![Neohizkera](https://s1.ppllstatics.com/elcorreo/www/multimedia/2023/04/05/neohizkera-kFNB-U1901028170454BsC-1200x840@El%20Correo.jpg)
![Neohizkera](https://s1.ppllstatics.com/elcorreo/www/multimedia/2023/04/05/neohizkera-kFNB-U1901028170454BsC-1200x840@El%20Correo.jpg)
Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Ezaguna da albistea. Puffin argitaletxea liposukzioa eta liftinga egiten ari zaie Roald Dahlen liburuei. Gaur egungo irakurlearen belarrietara iraingarria eta baztertzailea izan daitekeena aldatu eta eztitzen ari dira, inor minduta senti ez dadin. Augustus Gloop ez jada «lodia», «handia» baizik. Twit andereak «itsusia eta izugarria» izateari utzi dio, eta orain «izugarria» bakarrik izango da. Matildak ez du jada Joseph Conrad irakurtzen, Jane Austen baizik. Eta abar. Ez dago ukatzerik erabaki horien atzean asmo ona ez dagoenik, baina kosta egiten da garai bateko zentsoreak eta gaur egungo «orraztaileak» bereiztea. Helburu bera dute biek: morala zaintzea. Eta, bide batez, iragana zen bezalakoa ezabatzea, historia berridaztea, memoria oztopatzea… Orwellen '1984' eleberrian Egiaren Ministerioan egiten zutena hain zuzen ere, historia etengabe berrikusi, orainaldiko egoera eta aliantzetara egokitzeko.
Garai bateko liburuak egokitasun politikoaren arabera zintzotzen eta bezatzen hasten bagara, ez da urrutira joan behar noraino hel gaitezkeen ikusteko. Imajinatu On Kixote bizikleta baten gainean, animalien zaintzarako elkarte batek iraingarritzat jo duelako hura zaldiz joatea, abereak jasandako umiliazioa dela eta. Edo imajinatu Sherlock Holmes Juanolak hartzen opioaren ordez. Zer pentsatuko dute gaurko haurrek ikertzaile famatua drogak hartzen ikusten badute? Odiseok ez lituzke inoiz bere emazte Peneloperen senargaiak hilko, ez horixe. 'Escape Room' batera edo Yoga ikastaro batera gonbidatu, eta euren arteko desadostasunak leunduko lituzkete, eskutik helduta itzuliko lirateke jauregira, ondasun guztiak Peneloperen oinetan jartzeko. 'Ulises'en azken ataleko Molly Bloomen bakarrizketa, ia puntuazio markarik ez duena, esaldi ondo bereizietan banatuko lukete, komak, puntuak eta puntu eta komak jarriko lizkiokete, gaur egungo irakurleari irakurketa errazteko. Martxa honetan, ez litzateke harritzekoa Josef K. jauna indultatua ateratzea 'Prozesua'ren amaieran, 'happy-end'aren eta giza eskubideekiko errespetu eskrupulosoaren izenean. Eta nola utzi Viktor Frankensteini bere esperimentu burugabea egiten… Erlijio-kongregazio askok protesta egingo lukete, eleberriak argi eta garbi iradokitzen baitu mundua ez dela jainkoaren ekintza eta graziaz sortu. Eta zer esango lukete zientzia elkarteek? Esperimentu zentzugabe horiek zientziaren ospea iluntzen dutela, zientziarekiko fedea ahultzen. Zerrenda luzatzen eta gizentzen jarrai genezake.
Gero eta ohikoagoa da horrelako zuzenketak egin direla entzutea. Batzuetan, nolanahi ere, zuzenean debekatzen edo desterratzen dituzte egile jakin batzuen lanak, eredugarriak eta zintzoak ez direlako. Arrazistak edo sexistak direlako, esklabozaleak, bortitzegiak… Stalinek ere aldatu zituen historia liburuak, Iraultza garaiko protagonistak ezabatzeko eta bere burua prozesu hartan goratzeko. Ez gara ohartzen, nonbait, aberasgarriagoa dela liburu horiek bere horretan uztea, iraganeko pentsamendua eta ohiturak nolakoak ziren ikusteko, transmisioa interferentziarik gabe egiteko. Mundua den bezalakoa da sarritan, ez guk nahi bezalakoa. Gaitz aski zabaldua da desirak eta errealitatea nahastea, eta desira horien izenean asmo onez betetako erabaki kaltegarri asko hartzea. Gainera, irakurleak ez dira inozoak, ezta ergelak ere. Haien belarriak «kutsaduratik» zaintzea keinu paternalista da, ulertzera ematen baita ez diegula gaitasun nahikorik aitortzen mamia eta azala bereizteko. Norbaitek gidatu behar dituela, ezin direla orrialdeen uretan bakarrik eta bere kabuz murgildu. Irakurketa oso arriskutsua baita, jendearen gogoa aztora dezake, ideia kaltegarriak landatu buruetan.
Lehen erre egiten zituzten liburuak arrisku hori saihesteko. Edo zentsuratu. Gaur, errebisatu eta bezatu egiten dituzte, baina, esan bezala, zeregin horretan aritzen direnen asmoak ez dira gehiegi aldatu, eta Orwellen 'Abereen etxaldea'ko amaierako eszenan gertatu bezala, jangelako gizonei eta txerriei begira zeuden kanpoko animaliek ezin zuten jakin zein zen zein.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.