Urgente Grandes retenciones en la A-8 y el Txorierri, sentido Cantabria, por la avería de un camión
Mark Strand.
Territorios

Aterik gabeko poesia: Mark Strand

Nostalgiaren eta metafisikaren artean murgiltzen den poeta nagusia ezagutzeko aukera paregabea dugu Visor argitaletxeak atera duen argitalpen baliotsuari esker

Jon Kortazar

Sábado, 27 de julio 2024

Visor argitaletxeak bilduma berri bati eman dio hasiera. 'Atentado Celeste' izendatu dute. Horrela deitu zuen Oscar Hahn poeta txiletarrak Huidobroren lanari buruz idatzitako liburu bat. Lehenengo alea Wislawa Szymborska Nobel saridunaren Poesia osoari eskaini diote, eta bigarrena Mark Strand (1934-2014) poeta estatubatuar handiari.

Publicidad

Hooper pintorearen bakartasuna

Mark Stranden poesiari buruz hitz egiten hasten garenean, bat-batean dator ideia bat burura zein idazmakinara. Beharbada leku arruntegia da Hooperren margolanak aipatzea bere obrari buruz ari garenean. Mark Strand margolaria izan zen, eta bere esperientzia artistikoak bere hitz ederren azpian hartzen du arnasa. Nork ez du gogoan Hooperren pertsonaiak bakar-bakarrak bere margolanetan? Horrelaxe ageri da Mark Stranden obran ageri den pertsonaia nagusia, galdua balitz munduan, edo okerragoa dena, denboran.

Geldirik da pertsona eta bere mugak baditu eta garbi ikusten ditu. Muga da, bakartasunarekin batera, poesia hori izendatzeko bigarren hi-tza. Poetak ageri duen pertsona muga batean dago beti: izan zen pertsona gogoan du, baina izan zitekeena ez du ahaztu nahi, eta muga existentzial horretan bizi da eta hori azaldu du poetak. Argia eta lainoaren aretan bizi da bere kontzientzia. Horrela iragana eta etorkizuna etengabe lotzen dira egilearen begiradan: «Ezagutu genuen mundutik haratago, gure irudimenetik haratago, zerbait edukitzeko desioan».

Ezin esanekoaren sotiltasuna

Strandek munduan dagoen baina beste zerbait irudikatzen duen pertsona bat erakusten du, errepresentazio metafisiko bat, nostalgiaz eta harriduraz begiratzen duen errealitate batean duen lekua ulertzen laguntzen duena. Hizkuntza laua da, erraza dirudiena, baina eguneroko argi baten eta mundu garden baten kontzientzia azaltzen duen esaldien arteko kontrastearen garapenean islatutako bizitzari buruzko erreferentzia konplexu eta sotilen sare bat garatzen du.

Mark Straden poesia zer den dastatzeko ikus dezagun adibide bat. Gaia egunerokoa da. Poetak jango duen haragi egosia. Ez da beste munduko ezer. Haragia jaten ari da. Lehen zirkuluan errealitatea xumea dago: «Haragi egosiari begira natzaio,/ zatitutakoari eta nire platerean/ jarritakoari». Eta horrek oroimena piztu dio eta amaren sukaldaritza ekarri dio gogora, eta horrela bete du bigarren zirkulua: «Gogora dator/ hau bezalako gisatu bat/ dastatu nuen lehen aldian […] ama platerera hurbildu zitzaidan/ eta bete egin zuen». Egunerokotasunaren gaiena joandako nostalgia sortu da, bana Mark Stranden maisu eskuak badu hirugarren zikloa gordea poema bukatzeko ordurako: «Oroimenaren haragia da./ Aldaezinaren haragia». Oroimena bera ere beste izaera maila batera eraman du eta egunerokoa haratago bidali du, esperientzia munduaren ikuskera bihurtuz.

Publicidad

Horixe da Mark Stranden jokabidea. Elementu nimiñoak hartu eta metafisikaren gako bihurtu, bizitzaren gale nagusi gisa irauli eta irakurlea bizitzaren galderen mugetan utzi.

Argitalpen hau eta Strand gurean

Edizio elebiduna da aipatzen dugun hau eta Nicole Brezinek eta Martin Lopez-Vegak itzulpen miresgarria eskaini dute. Poetaren lanaren errespetuzko aukeraketa bat eman digute, autorearen 11 liburuetarako hurbilketa bat jasotzen duena. Gainera, Mark Stranden poesiaren ezaugarriak nabarmentzen dituen sarrera gogoangarria sinatu dute.

Gure hizkuntzan ez da Stranden poesia gozatzeko aukera handirik. Kirmen Uribek ekarri zuen gurera 'Aitaren eresia' deituriko poema. Zabalagoa da Paulo Kortazarrek eta Karlos del Olmok eman ziguten aukera. Sarrera argi baten ondoren antologia txikia baina fina eskaini ziguten bederatzi poema itzuliz, Mark Stranden ahots sakona gozatzeko aukera emanez 'Senez' aldizkarian.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad