Euzkadi Buru Batzarreko lehendakari Andoni Ortuzarrek ezin argiago adierazi zuen Alderdi Egunean. Jeltzaleei «pazientzia amaitzen» ari zaie, Sánchezek ez dituelako betetzen Euskadirekin hartutako konpromisoak, batik bat gauzatu gabeko transferentziak eta aurrekontuekin lotutako akordioak. Zeregin horri «berehala» ekin diezaion eskatu zion EAJko buruak agintari sozialistari, eta ... Gernikako Estatutua bere 'letra eta izpiritua' errespetatuta behingoz osatzeko ordua dela gaineratu zuen. Beste aldearen erantzuna Isabel Celaá bozeramailearen ahotik heldu zen hurrengo egunean. «Biktimistatzat» jo zuen Ortuzarren jarrera eta «EAJk eta Eusko Jaurlaritzak eskatzen dituzten 37 transferentziak lau hilabetetan ez» direla mamitzen erantsi zion tinko aurrekoari.
Publicidad
Biharamunean Ortuzarrek hartu zuen hitza Radio Euskadin eta «minduta eta haserre» agertu zen Espainiako exekutiboaren jarrerarekin. Hala, gaur egun Pedro Sánchez Moncloan egon dadin erabakigarri izan zirela gogorarazi zion Celaári, eta jeltzaleen eta PSE-EEren arteko gobernu-programan jasota dagoela transferentzien egutegia negoziatzea —Gizarte Segurantzari eta espetxeei buruzkoa bereziki—. Horrez gain, nabarmendu zuen Eusko Legebiltzarrak argi utzi duela zer falta den Estatutua guztiz osatzeko eta sei hilabeteko epean transferentzietako batzuk gauzatzeko galdegin duela.
Eta zuzen dabil Ortuzar, duela ia berrogei urte onartutako lege organikoa ez betetzeko aitzakiarik ez dagoelako dagoeneko. Inoiz ez da egon. Legea bete beharra aldi oro nabarmentzen dutenak izan dira kasuon behin eta berriz hitzartutakoa urratzen ibilitakoak, bai PSOE zein PP. Gernikako Estatutua ezin da zatitu, negoziatu edo norbere komenientzien arabera bete. Arduragabe jokatu dute horretan Espainiako bata bestearen atzeko gobernuek, bi aldeen arteko mesfidantza politikoa elikatuta. Hala, ezinezkoa izango da aurrera begirako estatusik negoziatzea eta adostea berori betearazteko berme-sistemarik gabe.
Euskadi eta Kataluniako abertzaleen sostengua ezinbesteko izan zitzaion Sánchezi Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioa irabazi eta Gobernuko presidente izateko. Aurreko aroa amaituta zegoen usteak bultzatu zuen babes horretara EAJ, ez buruzagi sozialistaren balizko dohainen zerrendak. Orduko hartan, Katalunian bestelako giroa ahalbidetzeko konpromisoa hartu zuen PSOEko liderrak; eta Euskadin, bertoko norabide politikoa aitortuta, transferentziak bururaino eramatekoa eta lehenago aurrekontuen negoziazioan jeltzaleek Rajoyrekin adostutakoa zehatz betetzekoa. Lau hilabete eta gero, geroko gerotan geratu da guzti hori. Baina hona begirakoan Sánchezek ezin dio leialtasun faltarik, lege urraketarik edo elkarrizketarako prestutasun beharrik inori leporatu. Ondorioz, borondate edo ausardia politiko falta da konpromisook ez betetzeko arrazoi bakarra; biziraute hutsean dagoen Gobernuak, errentagarri izango ez zaiolako edo, zenbait arazo potolori epe laburrean aurre ez egiteko hartutako erabakia. Bere ahultasunak zeharo baldintzatuta dauka Sánchezen exekutiboaren jarduna. Ehun egunetan bi ministrok dimisioa eman behar izanak hori sakondu baino ez du egin. Neurri sozialak iragartzen sentitzen da erosoen, baina lurralde egiturari dagozkionetan ez doa hitz gozoez harago. Azken arlo honetan arazoak larriak dira; aurrera begirako desafioak, itzelak —baita Euskadin ere—; baina ez dago estrategia zehatzik ez egutegirik, ez dago proposamen landu eta egingarririk. Eta PPren, Ciudadanosen eta PSOE barruko sektore indartsu baten asmo neozentralistek ez dute horretan lagunduko.
Zorionez jada ez dago ETArik, eta Urkullu lehendakaria elkarrizketaren eta elkar ulertzearen aldekoen arteko aldekoena da. Inork ezin du alde horretatik oztoporik dagoenik esan. Eta hala eta guztiz ere paralisia nabarmena da, bai egungo autogobernua bururaino edukiz betetzeko zein estatus berriari begirako negoziazioan urratsak egiteko. Egungo PP Rajoyrena baino are setati eta mugiezinagoa da, Casadok Aznarren ildora eraman baitu bere alderdia. Ciudadanosek, aldiz, homogeneotasuna du helburu, gutxiengo nazionalen berezitasunei eta eskaerei aurre egitea. Sozialistek eta Podemosek orain dute aukera bestelako eredua dutela erakusteko, lurralde egitura lekuan lekuko errealitate politikoetara egokitzeko gogoz daudela frogatzeko. Orain arte, hitz asko baina urratsik ez.
Publicidad
Ulertzekoak dira, beraz, Andoni Ortuzarren haserrea eta ohartarazpena. Euskadik adostasunaren bidetik jo gura duelako, eta konpromisoak betetzearenetik. Baina beste aldean ez duelako solaskide fidagarririk aurkitzen, erronka handienei aurre egiteko adina borondate eta adore politiko duenik. Pedro Sánchezen gobernua ezin da egunerokoaren kudeaketara mugatu, trantsizio hutsekoa izan, oihartzun handiko zenbait neurri sozialekin konformatu. Lurralde egiturarena lehen mailako arazoa delako, eta Eusko Jaurlaritzak zein bertoko eragile politikoek helarazia diotelako berba egiteko eta hitzartzeko asmoa.
Gernikako Estatutua 39 urte eta gero guztiz bete gabe egotea ez da interpretazio kontua, berorretan jasotako zenbait ez onartzearen ondorioa baizik. Legea da, baina, 1979an euskal herritarrek erreferendum batean espreski onetsitakoa. Hala, transferentzia guztiak ez gauzatzea ezin larriagoa da, legeari eta gizarte oso baten borondateari muzin egitea. Horretan dabiltzanek jakingo dute zein ardura hartzen duten euren gain. Gatazkazko agertokiak ukaziotik, lepoa ematetik eta hitza irenstetik elikatzen dira. Pazientzia ez delako betiko, eta elkarrizketa ezin delako deus ez egiteko amua izan.
Publicidad
Euskadiri begirako politika fin zehaztua behar du Pedro Sánchezek. Gauzatu gabe dauden transferentziak ahalbidetu, zentsura mozioarekin lotutako konpromisoak bete eta etorkizuneko bizikidetza eredua lantzeko ekarpen ausartak egin, aurrerapauso izango direnak, egungoan sakontzekoak. Keinuek eta adierazpen atseginek ez dute jada balio. Zerbait gehiago eskatu behar zaio Rajoyrenekiko bestelako politikak aldarrikatzen dituenari, nazio izaerako erkidegoen nortasuna eta autogobernua babestu eta bultzatu nahi dituela dioenari. Ezer ez egiteak ez darama inora, irudia lantze hutsak ere ez. Aspaldiko zorrak kitatzeko ordua da, eta jauzi berriak elkarrekin egitekoa.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.