Tuperrak
Aster Navas
Lunes, 27 de enero 2025, 09:34
Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Aster Navas
Lunes, 27 de enero 2025, 09:34
Susmo hori aspalditik -Errege Magoek ez zidaten inoiz Scalextric-a ekarri- buruan nerabilen, baina gaur, pasa diren jaietako tuper bat mikrouhin-labean jiraka zebilarik, erabat jabetu naiz Gabonetan bizi izan genuen guztia muntai hutsa izan zela. Ez, ez dut inorekin komentatu, baina seigarren zentzu batek -deitu mesfidati- esaten dit ospakizun horien asmoa, helburua, ez zela gu zoriontsuak egitea izan; argi eta zarata xahutze horrek -jakin badakit ez didatela sinetsiko- ez zuela gure ongizate emozionala lortu nahi izan, baizik eta irabazi handiagoko zerbait.
Heldu naiz ziurtasun horretara hain zuzen ere Kongresuan, Los Angelesen edo Zisjordanian egiaztatzen ari garen egun hauetan: denak, azken digitua izan ezik, berdin jarraitzen duela. Dagoeneko dohatasunaren eszenatokia deseginda, inoiz baino ageriago geratzen da harri-kartoia, antzezlan horretako tramoia; bereziki, balioa eta prezioa nahasi ditugun merkealdi azken egun hauetan, eta cool zena magikoki outlet bihurtu denean; esklusiboa zirudiena saldo, erretal bilakatu denean; plater nagusia, soberakin, tuper. Izan ere, agian 'tuper' terminoa 'motxila' hitza baino egokiagoa da. Motxilak utzi beharko genituzke -'Dani Olmo, la mochila del Barça', «Osakidetzaren motxilek bere eraginkortasuna hipotekatzen dute» eta hemendik aurrera tupertik tira egin, tuper behin betiko metafora bezala normalizatu beharko genuke; tuperraz baliatu beharko genuke mendekotasun psikologikoa edo emozionala bataiatzeko. Motxila, azken finean, bizkarrean zintzilikatzen, leporatzen duzu, eta aurrera, baina tuperrarena beste gauza da...
Tupertik ez da hain erraz ateratzen. Tabakotik irtetzea baino zailagoa da. Hari begira ibili behar dugu eta eskuak lotzen dizkigu; hozkailua eta izozkailua baldintzatzen dizkigu. Gurasoen etxera itzultzera, amaginarreba bisitatzera behartzen gaitu. Horretaz gain hutsik ere oso ezerosoa da: ez dago era arrazional eta eraginkorrean antolatzeko sistemarik; bat ateratzean, denak erortzen dira. Hor dago, 2025a: 2024ko daraman tuperraz ez dakigu -eta ia otsailean gaude- hegaldia altxatzeko gauza izango den: gerrek eta haien biktimek pisu handia dute; populismoek, Sudanek... Gainera, Inperioak berriro handi egitea amesten du, eta Inperioak eta Kekius Maximusek handitzat hartzen dutena gure mundua txikiago egiten du. Agian errimak salbatuko gaitu; bostak, cinco_k beti izan zuen errima erraza, zakarra, lotsagabea, datorkigun distopia eramaten lagun diezagukeena. Jakina, ezin dugu erabat errimen logikan esperantza osoa jarri. Hor dago esate baterako Mazón (El Ventorro jatetxetik tuper ederra ekarri zuena, portzierto): bere abizenak irain batzuekin ezezik, «dimisión» hitzarekin ere ederto errimatzen duena. Baina kasurik ere; agian lirikarako garai txarrak direlako. Valenciak ezinbestean errimatzen du, behin eta berriz, pazientziarekin. Lokatz-tuperra…
Zaila da berriro hutsetik hastea, orriz aldatzea, erregistroz aldatzea, tuper guztiak leihotik botatzea. Hugh Grantek, 'Heretic' bere azken filmean ezagutezin dagoena, eta Daniel Craigek 'Queer'en, 007 agentearengandik ezer geratzen ez zaion zinta estreinatu berrian bai lortu dutela.
Errealitatea, ordea, egoskorragoa da fikzioa baino. Feijook beti eramango du Marcial Doradoren tuperra, Estatuko Fiskal Nagusiak mobil berriarena; Sánchezek Juntsena. Guk guztiok jatorri eta tamaina desberdinetako tuperrak -traumak, eskarmentuak, konplexuak…- kargatzen ditugu. Nik, adibidez, Scalextricarena; baita Cinexinarena ere.
En fin.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
A la venta los vuelos de Santander a Ibiza, que aumentan este verano
El Diario Montañés
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.