Borrar
Urgente Grandes retenciones en La Avanzada, el Txorierri y Malmasín por varios accidentes
Mexikoko hura

Mexikoko hura

Eloy ia hirurogei urteko gizon apal eta abegitsua da. Arerio ikusezinak saihesten dabil, alegiazko jokaleku batean patxadaz mugituz

Lunes, 18 de septiembre 2023, 11:24

Uda hasieran, gaztelerazko itzulpen baten aurkezpen pare bat egitera joan nintzen Asturiasera. Oviedon egin behar nuen lehenik, Txema Arinas adiskidearen konpainian, eta Xixonen ondoren, Xandru Fernándezen laguntzarekin. Etxean Xixon asko maite dugunez eta behin baino gehiagotan han izan garenez, bertan ostatu hartzea erabaki genuen, bai eta San Lorenzo hondartzatik oso gertu dagoen kale batean apartamentua topatu ere. Poesiaz hitz egitera nindoan, baina realzale batentzat berezia da Xixonera heltzea eta El Molinon futbol-zelaiaren ondotik pasatzea. Queen-en 'We are the Champions' entzun daiteke airean igerian, eta seme-alabei gogorarazten diet hantxe irabazi zuela Realak bere lehenengo liga, Zamorak arauzko denboraren hondarrean eta lokatz artean sartutako gol gogoangarri harekin. Tira, seme zaharrena Liverpool zalea da, eta beste hirurak bai dira realzaleak, baina ez oso sutsuak. Errege kopa pare bat irabazten ikusi dute talde txuri-urdina behintzat (mutilen bat eta nesken beste bat). Niri ere sutsutasuna lurruntzen joan zait adinarekin, baina haurtzaroko une hura ongi iltzatuta geratu zait betiko, kirolari lotutako beste une gogoangarri batzuekin batera (Indurain, Petrovic, Maradona…).

Apartamentuaren kanpoaldean haren jabeak genituen zain, Lucia eta Eloy. Ezin atseginagoak biak. Gauzak igotzen ere lagundu ziguten, eta oso adeitsu jokatu zuten gurekin. Ez da ohikoa horren harrera beroa jasotzea, baina fama hori du Xixonek, eta, egiari zor, Donostian gero eta zailagoa da horrelakoak topatzea. Bazekiten liburu bat aurkeztera gentozela, aurretik hitz batzuk trukatuak genituelako eta aurkezpena egin behar zen liburu-dendako jabea ezagutzen zutelako. Hondartzari bisita egin ostean, bainu eta guzti, aurkezpenaren liburu-dendatik, La buena letra izenekotik, pasa eta sartzea erabaki genuen. Rafa du izena jabeak. Luciak eta Eloyk esandakoa aipatu genion, ezagunak omen zituela. Barre bihurria atera zitzaion Rafari. «Ez al dakizue zein den Eloy?», galdetu zigun. «86koa, Mexikoko penaltia huts egin zuena». Futbolzalea izan naizenez, arestian aitortu bezala, gaztetan orain baino askoz gehiago, gogora etorri zitzaidan berehala nortaz ari zen. Penaltiaren sekuentzia ere etorri zitzaidan burura. Belgikaren aurkako partida, Jean Marie Pfaff atezaina… «Ez esan ezer berari» aholkatu zidan Rafak, erreguzko tonuan, baina umore izpirik hondoratu gabe. Eloy hark Xixongo Sportingen jokatzen zuen, urrezko urteak ezagutu zituen hango taldean, Europan jokatu zuten… Izen-trukaketan hasi nintzen Rafarekin: Quini, Joaquín, Maceda… Aitortu zidan Realak liga irabazi zuenean bera hantxe zegoela, El Molinonen. «Denok nahi genuen Realak irabaztea», onartu zuen ezpain keinu konplizez.

Apartamentura itzultzean, Eloyri buruzko informazioa bilatzen hasi nintzen interneten, eta duela urte gutxi Jotdown aldizkarian egin zioten elkarrizketa mamitsu batekin egin nuen topo. Han esaten zuen, adibidez, futbola asko aldatu dela azken hamarkadetan, futbolari eta zaleen arteko harremana hurbilagoa zela lehen… Elkarrizketari esker jakin nuen Eloyk Arrigo Sacchiren Milan ahalguztidunaren aurka jokatu zuela, txikitan nire idoloa izan zen Gulliten aurka. Irabazi ere egin zioten El Molinonen, 1-0, baina San Siron 3-0 galdu zuten. UEFA hura Bayer Leverkusenek eraman zuen, Clementeren Espanyoli penaltitan irabazi eta gero. Milanek liga irabazi zuen urte hartan, eta orduantxe eman zion hasiera bere agintaldiari Europan. Eloyri zerbait esan-ez esan aritu nintzen oldozten geroztik, baina azkenean ez nintzen ausartu, lotsagatik eta Rafaren oharpenagatik, eta arantza horrekin itzuli naiz etxera. Zin egin diot neure buruari Xixonera bueltatu eta zerbait esan behar diodala. Gulliti buruz zerbait galdetu, nolakoa ote zen benetan berdegunean. Eloy izeneko ia hirurogei urteko gizon apal eta abegitsu hura datorkit burura, guri laguntzeko prest. Eskuan guk ekarritako poltsa bat daramala, arerio ikusezinak saihesten, alegiazko jokaleku batean patxadaz mugituz eta itzal ia ikusezin baten arrastoak utziz.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Mexikoko hura