Guztiok maite dugu askatasuna. Pentsalarien artean funtsezko ideia hori Karl Marxek berak modu deigarrian adierazi zuen esanez inork ez duela askatasuna borrokatzen, gehienez besteen askatasuna borrokatzen dela. Baina askatasunaz hitz egiterakoan ohartzen gara une historiko bakoitzak moldatzen duela askatasunaz eman daitekeen ideia orokorra. Esate baterako, Jean Paul Sartrek 1948an 'L'existentialisme est un humanisme' (Existentzialismoa humanismo bat da) argitaratu zuen. Autoreak oihartzun handia izan zuen idazki horretan. Sartrek eguneroko adibideak erabiltzen ditu liburuan existentzialismoaren ikuspuntutik askatasuna zer den argitzeko.
Publicidad
Sartreren filosofiak Descartesen abiapuntu bera zuen, 'cogito' deituriko oinarrizko lehen hausnarketa. Baina Sartrek uste zuen Descartesen lehen intuizio hori eskasa zela. Sartrerentzat lehen pentsamendu horretan gutaz dugun ziurtasunaz gain bestearen presentzia ukaezina azaltzen zaigu. Nitaz pentsatzen dudanean ukaezina bilakatzen zait nire gogoetan besteak aintzat hartzea.
Gaur egungo ikuspuntutik, agian Sartreren ideia horrek idealismo kutsua du. Bestearen presentzia ukaezina bilakatzen zaidala baino gehiago, bilakatu beharko litzaidakeela esango genuke. Baina Sartrerentzat pentsamendu filosofikoak indar eraldatzaile hori izan behar zuen. Zergatik? Arrazoi historikoengatik. Idazki ezagun horretan existentzialismoaren defentsa egiten duenean, Sartrek Bigarren Mundu Gerran gertatutako tragediak ditu buruan. Nazien okupazioak frantziar herritar asko hautaketa moralak egitera behartu zituen: kolaboratu, erresistitu, justifikatu… Hautaketa horiek Sartreren testuaren bitarteetan zehar azaleratzen dira. Heroiaren izerdia, salatzailearen ahotsa eta amaren bihotza, guztiak sentitu ditzakegu argudio filosofikoen txirikordan.
Existentzialismoak askatasuna eta erantzukizuna lotzen zituen arren, badirudi modernitate berantiarrak askatasunaren bizipenak eraldatu egin dituela. Naturaren suntsiketa, super-populazioa, ustelkeria eta beste zenbait fenomenok askatasunaz dugun esperientzia birmoldatu dute. Erronka hauei erantzuteko Otfried Höffek 2015ean 'Kritik der Freiheit' (Askatasunaren kritika) liburua argitaratu zuen. Liburu horretan Höffek ikuspegi historikoan aztertzen du askatasuna. Berarentzat, askatasunak garatu duen bidea ez da zuzena eta akatsik gabekoa.
Azken hiru mendeetan zehar hiru mugimendu ikusten ditu alemaniar filosofoak. Lehen mugimenduan askatasunak bide berriak irekitzen ditu. Horren irudi plastikoa Delacroixek pintatu zuen 'Askatasuna herria gidatzen' koadroa litzateke. Bigarren mugimenduan, askatasunaren hedapenak dakartzan nahi gabeko ondorioak azaltzen dira: arriskuen gizartea, askatasunaren izenean egindako gerrak eta abar. Hirugarren mugimenduan, askatasunak bere burua berresten du, baina modu xumeago batean. Höfferen ideiak lau oinarrizko gizartezko posizioekin (kolektibismoa, errepublikanismoa, liberalismoa eta atomismoa) alderatzen baditugu, esan dezakegu liberalismo klasikoaren eta errepublikanismoaren tartean koka daitezkeela.
Publicidad
Hala ere, Höffek ez ditu kontuan hartzen modernitate berantiarrean garatu diren fenomeno esanguratsu batzuk. Fenomeno hauek askatasunaren eta munduaren egoeraren arteko harremana azpimarratzen dute eta egungo egoera deskribatzeko beharrezkoak bilakatu dira. Hauen artean hiru fenomeno nagusi aipatuko ditugu: delegazio etikoa, jokoaren moralitatea eta nihilismoaren ondorioak.
Modernitatearen ezaugarrietako bat da moralitatea eta zuzenbidea eremu autonomoak bilakatzen direla. Baieztapen hori Max Weberri dagokio. Bi eremu horiei, hezkuntza gehitu diezaiokegu. Modernitatearen aro berantiarrak, hipermodernitatea deiturikoak, askatasunarekin zerikusia duten arloen autonomiarako joera erradikalizatu egin du. Horren adierazgarria da erakundeetan eta egituretan jartzen dela gizartezko ordenaren antolakuntza. Norbanakoaren betebehar nagusia, aldiz, behin-behineko gogobetetzea bilakatzen da. Prozesu horren bitartez norbanakoak duen besteekiko konpromisoaren zama arindu edo desagertu egiten da. Egoera horretan, heriotzari erantsitako irudiak ia desagertu egiten dira gizartearen imajinaziozko egituratik. Memoriak indarra galtzen du eta bat-bateko emozioek betetzen dute gizartearen lehentasunezko zentroa.
Publicidad
Joera horrekin zerikusia du aipatu dugun bigarren ezaugarriak, joko-etikaren hedapenak. Friedrich Schillerrek bere gutunetan azaldu zuen gizakiak bi joera kontrajarriak dituela. Alde batetik, naturarekiko joerak instintuen erabateko asetzea eskatzen du: gosea zein sexua ase behar dira. Horren joera kontrajarria arautzailea da eta instintuekiko loturak gainditzen saiatzen da. Schillerren ustez, joera bi hauek gizakia zatitzen dute eta zatiketa hori bateratu dezakeen elementu bakarra jokoa da. Alde batetik, jokoak arauen zorroztasuna samurtzen du, eta bestetik, instintuen inertzia saihesten du. Modernitate berantiarrak badu hirugarren ezaugarri indartsua, nihilismoa alegia. Krisialdietan une historikoak indarrez gizartezko jokoa geldiarazten duenean, etorkizunarekiko zalantzak eta kezkak sorrarazten ditu.
Mundua hertsitzen denean normaltasunak kutsu patologiko bat har dezake eta jokalari antsikabeak 'joker' bilakatu daitezke. BIFO Berardik erakutsi du jokerra modernitate berantiarraren produktua dela, mundu hertsi batek sorrarazten duen huts egindako transzendentzia. Höfferrek bere liburuan gogorarazten du Kanten ideia pedagogikoen artean garrantzitsua dela honako hau: hezkuntzak ez duela helburutzat izan behar soilik norbere interesa ezta soilik gizartearen antolakuntzaren interesa ere, baizik eta gizakiok dugun elkarrekiko baldintza.
Publicidad
Krisialdietan, gizarteak beren itxaropenak lortzeko gai ez direnean, nihilismoa indartsu barreiatzen da. Orduan gogoratu behar da hezkuntzaren askatasunezko balioa; hezkuntza ez dela sistemaren neskamea baizik eta norbanako bakoitzak bularrean daraman hazia garatzeko bidea. Hazi hori garatzen ez denean sortzen dira sistemaren azpiproduktuak, nihilismoaren jokalari okerrak.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.