Borrar
Chrissie Hynde handiaren biografiak 'Reckless' ('A Todo Riesgo' gaztelaniazko bertsioan) du izena.
Arrisku bizian

Arrisku bizian

Adarraren puntan ·

Domingo, 20 de septiembre 2020, 23:04

Bazen behin talde bat sortu eta rock izar bihurtu nahi zuen emakume bat. Neke askoren ondoren lortu zuen, baina oso garestia izan zen ordaindu beharreko prezioa...

Egia esan, ipuina beste era batera konta daiteke: Bazen behin bere belaunaldiko gizonek gozatzen zituzten plazer berberak gozatu nahi zituen emakume ausart bat. Horretarako, familia aberats batek eskaintzen zion bizimodu erosoari uko egin eta munduan zehar abenturak bizitzen hasi zen. Era guztietako atsekabeak jasan eta esperientzia atseginak bizi izan zituen, baina besteak beste, emakume izateagatik ausardia garestiago ordaintzen dela ikasi zuen...

Ipuin honek beste enuntziatu bat ere izan zezakeen: Bazen behin hippismoan eta psikodelian hazi zen emakume bat. Punk mugimenduaren sorrera eta eztanda bertatik bertara ezagutu zituen bere taldea osatu arte. Bertan eragin guztiak uztartzea lortu zuen...

Eta historia kontatzeko modu gehiago bururatzen zaizkit: bazen behin amets amerikarra gorrotatzen zuen emakume bat, autotzarrak gorrotatzen zituena, alde guztietatik bultzatzen zen emakumezko eredua gorrotatzen zuena, unibertsitatea gorrotatzen zuena eta rock & rolla biziki maite zuena. Hainbesteraino, non bere gaztetako idolo batekin ezkondu baitzen... baina ez ziren zoriontsu bizi, eta ez zuten eperrik jan...

Kontakizun horiek guztiek 'ipuina' irakurtzera behar adina animatu ez bazaituzte, morbo gehiago jarriko diogu. Tira ba: sexu basatia ezagutu zuen neska gazte bat zen, droga mota guztiak dastatu zituena, bere taldeko baxu-jotzailea eta gitarra-jotzailea gazte-gaztetan hiltzen ikusi zituena (hain zuzen ere, beren ibilbideko puntaren puntan zeudenean), eta halere bizirautea lortu zuena.

Chrissie Hynde handiaren biografiak 'Reckless' ('A Todo Riesgo' gaztelaniazko bertsioan) du izena, eta, egia esan, asko dira emakume horrek gaztaroan pasa zituen arriskuak. Hasieratik, 'Brass In Pocket' edo 'Precious' abestien egileak aitortzen digu liburuaren zati handi bat idatzi ahal izan duela, bere gurasoak hilda daudelako eta, beraz, ezin dutelako nahigaberik hartu. Horregatik, beharbada, Ray Davies The Kinks' taldeko buruarekin ezkontzeaz dioenak ez ditu lerro batzuk besterik hartzen – bera bizirik baitago –.

Nire uste apalean ez da oholtza baten gainean bera bezalako rock-emakumerik izan. Ez behintzat, horren sinesgarria eta erakargarria. Laurogeiko hamarkadako lehen bi disko haiek kondaira bat eratu zuten, inoiz gainditu ezin izan duena (eta agian ez duena gainditu nahi izan). Lemmyk ez bezala, -mundu guztiak 'Ace Of Spades' baino disko gehiago entzun ditzan tematuta- berak ondo daki bere gailurra non dagoen eta ez du bere burua engainatzen. Jakin badaki halaber, zein izan den ordaindu beharreko prezioa, zure jarraitzaileek «benetako» ikus zaitzaten, aurrera ere, saiatzen zarenean.

Liburu hau ez da batere autokonplazentziazkoa, eta protagonistak bere arrakastak eta akats izugarriak kontatzen dizkizu. Merezi duen kontakizun bat da, 'Los Javis' eta antzekoek inoiz irakatsi ezin dizkizuten kantatzeko moduak daudela erakusten diguna. Hori guztia emakume batek kontatzen dizu eta ondo dago jakitea zeintzuk diren arrisku erantsiak. Javier Maríasek idatzi zuena gogora: irakurtzen ez ditugun liburuak ohartarazpenez beteta daude.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Arrisku bizian