

Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Noizean behin gure bizitzan ordena pixka bat jartzeko gogoa sentitzen dugu, baina berehala konturatzen gara trasteleku hori antolatzea ezinezko lana dela; gogoeta baino gehiago desira garela, eta ez bihotzak, ez oroimenak ez digutela obeditzen. Ez dakigula zergatik gustatzen edo hunkitzen gaituzten garrantzirik ez duten zenbait gauza, ez eta zergatik, inolako garrantzirik ez duten uneak eta irudiak, disko gogorrean gordetzen ditugun. Konprenitzen dugu hautespen hori ez dagokiola ezein irizpide edo algoritmori, guztiz kaotikoa dela baizik. Dutxan Sabinaren kantak abestea gustatzen zait, enbalaje-plastikoen burbuilak plast egitea; liburu batzuen eta jantziren baten ukimena; bizikletak, katu batzuk eta ia txakur guztiak; kaleko iturrietatik muturretik edatea.
Gogoan ditut amaren zapata takoidun urdinak, auzoa zeharkatzen zuen trenbide bat eta Don Serafín maisuaren bibotea. Gogoan dut nire lehenengo kotxea; baita Simca 1200 hartan entzuten nituen garai hartako abesti batzuk ere…; casettetan grabaturik.
Nahaspiloa ere kanpoan dago. Hona hemen gaur paseoan nenbilela entzundako esaldi solteen zorizko inbentarioa: 'Nahiago dut Oporto Lisboa baino', 'Urologoak animo handiak eman dizkit' eta 'el día menos pensado'.
Jana, 'La Promesa' telesaioko protagonista hil zaigu. First Dates-en bigarren hitzorduaren ondoren, publizitate minutu batzuk daude. Cuatrok, bazar katodiko horren barruan auto hibrido bat, mobil bat, krema hidratatzailea, ur minerala, garagardoa, hozkailu bat eta Mediterraneoa sartu ditu. Gainera, Mutuara joateko hirutan gomendatu dit; hiru arrazoi desberdinengatik.
Hiztegiko sailkapen zehatzean kontsolamendu bila joan naiz baina, nire harridurarako, anabas gehiago topatu dut: orrialde berberan badaude lehoia, lehiakidea, leiara eta -akabo…- leitmotiv. Beste batean behia, behaketa, beharbada eta behorra… Hirugarrenean ezpaina, ezpata eta ezpia. Laugarrenean armistizio, armiarma eta armonia…
Zenbakiak besterik ez zaizkit geratzen. Zifrak, printzipioz, datu objektiboak dira; kaosa antolatzeko modu bat. Hor daude, adibidez, ehunekoak eta beraietan oinarritzen diren grafikoak, errealitatearen panorama objektiboa ematen diguten irudiak; bertsio bakar eta eztabaidaezina.
Baina hara non zenbakiak ere perbertitu egin ditugu, eta are nahasmendu handiagoan sartu naute:
Trumpek ezarritako muga-zergen portzentaiek ez dute, adibidez, inolako logikarik: hutsik dauden uhartetako pinguinoek ere ordaindu beharko dutelako.
Europako herrialde bakoitzak, gainerakoekin inolako koordinaziorik gabe, egingo duen gastu militarraren xede bakarra BPGren %2ra iristea da: misilak soberan izango ditugu eta tankeak faltan; edo alderantziz.
Zenbakiak trikimailu moduan erabiltzen ditugu; digituak tranpatzen ditugu edo buelta ematen diegu galtzerdi bati bezala: esan dezakegu, esate baterako, DBHko ikasleen %13,2k bakarrik uzten dituela ikasketak edo ikasleen %10ek baino gehiagok ez duela DBHko titulua lortzen; edo nerabeen %90 inguru graduatzen dela.
Zifrak ere, behar izanez gero, ukatu ditzakegu eta, naturaltasun osoz, ziurta dezakegu pandemian, abandonatuta eta itota, hil ziren adinduak ez zirela, une kaotiko hartan, zenbatu genituen 7291ak izan, baizik eta, 4100 besterik ez…
En fin.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
El humilde y olvidado Barrio España: «Somos como un pueblecito dentro de Valladolid»
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Silvia Cantera, David Olabarri y Gabriel Cuesta
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.