere sarritan ibili da.
Publicidad
Aitzitik, 2023ko irailean, ordura arte ukitu gabe zuen autobiografiaren eremuan murgildu zen, 'Begi bat kokotean' (2023) izenburuko liburua argitaratuz. Argitalpen berri honen harira, liburua, generoa, estiloa, gertaerak, narrazioa… klasikoa izanik ere, berritzailea da, haur eta gazteei zuzendutako aurrenetako autobiografia baita, aurrenekoa ez esateagatik. Haurtzaroko oroitzapenetan barrena, ume baten begietatik kontatzen digu Igerabidek herri txiki bateko eguneroko bizitza gerraondoko garaietan; maitasuna, heriotza, adiskidetasuna, bihurrikeriak, gaixotasuna eta abar mintzagai izanez. Kontakizun pertsonal eta hunkigarri, baina era berean, sozial eta umoretsua ere baden, autobiografia honi buruz hitz egin dugu berarekin.
-Zerk bultzatu edo inspiratu zintuen bereziki haur eta gazteei zuzendutako autobiografia idaztera?
-Egia esan, Gustavo Puerta editore eta haur literaturako adituaren proposamena izan zen. Ikusten zituen nire lanetan eta elkarrizketetan zenbait pasarte autobiografiko, eta, antza denez, asko erakartzen zuten. Hortik abiatu zen kontua. Dena dela, idatzi dudan guztiak, haurrentzat idatzitako 'Begi-niniaren poemak' (1992) liburutik hasita, badu hondo biografiko bat, baita libururik fantastikoenak ere.
-Zein izan da haurtzaroko oroitzapenak publiko gazteari egokitzeko erronkarik handiena?
-Ahotsa topatzea, hori izan da erronkarik handiena. Haur baten begia da liburuan zehar atzeraka begira dagoena, baina heldu baten oroimenean kokatua dago, nire oroimenean, alegia. Horregatik, askotan, oso zaila egin zait haur horri dagokion ahotsari eustea.
-Zure ustez, 'Begi bat kokotean' (2023) autobiografiak nola eragin diezaioke gazteek Euskal Herriko –zehazki, zure eskualdeko– historiari eta gizarteari buruz duten ikuspegiari?
-Irakurle gazteekin orain arte izan ditudan harremanen arabera, gerraondoa gehienbat ipuin bat balitz bezala irakurtzen dute; askori exotikoa ere egiten zaie giroa. Gero, familiakoekin eta irakasleekin komentatzen dutenean, nahiko isildua izan den garai bat deskubritzen dute; baina gaurko umeentzat garai epiko bat bezalakoa da aitona-amonen garai hura. Bestalde, haur eta gazteek gaur egun bizi dituzten arazo asko topatuko dituzte liburuko gizartean, eta hain egoera desberdinean ere, haurrak oso antzekoak direla ohartuko dira.
Publicidad
-Zure haurtzaroko zein alderdi edo pasarte iruditzen zaizkizu garrantzitsuenak belaunaldi berriei transmititzeko?
-Alde batetik, historia, ahaztu behar ez dugun historia, oso modu intimoan kontatua, iradokizunen bidez; bestetik, eskola, erlijioa, eguneroko bizimodua…, bereziki gaur egungoarekin alderatzeko aukera izan dezaten; eta azkenik, bizitzako gertaeren mina edo zoriona, eta aldi berean abentura-kutsua, bizitzaren alde handia abentura hutsa baita.
-Zure aburuz, literatura autobiografikoa tresna eraginkorra izan daiteke belaunaldi gazteenak beren historia pertsonal eta kulturalarekin konektatzeko?
-Hala izan liteke; izan ere, garaiak alderatuz, gehiago balioesten da gaur egun daukaguna; eta, orobat, ikus dezakegu zenbat alde aberasgarri galdu ditugun ere, horietako asko gaur egungo egoerara moldaturik berreskura baitaitezke; besteak beste, naturarekiko harreman estuagoa.
Publicidad
-Noiz edo noiz atzera begiratzeko, iraganera begiratzeko, begi bat kokotean izatea beharrezkoa ikusten al duzu? Zertarako?
-Argi dago kokoteko begia memoriaren begia dela; memoriarik gabe, galduak gara; historiarik gabe, gure niak, banakakoak zein taldekakoak, ez du gorputzik. Memoriaren lan horretan, jakintza historikoak laguntzen digu, baina baita literaturak ere, jakina, literaturak memoriaren bizipen oso bereziak eta pertsonalak ekartzen baitizkigu, historiako liburuetan agertzen ez direnak, hain zuzen ere. Izan ere, memoria emozional-estetikorik gabe, makinizatu egiten gara.
-Autobiografia hau idazteko esperientziak nola eragin dizu zure bizitzari buruzko pertzepzioan? Eta zure idazle jardunbidean?
-Aitortu beharra dut ezusteko asko eman dizkidala autobiografia honek. Memoriaren mekanismoa ezagutzen nuen, eta ondorioz, banekien gauza batek beste bat ebokatuko zuela, aspaldian oroitzen ez nuena gogoratuz; baina praktikan jartzeak ezkutuan neuzkan alde eta pasarte asko azaleratu dizkit. Bestalde, jolasetik ere asko dago liburuan; alegia, memoriarekin historia zorrotz eta zehatza egin beharrean, jolastu egin dut oroitzapenekin. Nire idazle-jardunbidean bizitza pertsonala beti modu iradokitzailean eta metaforen bidez agertu izan dut; orain, zuzenean adierazteak erreparo pixka bat eman dit, eta oraindik ere ez naiz oso eroso sentitzen hainbeste biluztearekin. Hala ere, mundu honetan, ingurua ezagutzeaz aparte, norbere burua ezagutzea da erronkarik handiena. Autobiografiak pista batzuk ematen dizkio bakoitzari. Ez da dena, eta gainera, ez da dena kontatzen, oroimenak uzten ez duelako, edo idazlumak norabidea aldatzen duelako, baina niretzat, kontakizun honek introspekziorako aukera zabaldu dit.
Publicidad
-Genero autobiografikoa arakatzen jarraitzeko asmorik ba al duzu etorkizunean?
Editoreak eskatu dit haur protagonistaren hurrengo urteekin jarraitzeko, interes handia baitu seminarioko aldia ezagutzeko. Egia esateko, ez dakit, ez dut oso argi. Oraingoz apunte batzuk baditut, baina idazluma geldirik dago. Etorkizunean ikusiko da.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.