1968an argitaratu zuen Xabier Letek 'Euskal Herri nerea' abestia, berak jarritako doinuarekin. Ezaguna da hasiera: «Euskal Herri nerea ezin zaitut maite, baina non biziko naiz zugandik aparte». Poetak bere herriarekin bizi zuen gazi-gozoa islatzen du kantak. Bai, baina ez. Bertan, baina urrun. Hatzekin ukitzeko moduko tristura nabarmentzen dute lerrook, baina, baita aldi berean, sorterriarekiko errotze estua ere. Tristeagoa baita, akaso, «etxerik eza, denok behar baitugu haren babesa». Esanguratsuak dira, halaber, amaierako hitzak, batez ere orduko testuingurua kontuan hartuta: «Ekintzetan gauzatzen da bizitzaren grina… errespeta bizia, elkarri merezia, guziok berdinak gara: hauskorrak, hilkorrak azkenean». Xabier Leteren poema eta kanta guztiak biltzen dituzten hiru liburukiei errepaso bat ematean heldu naiz pasarte horretara, nire haurtzaroaren soinu banda osatzen duten hainbat abestiren letra gainbegiratzean. Eta, hitzaurrean, hitzaurregileek (Lourdes Otaegik eta Alex Gurrutxagak) nabarmentzen duten zerbaitekin lotu dut. 1978an eten handia gertatu zen Leteren bizitzan. Jaialdiak eta musika emanaldiak erabat bustitzen zituen giro politikoaz gogaituta, kantagintza utzi zuen. Akidura haren neurria ematen du Letek une hartan pentsatu omen zuenak: «Aguanta zaitzatela zeuen ama santisimak!».

Publicidad

Urte batzuk lehenago, Gabriel Arestik antzeko zerbait aitortu zuen bere gutunetako batean, «kantsanzioa» zela eta, beste Unamuno bat suertatzeko puntuan izan zela. Bistan da ez dela lanbide samurra euskalduna izatea. 'Bizitza lanbide' izenburua jarri zion Pavesek bere liburu gogoangarrienetako bati. Hain zuzen ere, Xabier Letek italiarraren 'Heriotza etorriko da eta zure begiak izanen ditu' poema itzuli zuen 1991n. Faxismoak Italia itota zuen garaian, Pavesek haize freskoa bilatu zuen AEBetako literaturan, aberri ideal bat. Estutasun horri iskin egingo zion estilo baten bila zebilen, erregionalismoa eta unibertsaltasuna aldi berean uztartzeko gai izango zena. Gogo biziz lotu zitzaion, hortaz, hango hainbat egile irakurtzeari, baita itzultzeari ere: Melville, Whitman, Sherwood Anderson, Sinclair Lewis, Lee Masters, Dreiser… Hain zuzen ere, duela gutxi kaleratu da Lee Mastersen 'Spoon River Antologia' (Balea Zuria argitaletxea), poema-liburu klasikoa.

Alain Lopez de Lacalleri zor diogu itzulpena. Leteren arestiko hitzak bereak egin zitzakeen Alainek: «Euskal Herri nerea ezin zaitut maite, baina non biziko naiz zugandik aparte». 2000ko maiatzaren 7an ETAk bere aita Jose Luis erail zuen tiro batez Andoainen. Zenbatetan izango zituen Alainek Leteren hitz horiek, edo antzeko beste batzuk, buruan bueltaka… Zenbatetan sentituko zen arrotz giro politikoak larregi kutsatutako euskararen inguruko hainbat ekitalditan, edo gogaituta, halakoetan presoen inguruko atrezzo etengabe errepikatua ikusi beharraz… Alainek ez du euskararen inguruko manifesturik sinatu, ezta hizkuntza eskubideen aldeko agiririk ere, are gutxiago euskal kulturaz kamuflatutako aldarri politikorik. Hala ere, ez da euskaratik urrundu. Isilik eta lan handia eginez, 300etik gora orrialdeko itzulpen bat egin du euskaraz, ekarpen eder bezain apal hori egin dio gure hizkuntzari diskrezioz baina maitasunez. Liburu bat, gauza ukigarri bat, edonoren eskura egon daitekeen objektu bat, aspaldiko ingelesezko hitzak euskaraz dantzan jartzen dituena. Bi mundu eta bi denbora ezberdin uztartzen dituena. Esanguratsua ere bada, 'Spoon River Antologia'k alegiazko herri baten biztanleei ahotsa eskaintzen diela, hil osteko haien gogoetak jartzen dituela irakurlearen aurrean. Danteren infernuko biztanle haiekin gertatzen zenaren antzera. Hildakoak biziekin hizketan. Euskaraz. Sasi guztien gainetik, laino guztien azpitik… Ez da ariketa txarra, inondik ere. 'Spoon River Antologia'n 'Ezezaguna'ri eskainitako poemaren amaiera ezin egokiagoa iruditzen zait: «Egunero arakatzen dut Hadesaren erresuma/ belatzaren arimaren bila,/ bizitzak zauritu eta kaiolatu duen honek/ bere adiskidetasuna opa diezaion».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad