Borrar
Urgente Grandes retenciones en la A-8 y el Txorierri, sentido Cantabria, por la avería de un camión
Jasone Osoro, elkarrizketarako posatzen. Félix Morquecho
«Arrakasta duenarekiko mesfidantza dago»
Jasone Osoro, kazetaria eta idazlea | Territorios

«Arrakasta duenarekiko mesfidantza dago»

Elgoibartarrak 'Arrakasta' lana argitaratu zuen iaz, eta bertan hamaika pertsona arrakastatsu elkarrizketatu zituen euren ibilbidei buruz hausnartzeko

Aiora Sampedro

Sábado, 20 de julio 2024, 00:12

Joxemari Agirretxe 'Porrotx' pailazoa, Eneko Atxa sukaldaria, Izaro Andres musikaria, Harkaitz Cano idazlea, Eva Domingo kazetaria, Maider Egues kazetaria, Jon Garaño zine zuzendaria, Aizpea Goenaga antzerkilaria, Markel Irizar txirrindularia, Itziar Ituño aktorea eta Gorka Urbizu musikaria. Eta hamabigarrena Jasone Osoro bera. Izan ere, egileak berak lagunen diskurtsoetan topatu dituen antzekotasunak eta desberdintasunak nabarmendu ditu eta liburuan bildu, laburtu eta ordenatu ditu, aipatutakoei zenbait filosofo eta ikerlariren lanak gehituz ulermena osatzeko. Azken emaitza beraz, kazetaritza beharrean, arrakastari buruzko saiakera alorreko liburu intimo bezain argitsua da. Eta idazle elgoibartarrari bere bizitzaren inguruan egindako atzera-begirako errepasoa egiteko ere balio izan dio.

Liburuaren abiapuntua baina, ez zen arrakastaren inguruan zedarritutakoa. Izan ere, Osorok lanari sorkuntza krisi baten ondorioz ekin zion. Bat-batean nondik jarraitu jakin barik geratu zen eta horrelako kasuetan beste artista batzuek zer egiten duten jakin nahi izan zuen. Baina ideia buruan bueltaka zuela, gai nagusia arrakasta zela konturatu zen eta hori izan zen elkarrizketatuei esan ziena, arrakastaren inguruko saiakera idatzi nahi zuela eta ea prest zeuden parte hartzeko.

Hartara, zortzi alderdi identifikatu ditu idazleak arrakasta ororen abiapuntuan: haurtzaroa, izaera, aliantzak, kritikak, sabaiak, sormena, porrota eta arrakasta. Hala ere, ondorio gisa, egileak arrakasta lortzeko ezinbestekotzat jotzen dituen hiru kontzeptu nabarmentzen ditu: autoezagutza, aliantzak eta borondatea. Bestalde, hainbat hizlarik nabarmendu duten ideia izan da euskaldunok arrakasta ez dugula erabat begi onez ikusten, gure izaeraren erakusle edo. Edota kanpotik eta sortzailearen barnetik egindako begirada ez dela beti bat etortzen arrakastaren kontzepzioan, hau da, norberarentzat inportantea dena, ez dela usu publikoak arrakastatsutzat jotzen duenarekin bat etortzen. Eta oreka hori mantentzean lortzen dutela elkarrizketatuek gogobetetasuna.

-Nola neurtzen duzu zuk orain liburu honen arrakasta, harrerari dagokionez, hilabete batzuk igaro diren honetan?

-Niretzako hemen arrakasta oso lotuta dago irakurlearekin. Idazleak idazten du zerbait kontatu nahi duelako; fikzioan, istorio bat, eta saiakeran, dokumentatu eta zure inguruko hausnarketak eta ondorioak. Eta gero hori iristen bada irakurlearengana eta balio badio zerbaitetarako, entretenitzeko, hunkitzeko, haserretzeko, zerbaiten inguruan galderak planteatzeko… hor zikloa ixten da. Zentzu horretan, momentuz erantzuna jaso dut: jendeari gustatu zaio. Hala ere, nahiko nuke ibilbide luzea izatea, izan ere, gaur egun bizi gara gizarte efimero eta kontsumistan eta dena berehala agortzen da. Kontua da liburu honek badituela hainbat helduleku denbora pasa arren baliagarriak izan daitezkeenak. Bestalde, gazteek ere irakurtzea gustatuko litzaidake.

-Askok diote arrakasta zer edo zer negatibo gisa hartzen dugula. Arrakastaren kontzeptua apur bat desitxuratuta al dugu?

-Arrakastak berak badu dirdira moduko bat eta gehienok nahi izan dugu hori sentitu, hein batean. Baina era berean, norbaitek arrakasta lortzean, mesfidantzaz edo begiratzen diogu. Produktuari ematen zaio balioa eta ez egileari. Eta bestalde, nahasten da harrotasuna eta harrokeria. Kanpoko begiradak 'definitu' dezake zerk izan duen arrakasta, baina norbaitek bere buruaz hori aitortzea beste kontu bat da, harrokeriatzat hartzen da, harrotasuna denean. Horregatik kosta egiten zaigu arrakastaz hitz egitea eta onartzea.

«Arrakastaz berba egitea zaila da euskaldunontzat baina baita beste kultura gehienetako pertsonentzat ere»

-Hizlariek, liburuan zehar, aipatu dute euskaldunontzat gatazkatsua dela arrakasta, zuk aldiz, ideia hori hizkuntza eta kulturetan orokortua dela diozu. Izan ere, zuk hainbat tradiziotako aipuak ekarri dituzu lanera. Uste duzu gai popularra dela arrakasta, historikoki?

-Hasieran ez nekien zer topatu eta ondorioztatuko nuen. Lehen erronka proiektuan parte hartzeko prest egongo zen jendea topatzea zen, eta, bigarrena, nik informazio hori nola antolatu. Beraz, prozesuan zehar, sorkuntzaren magia atera zen: hari bati tiraka hastean, unibertsoak hainbat hari mutur eskaintzen dizkizu, hari mataza baten eran. Maila pertsonalean oso bide aberasgarria izan da, nik banuelako gai honetaz hausnartzeko beharra filosofiatik, psikologiatik, etab. Fikzioan ere oinarritu naiz, liburuetan pertsonaia askoren hitzetan egia sakonak jartzen baitira. Eta gero, hori jostea, irakurlearentzat aberasgarria eta entretenigarria egitea, oso interesgarria izan da. Eta bai, arrakastaz berba egitea zaila da euskaldunontzat baina baita beste kultura gehienetako pertsonentzat ere.

-Sorkuntza krisi bati erantzunez sorturiko lana izanik, aldatu al du ikerketa honek gaur egun lan egiteko duzun modua?

-Baliabide batzuk eman dizkit krisi bat berriro izatean, ekin nahi eta ezin hori erlatibizatzeko. Eta egia esan, dagoeneko izan ditut krisiak, nik usu izan ohi ditudalako, eta lagundu dit beldur horiekin ez paralizatzen, gutxienez. Lehen sumatzen nuen denoi agertzen zaizkigun mamuak direla, baina orain, liburua idaztean, badakit hala dela. Nire mamuak onartzen ditut.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Arrakasta duenarekiko mesfidantza dago»