Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
'Leviatan' lanean, Hobbesek gizakia gizakiarentzat otso zela ohartarazi zigunetik, ez dira gutxi izan gizakiaren berezko ontasun edo gaiztakeriari buruzko eztabaidak. Hobbesek, berez, Plauto komediografo latindarraren 'Asinaria' antzezlanetik atera zuen esaldia. Honela zioen Plautok bertan: «otsoa da gizakia gizakiarentzat» (latinez, «lupus est homo homini»). Ez zen, beraz, kezka berria. 1710ean, aldiz, 'Teodizea' izeneko bere saiakeran, Leibnizek esan zuen mundu posibleen artean hoberena hautatu zuela Jainkoak. Ezaguna da hamarkada batzuk geroago Voltairek esaldi horri eman zion egurra 'Kandido edo baikortasuna' eleberriaren bidez. Leibnizen mesedetan esan behar da mundu perfektuaz zuen ideia ez zela hainbeste morala. Ez zuen esan nahi gaizkirik edo indarkeriarik ez dagoenik, mundua arautzen duten lege fisikoak perfektuak direla baizik. Voltairerena argitaratu eta hiru urtera, eztabaida horren ildoari jarraiki, 'Emilio edo Hezkuntzaren gainean' saiakeran Rousseauk adierazi zuen gizakia ona dela eta bere bizioak gaizki antolatutako gizarte-egoera bati eta funtsean faltsua den hezkuntza bati bakarrik egotzi ahal zaizkiola. Rousseau baino apur bat gazteagoa zen Jacques-Henri Bernardin de Saint-Pierrek 'Pablo eta Virginia' eleberria kaleratu zuen 1787an, eta harmonian bizi den indarkeriarik gabeko mundu bat islatzen du, elkarlanean oinarritua, baina gizartearen konbentzio eta arauek ondorio tragikoekin usteltzen dutena. Saint-Pierre Rousseauren jarraitzailea zen.
Literaturan ere izan du isla eztabaida horrek. Teknologiaren baikortasunean fededunagoa zen testuinguru batean, Jules Verneren 'Uharte misteriotsua'n, adibidez, ez dago inolako liskarrik uharte misteriotsura heltzen diren protagonisten artean. Bat datoz kontu guztietan, elkarri laguntzen diote, ez da euren arteko tentsio unerik sortzen. Are gehiago, esan daiteke narratzailea une horiek saihesten saiatzen dela, aurkikuntza zientifikoen eta abenturaren mesedetan. Zentzu horretan, nahiko idilikoa da bost protagonisten elkarbizitza. Behin baino gehiagotan pentsatuko zenuten zer eraman uharte abandonatu batera, eta ez horrenbeste nor eraman. Robinson Crusoe nahikoa ondo moldatu zen, bakarrik hasieran, 'Ostiral'en laguntzarekin hurrena. Uharteez ari gara, baina ontzi bat izan daiteke uharte baten baliokide egokia. Moby Dick harrapatu nahian zihoazen guztiak 'uharte' moduko batean bizi ziren 'Pequod' itsasontzian, zibilizaziotik urruti eta baldintza deserosoetan, baina, paradoxikoki, zibilizazio horrentzat lehengai bila, hura eroso bizi zedin. Sarritan erabili izan dira ontziak gizateriaren edo gizartearen metafora bezala, Verneren eleberri ezagunean baino errealismo eta mingostasun handiagorekin, halako egoera batean, liskarrak eta gaizki-ulertuak sortzea baita normalena.
Bigarren Mundu Gerra ostean, William Goldingek gordinki desmitifikatu zuen haurren xalotasuna 'Eulien ugazaba'n. Ezaguna da Goldingen eleberriaren argumentua. Haur batzuk hegazkin batean gerratik ihesi doazela, ekaitz batek uharte bakarti batera desbideratuko ditu. Pilotua hilik gertatzen denez, beren kabuz lortu beharko dute bizirautea. Verneren egoera idilikoaz oso bestela, araurik eta mugarik ez dagoenez, gazteen logika eta lasaitasuna desagertzen doaz pixkanaka, eta gizakiaren alderdirik basatiena agertzen hasten da. Bi gai nagusik zeharkatzen dute eleberria: zibilizazioaren eta basakeriaren arteko lehia eta haurren errugabetasunaren galera. Goldingen nobela kaleratu eta hiru urtera, Kenzaburo Oe idazle japoniar hilberriak ere landu zuen gaia maisuki bere lehen bi eleberrietan, 'Ehizakia'n eta 'Erauzi haziak, fusilatu haurrak' izenburukoetan: atzerritarrari beldurra, krudeltasuna, amarrukeria, amorrua… Ez zen askorik urrundu Goldingen tesietatik. Urte gutxi geroago, Mishimaren 'Atoiontzia' heldu zen, marinel bat idealizatzen zuen gazte baten desengainu bortitza, sinbolismo bikoitiz beteko eleberria. Eztabaidak bizirik jarraitzen du oraindik, baina irudi luke Rousseauk aldarrikatutako berezko ontasun hori gero eta urrutiago dagoela.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.