Gerra Zibileko gudariek eta milizianoek urteroko omenaldia jaso zuten Artxandan joan den domeka honetan. Aztarna monumentuaren inguruan hamaikatxo lagun bildu ziren asmo horrekin, norbanako soilak zein alderdi eta erakundeetako ordezkariak. Hamahirugarren aldiz egin da ekitaldia, Aterpe 1936 elkarteak antolatuta. Bertan esan zenez, jazarpenaren eta diktaduraren aurka borrokatu eta horiek jasan zituen belaunaldi osoari zor zaio oroitzapena. Horien adibidea bide-erakusle eta inspirazio delako, askatasunaren eta demokraziaren aldeko jarduna egunerokora eramatea ezinbesteko delako.

Publicidad

Ezin zuzenago dabiltza hori diotenak. Herriaren ordezkaritzaren aurkako altxamendua eta osteko guztia salatzea ez delako zauriak zabaltzea, horiek behar bezala ixteko ahalegina baizik. Oinarrizko baloreen aldeko aldarrikapenak beti dira beharrezkoak, gizarte zibilizatu gisa aurrera egiteko nahitaezkoak. Demokrazia eta giza eskubideen defentsa ez direlako berez lortutakoak. Askori zor zaizkie. Eta horietako hainbat eta hainbaten gorpuzkinak bide bazterretan daude oraindik. Hori ez da gizalegezkoa, ez dago horrelakorik ontzat eman dezakeen bizikidetzarako inolako parametrorik.

Horregatik dira hain garrantzitsuak Artxandakoaren moduko ekitaldiak. Ahanzturaren antidoto direlako, iraganarekin kitatu gabe ditugun zorrak gogora ekartzen dizkigulako. Gerra Zibilaren inguruko horiek ez dira aitona-amonen kontuak, duela 80 urte jazo zirenez besterik gabe historialarien esku utzi behar direnak. Ezin zuzenago gugan proiektatzen direlako, gure gizartearen kalitate demokratikoa neurtzeko ere balio dutelako.

Berradiskidetzea egunerokoan borobiltzeko ezin dira giza-maila eta politikoa nahastu. Lehenean, edonori dagokiolako pertsona legezko duintasuna. Hortik aurrera, ez dira pare jarri behar demokraziaren alde ekin ziona eta berori suntsitzeko legezko erakundeen aurka altxatutakoa. Azkenok era guztietako aitortza eta pribilegioak izan zituzten luzaroan; lehenek, zapalkuntza eta krudelkeria besterik ez. Hauen oinordekoak dira orain babes beharrean daudenak, oso oinarrizko urratsak egiteko. Euren aitona-amonak gizaki legez lurperatzeko, adibidez.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad