Borrar
Urgente Un incendio en un bloque de viviendas desata la alarma en Basauri
Jean Philippe Postel, 'El affaire arnolfini. Investigación de un cuadro de Van Eyck' liburuaren egilea. Twitter
Arteari buruzko liburu bi

Arteari buruzko liburu bi

Margo bitan gordeak diren misterioak argitzen

Jon Kortazar

Domingo, 17 de septiembre 2023

Literatura baino ez dudala irakurtzen uste duen adiskideak galdetu zidan aurreko baten zer ari nintzen irakurtzen. Eta arteari buruzko liburu bi irakurri berri nituela esan nionean, harridura aurpegia erakutsi eta: 'Nola horrela? Zer dela eta?' galdera parea bidali zidan.

Argitu nion askotan ez bada, behin baino gehiagotan, ona dela esparrua aldatzea eta beti literaturaz ez aritzea, bestela nekadura eta asperdura neba-arreba bikiak agiri direla eta irakurketaren kaltetan izan ohi dela.

Baina adiskideari argitu nion moduan, liburu bion gaia ez da zuzen zuzenean artea, baizik eta misterio baten argiketa, ikerketa bat aurrera eramatea, eta badute ikerketa poliziakoekin, nobela beltzekin, loturaren bat. Beti dut gogoan Joaquin Gorrotxategi irakasle eta adiskideak Iruña-Veleiako ostraketan ageri zien irudiak eta idaztiak faltsuak zirela froga-tzeko egindako lana. Benetan detektibe lana izan zen berea, eta puntuz-puntu seriotasun handiz aztertzen zuen detaile bakoitza, xehetasunik txikiena eta frogatzen zuen bere iritzia. Ez dut ahaztekoa erabili zuen froga estatistiko bat. Ostraka haiek guztiak benetakoak izanez gero, Iruña-Veleiako alfabetizazio tasa, irakurtzeko eta idazteko ahalmena, inoiz Erromako Inperio osoan emandakorik altuena izango zatekeen. Gurera etorriz, badakigu gorpuan ageri badira ez dakit zeren tasa altuak, ziurrenik pozoia izan dela heriotzaren kausa.

Paestum-eko igerilaria

Aipatu nahi dudan lehen liburua Tonio Hölscher-en 'El nadador de Paestum' deitzen da. Denok dugu buruan Paestum hiriko hilobi batean agertu zen irudia: pinturan toki altu batetik gizon batek itsasora must egin du eta airean ageri da zeruaren eta uraren artean. Pintura helenikoaren irudirik ederrena askoren ustez eta aipamen ezinbestekoa denen ustetan.

Liburuaren tesia oso sinplea da. Orain arte erabili izan diren irakurketa sinbolikoen aurrean, igerilaria bizitzaren eta heriotzaren artean omen dago. Tonio Hölscherrek irakurketa errealista bat frogatu nahi du. Igerilaria bizitzaz gozatu nahi duen gaztea da. Ez dago sinbolorik, bizitzako eszena da ageri dena, besterik ez.

Interesgarria, baina, ez da horrenbestez ondorioa, baizik ondoriora heltzeko egindako bidaia. Uretara harri bat botatzen denean uhinak egiten ditu. Eta antzera lotu ditu datuak ikerlariak. Harria, kasu honetan, igerilaria da eta uhinak garaiko ohiturak. Horrela Tonio Hölscherrek, Paestum hiriaren ingurumaria historikoa kontatu ostean, K. a. VI. eta V. mendeetan ziren arteari eta estetikari buruzko datuak ekarri ditu hizpidera.

Igerilaria dago liburuaren gunean, baina haren bidez, edo hura gidaritzat harturik, irakurleak, eta hemen dira uhinak, ikusi ditu gai desberdinak. Etruskoen hilobien moldaketa, artearen zeinua, igeriketa ohiturak Grezia zaharrean, maitasun moduak… Gizarte baten irudia igerilariaren irudi oinarri harturik.

Van Eyck pintorearen misterioa

Antzekoa, baina ez guztiz berdina, da Jean Philippe Postel egileak 'El affaire Arnolfini. Investigación de un cuadro de Van Eyck' liburuan egin duen ikerketa, ikerketa baten aurrean gaude eta. Arnolfini senar-emazteak izenez ezagutzen dugun margoa du hizpide. Eta detaileen irakurketa sinbolikoa eginez, ondorio berezia aurkeztu du.

Egileak erakusten duenez, emaztea heriotza adierazten duten objektuez inguraturik ageri da, nabarmenena amatata dagoen kandela litzateke, beraz hilda dagoen norbait genuke begien aurrean. Bizitzaren ikurrak aldiz, senarraren gainean daude. Postelen ustez, margoak hilda dagoen emaztearen bisita agertuko luke. Eta senarrak bere purgatorioko pasa beharra arintzeko zina egiten dio eskua igoaz.

Azalpena ez da hor bukatzen, ordea. Gela beste emakume batek seina izan dezan prestaturik dago. Erditzeko prestatua dago gela. Postelek proposatzen duena bikoitza da. Margoan ageri ez den Van Eycken bigarren emaztea haurra izatekotan omen dago, eta puntu horretan ageri zaio senarrari hil zitzaion lehen emaztea garbitokitik hainbat eta lasterren ateratzeko laguntza eske.

Bihurria? Hor nonbait! Baina asmakizuna bada ere, bide ederra osatu digu Jean Philippe Postelek bere konpainia noblean.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Arteari buruzko liburu bi