Borrar
Eusko Legebiltzarra. EFE
Urte Berri

Urte Berri

Urte bat joan eta hurrengoa etortzeak ez du berez ezer adierazten egoera politikoaren nondik norakoez, baina aitzakia gisa balio du balantzea egin eta erronkei erreparatzeko. Estatus berriari buruzkoek emango dute zeresanik 2018an, zenbait belaunaldiren etorkizuna dagoelako jokoan

Domingo, 31 de diciembre 2017, 18:26

Abenduen amaieretan euskal gizarteko hainbat ordezkariri eskainitako harrera ekitaldia egin zen ostegunean Lehendakaritzan, eta Iñigo Urkulluk auzolanaren aldeko jarrerari eusten diola nabarmendu zuen bertan. Hori zehaztearren, Euskadiren erronkei aurre egiteko denon onurarako batera lan egiten den lanari buruz ari zen lehendakaria. Eta horien artean azpimarratu zituen hezkuntza, erronka demografikoa eta gaztediari zuzendutako babesa, berrikuntza eta internazionalizazioa. Ezagutzen dutenek ondo dakiten arren, ez da alperrikakoetan galtzen diren buruzagi horietakoa, benetako arazoei aurrez aurre heltzen dietenetakoa baizik. Izan ere, aletutako lehentasunak gizarte moderno eta oparo bati legozkiokeenak dira, nahiz eta askotan iritzi publikoari begira behar beste aipatzen eta lantzen ez diren.

Urkulluren nortasuna Eusko Jaurlaritzaren egunerokoan islatzen da, nabarmen. Zorionez. Hala, ekonomiari eta ongizateari bereziki erreparatu zaie bere bi legealdiotan, amaitezina dirudien krisialdiaren azken astinduei erantzun eraginkorrak emateko. Eta oraintsu egin dituen aurreikuspenetan, Confebask-ek ildo jakin baten ondoriozko emaitzak iragarri ditu. Patronalaren arabera, 2018an euskal ekonomia %2,9 haziko da, 18.000 afiliatu gehituko zaizkie Gizarte Segurantzari eta langabeziak %8rainoko murrizketa izango du, 2009tik honako onenean finkatzeraino. Erritmo horretan, 2019an krisiaren aurreko enplegu mailan jar liteke Euskal Autonomia Erkidegoa. Amaitu berri den urtean, 20.000 izan dira afiliazio berriak eta 74.000 kontratu mugagabe sinatu dituzte enpresariek, 2007tik honako gehien. Orotara, hondamendi ekonomikoak irentsitako 117.000 lanpostuetatik 80.000 berreskuratu dira dagoeneko, %68. Badira enpleguaren kalitateari, galdutako eros-ahalmenari, langileen eskubideei eta halakoei lotutako gabezia nabarmenak, baina ukaezina da zulotik irtetzeko urratsak egiten ari direla.

Hori ez da berez lortzen, ez dago halakorik bermatzen duen inertziarik. Erakundeetatik lan-ildo zehatzak behar dira horretarako, egonkortasun politikoak lagundutakoak. Lehendakaria horren jakitun izan da, eta bultzatzaile. Momentu bakoitzak bere lehentasunak ditu, eta ekonomia berpiztea zein ahulenak babesteko sare sozial sendoa osatzea izan dira urteotakoak. Filosofia hori saritu zuten hautesleek 2016ko iraileko hauteskunde autonomikoetan, premiak ondo identifikatu eta jardun politikoa egoki bideratzekoa. Badira bestelakoez baino mintzo ez direnak, eta agian horregatik jarraitzen dute oposizioan.

Urkullu eta Jaurlaritza arazo larrienei aurre egiten ibili dira, baina etorkizuneko plangintzari uko egin gabe, autogobernua eta ongizatea estu lotuta daudelako. 1979ko Gernikako Estatutuak ematen dituen tresnak baliatuta ekin diote lehenengoari, eta horiek eguneratu eta gehitzeko asmoa iragarri dute estatus berria aipatu izan dutenero. Euskal gizarteak ahalik eta burujabeen izan gura duelako, besteak beste Legebiltzarraren osaketak erakusten duen lez. Eta izan behar da horretarako modurik bide propioa jorratuta. Kanpoko esperientziak beti dira aintzat hartzekoak, onerako zein txarrerako, baina bertoko baldintzen araberako esparrua zehaztea dagokie hemengo eragile politikoei. Euskal lurraldeek Espainiako Konstituzioan txertatzeko duten modua berezia da oso, eskubide historikoen ondoriozkoa. Hor badago zer landu, zertan sakondu. Politikan borondate politikoak irudimena eta sormena ahalbidetzen ditu, zeharo emankorrak izan daitezkeenak. Eta horiei helduta egin beharko litzateke saiakera, erabaki eskubidearen mugak zabaldu, joko arauak malgutu eta elkarren arteko leialtasunean sakonduta.

ETAren zorigaiztoko aroaren eta krisi ekonomikoaren txarrenaren ostean, euskal gizarteak aspaldiko zenbait erronkari heldu behar die, batik bat adostasun ahalik eta zabaleneko bizikidetza esparrua zehaztekoari. Badago horretarako ezinbestekoa den giroa, heldutasuna. Eta Estatu mailan, Ciudadanos-en presio zentralizatzailea gorabehera, lurralde egitura bideragarri baten aldeko apustua heldu beharko da noizbait, Konstituzioari tamainako aldaketak erantsita.

Argi dago egungoak ez dituela Kataluniaren eta Euskadiren aldarrikapen nazionalak nahikoa aintzat hartzen, ez diela eskatzen duten besteko aitortzarik eskaintzen. Hari horretatik tiraka zabalduko dira aukera berriak, kolapso demokratikora heldu baino lehen. Baina Alderdi Popularrak eta Sozialistak gutxieneko ausardiarik erakutsi ezean, arazoak usteltzen jarraituko du. Egon badagoelako, eta gero eta larriagoa delako, Katalunian inoizko argien nabarmendu den bezala. Ez dago hori ezkuta dezakeen 155. artikulurik, errealitatea oso egoskorra delako. Eta Euskadin ere, PSE-EEk eta PPk ez dute baliozko ekarpenik egingo ukaziotik abiatuta, begiak itxita. Proiektu nazional ezberdinak bateragarri egiten saiatzekotan, 1978ko eskemetatik haratago joan beharko da, orduko mugak eta gabeziak behingoan gainditzetik abiatuta.

Horrek maila askotako hausnarketa, elkarrizketa eta negoziazioa behar ditu, jakina. Eta norabidea argi izatea, pultsio birzentralizatzaile eta uniformizatzaileak baztertuta. Buruzagi politikoei dagokie bizikidetzarako oinarrizko adostasunak berritzea, bai Estatu mailan zein Euskadin. Egungo egonkortasuna babestu, goi-mailatik ekin eta beste zenbait hamarkadatarako jauzi berriak ahalbidetzeko, arazoei heldu eta gehiengo zabalen gurarien neurriko irtenbideak eskainita. Hazkunde ekonomiko eta soziala indartsu sustatu eta gauzatzeko egitura politiko eta demokratiko egokiak findu eta ahalbidetuta. Urkullu lehendakaria ezin egokiagoa da horrelako prozesu bateko buru izateko, oraingoz urrun daudenak gerturatzen saiatu eta bestelako dinamikak sortzeko. Guzti hori ekonomia eta ongizatea sekula ahaztu gabe egin behar da, orain arte bezala, ez baitago kohesiorik gabeko gizarte oparo, anitz eta lehiakorrik. Jartzen ari diren oinarriak egokiak dira. Badago zeren gainean eraiki.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Urte Berri