Gure gaurko protagonistak, Asier Villalibrek (Gernika, 1997), ehun partida bete berri ditu Athleticeko elastikoarekin. UD Alziraren aurka hautsi zuen marka polit hori duela aste batzuk, eta, ospakizun guztietan gertatzen den bezala, honetan ere bere ibilbideko une magiko bat etorri zitzaigun burura, hots, iaz Bartzelonaren aurkako ... Superkopako final magikoaren azken minutuan bina berdindu zuenean, lehia luzapenera eramanez. Agian, Aritz Adurizen dortsal berezia oinordetzan hartu izanak zortea eman zion, nork daki, baina Iñaki Williamsek ez zuen aukera galdu, eta, gol eder bati esker, zuri-gorriok titulua irabazi genuen.
Final horren ostean egin bezala, 'Bufaloa' festaz festa ikusi dugu tronpeta jotzen azken urteetan. Egia da denboraldi honetan ez duela aukera askorik izan futbol zelaietan eta titular gisa gutxi jokatu duela. Hala ere, eserlekuetatik altxatu gintuena bezalako golak berriro sartzen ikustea espero dugu.
Irailean 25 urte bete zituen manga komiki zale amorratu honek bere gurasoen etxean beti gaztelaniaz mintzatu dela esan digu. «Lana zela eta, Jaen eta Leondik etorri ziren duela urte asko, eta, nahiz eta ahaleginak egin dituzten, ez dute inoiz euskara behar bezala menperatu», dio. Hala ere, Euskaraldiaren hirugarren edizioa amaitzeko egun gutxi falta direnean, bere buruak euskaraz funtzionatzen duela aitortu digu, «erdaraz gehiago kostatzen» zaiolako. Gernikako bizkaieraz hitz egiten du.
-Inork ez luke esango euskara etxetik kanpo ikasi duzunik...
-Gernikan euskara asko arnasten da. Allende Salazar eskola publikoan egin nituen ikasketak eta esan dezaket han ikasi nuela, klaseetan, lagunekin... Futbolean ere bai, noski. Ulertzen dut arraroa dela etxean euskaraz ez hitz egitea, eta hain ondo menperatzea, baina Gernikan bizi izana da klabea. Herri txikia denez, hizkuntza gehiago mantentzen da, eta horrek asko laguntzen du.
-Orduan, zure gurasoek ez dakite ezer?
-Egia da hainbeste urtez hemen egonda, ulertzen dutela, baina hitz egiteko momentuan zailtasun gehiago dituzte.
-Eta hori aldatzeko edo hobetzeko balio al dute Euskaraldia bezalako ekimenek?
-Oso garrantzitsuak dira. Jende askok esango du hamabostaldi honetan ez ezik, urte osoan ere egin behar dela euskaraz. Hala ere, egun hauetako indarrak erakusten digu hizkuntza ondo menperatzeko egunerokoan erabili behar dugula, eta Bilbo bezalako hirigune handietan, taberna eta denda askotan euskaraz dakitela ikusten duzu, baina ez daude eroso... Nire ustez, ariketa sozial honi esker, jendeak gogoak indartzen ditu, nahiz eta euskara ondo ez menperatu. Uste dut horrek euskara mugiarazten duela eta oso ona da.
-Parte hartu duzu?
-Bai, ahobizi naiz, eta txapa jantzi dut, noski.
- Athleticen euskaraz egiten duzue?
-Iñigo Martinezekin, Mikel Balenziagarekin, Yuri Berchicherekin, Oier Zarragarekin, Dani Garcíarekin... beti euskaraz. Normalean euskaraz berba egiten dut ondo menperatzen dutenekin. Eta, gero, Lezaman asko entzuten da, aldageletatik fisio eta tekniko askok naturaltasunez erabiltzen baitute. Baina, azkenean, ohitura kontu bat da: zuk erdaraz egiten duzun horrekin euskarara aldatzea arraroa izaten da, eta alderantziz berdin gertatzen zaigu. Agian, 15 egun euskaraz hitz egiten iraun ostean, euskaraz jarraituko dugu.
-Ba al dago euskara sustatzeko planik Athleticen?
-Bai. Euskaraldia hasi baino aste batzuk lehenago hitzaldi bat izan genuen non ekimenaren nondik norakoak gogorarazi zizkiguten. Bai&by enpresako arduradun batzuekin bildu ginen eta euskara ikasteko klaseak eta ikastaroak eskaini zizkiguten. Euskarari indarra emateko gero eta proiektu gehiago ari dira sartzen taldean, izan ere, zuk euskaraz txikitatik ez duzunean egiten, lotsa gehiago ematen dizu ez menperatzeak, normala da. Orduan, horrelako klaseak edo irakasle batzuk zurekin egoteak konfiantza hartzeko balio dute. Azkenean, dena da hastea, egitea, eta, horrela, konfiantza hartzen zoaz.
-Taldean gertatutako anekdotaren bat kontatu ahal didazu euskararekin lotuta?
-Beti euskaraz hitz egiten dugunak alde batera utzita, erdaraz egiten dugunekin hainbat partidutan bai erabiltzen dugula euskara aurkariak despistatzeko, 'lehenengora noa edo bigarrenera' bezalako esaldiekin. Azkenean denok ezagutzen ditugu gauza erraz horiek. Ez da abantaila garbia ere, baina eurek nahaseko balio du. Azken batean, ez dakite zehazki nora zoazen.
Elektrotxaranga
-Hitz egidazu tronpeta famatuaz.
-Niri musika beti gustatu zait. Txikitan txistua jotzen nuen Gernikako musika eskolan, baina Athleticen sartu nintzenean, entrenamendu eta klaseekin denborarik ez nuenez, utzi egin behar izan nuen. Kontua da duela urte batzuk nire lagunik onena elektrotxaranga batera sartu zela, eta hura ikustean, asko gustatu zitzaidala estilo hori: kalez kale, musika mota... Pandemia hasi baino pixka bat lehenago talde horretan jotzen zuen tronpetistarekin klaseak ematen hasi nintzen. Gogo askorekin hartu nuen eta asko entseatzen dut, baina orain modu autodidaktikoan. Jai batzuetan arratsaldeko seietatik bederatzietara jotzen ibiltzen gara. Giro handirik ez dagoen ordu horiek apur bat berotzea gustatzen zaigu, eta asko disfutatzen dugu.
-Eta Orsai musika taldea?
-Tronpetarekin entseatzen hasi berritan, Orsairen ideia sortu zen, orain dela 3-4 urteko denboraldiaurrean. Gimnasioan zeudela, Dani, Leku, Demar (Óscar De Marcos), Balen (Mikel Balenziaga) eta Vesga hasi ziren tontoarena egiten abesti bat jotzen ari balira bezala. 'Imagina ezazue ni bateria jotzen...', esan zuen Danik, eta berotu egin ziren: 'Egingo dugu talde bat?'. Nik komentatu nien tronpeta nahi nuela jo, eta, nahiz eta ondo ez egin, prest nengoela abesteko. Azkena izan nintzen taldean sartzen, baina, hortik aurrera, astean bi orduz entseatzen dugu irakasle batekin.
-Entzun dut manga ere asko gustatzen zaizula.
-Nik uste dut Euskal Telebistako marrazki bizidunetatik datorkidala afizio hori. Azken batean, txikitan guztiak ikusten nituen eskolara joan baino lehen: 'One Piece', 'Dragoi Bola', 'Doraemon', 'Shin Chan'... 'One Piece' mangaren zale amorratua naiz: 'Galleta, galleta, metraieta' (kar, kar), asko gustatzen zitzaizkidan. Urte asko eta gero, lagunok oroitu ginen marrazki horietaz, eta berriro ikusten hastea erabaki nuen. Eta euskarara itzulita daudenekin amaitzean, japonieraz ikusten hasi nintzen gaztelaniazko azpitituluekin.
-Japonieraz?
-Ez pentsa japoniera dakidanik! (kar, kar) Baina gehiago gustatzen zait euren hitz egiteko modua, gaztelaniazko bikoizketa baino. Egia da euskaratzea gastu handia dela, ez baitago zuzenduta horrenbeste jenderi. Orduan, horrelako anime eta manga telesailak normalean gaztelaniara itzultzen dituzte eta hor amaitzen dira.