

Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
el correo
Lunes, 30 de septiembre 2019, 20:15
Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru aldundiek eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) Arnasa Gara ekimena aurkeztu dute gaur, Azpeitiko San Agustin Kulturgunean. Proiektuaren helburua da euskararen arnasguneetako biztanleen ahalduntzea, aitortza eta kontzientziazioa indartzea, jabetu daitezen gune horiek euskararen indarberritzean duten garrantziaz. Ekimenak bi fase izango ditu. Lehenengoan arnasguneen ahalduntzea eta aitortza bilatuko da, eta horretarako kanpaina bat abian jarriko da ekimena azaltzeko eta honen osagai nagusietako bat izango den Kartzela serie digitala herriz herri aurkezteko. Bigarren fasean, berriz, ekimena Euskal Herri osora zabalduko da, arnasguneen errealitatea eta garrantzia ezagutzera emateko. Proiektuan Nafarroako Gobernuak –Euskarabidearen bitartez– eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak ere parte hartzen dute.
Gaurko prentsaurrekoan proiektua babesten duten erakundeetako ordezkariak izan dira: Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua; Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria; Ana de Castro, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria; eta Josu Labaka, UEMAko presidentea. Halaber, ekimen honetan parte hartuko duten zenbait udalerrietako alkateak aurkezpenean izan dira: Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea; Koldo Goitia, Lekeitioko alkatea; eta Lierni Altuna, Aramaioko alkatea. Guztiak bat etorri dira arnasguneek daukaten garrantzia azpimarratzeko orduan eta nabarmendu dute proiektu honen atzean dagoen lankidetza.
1991an Joshua Fishman soziolinguistak nabarmendu zuen zein garrantzitsua den hizkuntza baten biziraupenerako eta biziberritzerako breathing space edota arnasgune bat. Harrezkeroztik, arnasguneak zaintzea gai estrategikotzat hartu da hizkuntza gutxituen biziberritze-prozesuetan. Euskara ez da salbuespena izan, eta azken hamarkadetan lan handia egin da arlo horretan (aipatzekoa da Mikel Zalbide euskaltzainak egin duen lana). Kezka horretatik sortu zen, esate baterako, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea eta bide horretan sustatu dira hainbat eta hainbat ekimen.
Soziolinguistika gaietan adituak direnentzat gai ezaguna bada ere, arnasguneen kontzeptua eta arnasguneen garrantzia arrotz samarra da herritar gehienentzat. Horregatik, hizkuntza indartzeko euskararen arnasguneek duten garrantziaz jakitun, Hiruko Ituna sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakundeak arnasguneen garrantzia azpimarratuko duen kanpaina bat abian jartzea erabaki zuten, UEMA, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera.
Gaur egungo egoeraren inguruko ikerketa bat egitea izan zen proiektuaren lehen pausoa. Ikerketa kualitatibo bat egin zen, partehartze prozesuak herriz herri eginez. Goizueta, Lekeitio, Zumaia, Azpeitia, Elizondo, Mallabia, Dima eta Anoetako herritarrekin bildu ziren Iametza komunikazio-enpresa eta UEMA. Eta lanketa horretatik hainbat esperientzia eta gogoeta atera ziren, oso baliagarriak izan direnak geroko proiektua taxutzeko.
Arnasguneen artean aniztasun handia dagoen arren (nekazal-guneak, industria-guneak, turismo-guneak…), zortzi herri horietako esperientziak erabili ziren ikerketa kuantitatiboa gauzatzeko. Ondorioen artean era askotako gogoetak atera ziren, ikuspegi positiboak zein kezkak. Hala, herriotan egindako saioetan nabarmentzen zen elkarrizketatu gehienek azpimarratzen zutela beren herrietan «euskaraz bizi daitekeela naturaltasun osoz» eta aipatzen zen gazteak direla euskarari gehiagotan eusten diotenak herritik ateratzean. Era berean, parte hartu zutenek nabarmentzen zuten merkataritzan zein ostalaritzan euskara dela hizkuntza nagusia. Hala ere, herritarrek nolabaiteko gainbehera sumatzen zuten euskararen erabilerari dagokionez. Zenbait partehartzailek –nagusienek batez ere– norberaren euskalkiarekiko konplexuak ere badirela adierazi zuten eta, beste ondorio bat aipatzearren, adierazten zuten «lantokietan gaztelerak presentzia altua» duela.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Silvia Cantera, David Olabarri y Gabriel Cuesta
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.