Urgente Grandes retenciones en la A-8, el Txorierri y la Avanzada por la avería de un camión

Asko da memoriak objektuei zor diena. Ikus-entzunezko erreprodukzio mekanikorik ez zegoenean, margoen edo liburuen bidez gordetzen zen memoria, baita objektuen bidez ere. Balzacek, adibidez, deskripzio luze eta xehe-xeheak egiten zituen bere liburuetan. Altzariak, leihoak, fatxadak, bide-zorua, mahai-tresnak, kinkeak… Askori gehiegizkoa eta alferrikakoa iruditzen zaie hori, baina kontuan hartu behar da objektu horiek izendatzerakoan, Balzac garai bat eta maila sozial jakin bat deskribatzen ari zela. Objektuen bidez, haien artean bizi ziren pertsonaiei buruzko informazioa ematen ari zitzaigun. Rilkeren ustez, garai bateko belaunaldientzat 'etxea', 'iturria', 'arropa' oso hurbileko objektuak ziren, euren azalera itsatsitakoak, bigarren azal baten modukoak. Ia objektu bakoitzean topatzen zuten zerbait gizatiarra. «Orain -idazten du Rilkek Witold Hulewicz-i zuzendutako gutun batean-, Amerikatik, gauzak heltzen zaizkigu, bizitzarako itxurazko gezurrezko objektuak… Etxe batek, amerikar zentzuan, hango sagar edo mahatsondoek ez dute zerikusirik gure arbasoen itxaropen eta gogoeta iturburu ziren etxe, fruta eta mahatsondoekin». Kexu zen Pragan jaiotako poeta, gurekin eta gutaz zekiten gauza horiek bukatzen zihoazela.

Publicidad

Batzuetan, hainbesterainokoa da objektu horien eta beren jabeen arteko sinbiosia, zaila baita bata eta bestea bereiztea. Errenazimenduko Iparraldeko eskolako margolariek, esaterako, batasun betean margotzen zituzten gizakiak eta objektuak, eta esan daiteke, batzuetan, objektu horiek bizitza propioa izatera ere hel zitezkeela.

Flaubertek bere maitale Louis Coleten ile xerlo bat, eskuzapi bat eta zapatila pare bat gordetzen zituen tiradera batean. Colet bera erabili zuen inspirazio gisa 'Madame Bovary' idazteko, eta pertsonaiarekin gertatzen zen bezala, hezur-haragizko maitalearekin sexu-harremanak izan zituen herri txikietako hoteletan eta zalgurdietan. Tarteka, objektu horiek tiraderatik atera, eta haiek laztantzeari lotzen zitzaion, eta maitalearen ibilera berreskuratzen zuen zapatila pareari esker.

Eta zer esan Prousti buruz? Objektuen bidez askatzen zuen memoriaren korapiloa, iragan ahaztua. Objektu bakoitza aurkikuntza poetiko bat izan zitekeen. Objektu horiek eragiten dituzten sentsazioetatik abiatuta, ezagutzera ematen dizkiguten tximistei esker, adimenari ihes egiten dioten une jakin eta oparoak berreskura ditzakegu, gure hondo subjektiboaren aztarnak.

Memoriaz ari garelarik, deigarria da, halaber, Marguerite Yourcenarrek antzinateko tradizioari buruz egiten duen gogoeta, 'Hadrianoren oroitzapenak' idazterakoan gainditu behar izan zuen oztopo eztxiki baten karira. Izan ere, antzinate horretatik heldu zaiguna oso gutxi bada ere, gutxi horretan datu asko eskura ditzakegu orduko garaiari buruz. Gehiena idatziz jasota dago, baina arkeologiari ere asko zor diogu. Pitxar batek asko argitu dezake historiaren magalean ezabatutako epealdi bati buruz. Baina nola hitz egiten zuten orduko biztanleek, orduko greziar eta erromatarrek, beren egunerokoan? Nola urrundu hizkera literario artifizialetik eta ahozko arruntera hurbildu? Bestela esanda, nora jo literaturaren muntaketatik urrundu eta benetakotasun tonala sinesgarritasunez islatzeko? Horixe izan zen Yourcenarrek bere buruari egin zion galdera. Pertsonaiak hizketan jartzen baditut, nondik eta nola jakin nola hitz egiten zuten benetan? Azken batean, ez dago hizketaldi bakar bat ere grabatuta.

Publicidad

Adibide garaikideetara etorrita, Orhan Pamuk idazlearen 'Xalotasunaren Museoa' eleberrian, Kemal protagonistak museo bat eskaintzen dio bere maite Fusüni. Harreman korapilatsua biziko dute, baita tragikoa ere. Desagertu egin da Füsun, eta Kemal haren objektuak pilatzeari lotuko zaio, haien bidez konbokatuko du nostalgiaz eta alkoholez betetako gauetan. Objektu bakoitza une zatiezin baten aztarna da, eta horiek lotzen dituen lerroa, berriz, kontakizun bat. Objektuen arimaz ere hitz egin daiteke, haiekin dugun harreman sentimentalaz. Gutaz ari baitira, azken finean.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad