Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Austro-hungariar inperioak lurralde hedadura zabala zuen, eta, horrekin batera, baita hizkuntza asko ere. Alemana zen nagusi, baina bosniera, kroaziera, poloniera, txekiera, ukrainera, errumaniera eta beste hainbat hizkuntza hartzen zituen bere baitan. Ez zuen biziraupen luzeegia izan, 1867an sortu eta I. Mundu Gerrarekin batera amaitu baitzen. Tarte horretan susperraldi kultural izugarria bizi izan zuen: Freud, Martin Buber, Karl Popper, Klimt, Mahler, Strausstarrak, Schöenberg, Webern, Berg, Wittgenstein… Idazleez bakarrik ari garelarik, sekulako hamaikakoa atera genezake garai hartatik: Kafka, Rilke, Robert Musil, Herman Broch, Hugo von Hofmannsthal, Joseph Roth, Schnitzler, Bruno Schulz, Leo Perutz, Sandor Marai eta Stefan Zweig. Azken honetaz jardun nahi dut gaurkoan, Zweigez. Ez zen izan bere garaikide batzuk bezain berritzailea edo apurtzailea (Kafka, Musil, Broch…), baina ezin hobeto eutsi dio denboraren higadurari. Hartu Zweigen edozein testu, dela bere biografietako bat edo narrazioetako bat, eta hasi irakurtzen. Duela gutxi idatzita balego bezala da. Ez dago ezer astunik, ez dago handinahikeriarik edo pedantekeriarik, dena da gardena eta argia, eta aldi berean sakona eta sentikortasun handikoa. Euskaraz haren lau lan dauzkagu itzulita: 'Xake nobela' (Alberdania, 1999), 'Emakume ezezagun baten gutuna' (Igela, 2005), 'Hogeita lau ordu emakume baten bizitzan' (Igela, 2007) eta 'Gizadiaren oren gorenak' (Katakrak, 2023).
Naziak boterera heldu zirenean, arestian aipatutako hainbat idazle debekatuta egon ziren. Haien liburuak erre zituzten plaza publikoetan. Literaturak bere bidea egiten du. Garai jakin batean oso handiak edo ezagunak izandako idazle asko ahanzturaren atzaparretan erortzen dira. Hain ospetsuak ez ziren beste batzuk, berriz, ur azalera ateratzen dira lerden eta gaztetuta. Zweig bien arteko zerbait da. Bere garaian idazle oso ezaguna izan arren, 'popularra' edo herrikoia deritzoten horietakoa, ez zuen izan beste batzuen adinako prestigioa (gaur egungo egile 'popular' gehienek haren abileziaren erdia balute sikiera…). Itzal handiegia zuten beste horiek. Zweigek denekin izan zuen harremana, bertako idazleekin zein kanpoko askorekin. Sustrai judutarrak zituen, baina ez zen oso emana federa, eta burges baten modura bizi izan zen. Harik eta naziek horrela bizitzen jarraitzea eragotzi zioten arte. Inperioaren bihotzean, Vienan, jaio zen 1881ean, eta Brasilgo Petropolisen hil zen 1942an, emaztearekin batera buruaz beste eginda, sorterritik oso urrun, naziengandik ihesi eta erabat etsituta. Bera izan zen garai hartako lekukorik zoliena eta finena. 'Atzoko mundua' autobiografia gogoangarria da horren erakusle. Derrigorrezko irakurketen zerrendan sartu beharreko liburua. Maisu-lan bat. Zweigen enegarrena. Eskuetan hatzak baino maisulan gehiago ditu. Batez ere, bere biografiengatik izan zen ezaguna, pertsonaia handien inguruan egindako azterketengatik. Baten batzuk gomendatzearren, arestian aipatutako 'Gizadiaren oren gorenak', 'Castellio Calvinoren aurka' eta 'Deabruaren aurkako borroka' gomendatuko nizkizueke.
Estiloari dagokionez, zehaztasun ikaragarriarekin idazten zuen. Idazkera argia eta dotorea zuen, atsegingarria, eta, xehetasun txikienetatik abiatuta, gai zen pertsonaien psikologiaren sakoneneraino heltzeko. Haien barruan jartzen gaitu, haien barne-tentsioa arnasten dugu lehen eskutik. Maisuki eraikitzen doa kontakizuna, behar den tempoa hartuz, baina denbora galtzen ibili gabe. Urteek aurrera egin ahala, garai jakin bateko modak eta keriak are ageriago geratzen dira. Ez da horrelakorik gertatzen Zweigen kasuan. Senezko narratzailea zen. Horretan bazuen berak hainbeste miresten zuen Tolstoiren antza. Inor gutxik bezala ulertu zuen unibertsaltasuna, ospea ezagutu zuen harekin itsutu gabe, bizitza oparoa eta dotorea eraman zuen, baina eskuzabala izan zen lagunekin. Bere herrialdetik alde eginarazi zioten egunean, muga batzuek mugatutako lur zati bat baino zerbait gehiago galtzen ari zela idatzi zuen. Minaz beste egitea erabaki zuen hurrena.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
A la venta los vuelos de Santander a Ibiza, que aumentan este verano
El Diario Montañés
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.