Urgente Grandes retenciones en la A-8, el Txorierri y la Avanzada por la avería de un camión

Udara honetan Christopher Hitchensen 'God is not Great' saiakera izan dut eskuotan (gazteleraz, 'Dios no es bueno' bezala itzulia). Izenburuak berak garbi uzten duen bezala, erlijioek gugan izan duten eragin kaltegarria aztertzen eta frogatzen saiatzen da Hitchens, bai eta lortu ere.

Publicidad

Liburua Ian McEwan idazleari eskainia dago. Ez da atariko txarra, McEwan idazle bezala estimatzen dugunontzat. Galdera esanguratsu batekin irekitzen du liburua egileak: jainkoa bada gauza guztien sortzailea, zergatik gurtu behar dugu etengabe berez ateratzen zaion zerbait egiteagatik? Epikuroren hitz batzuk erabiltzen ditu, berriz, liburuaren amaieran: «Gaizkia saihestu nahi al du eta ez al da horretarako gai? Orduan, indargabea da. Ahal du, baina ez du nahi? Orduan gaiztoa da. Nahi eta ahal du? Orduan, nondik dator gaitza?». Gauza miragarri, misteriotsu eta zirraragarrien aurrean liluratuta geratzen garela onartuta ere, Hitchensi iruditzen zaio Shakespearek, Tolstoik, Schillerrek, Dostoievskik edota George Eliotek hobeto planteatzen dituztela dilema etiko garrantzitsuak liburu sakratuetako ipuin moral mitologikoek baino. Azken batean, Jainkoak ez zuen gizakia bere irudira sortu, alderantziz baizik, eta horrek azaltzen du zergatik dauden hainbeste jainko eta erlijio, eta horrenbeste borroka euren artean. Guztiarekin, Portsmouthen jaiotako idazleak onartzen du ezin dela oraingoz fede erlijiosoa errotik erauzi, bilakaera prozesuan bizi garen izakiak garelako, eta heriotzaren, ilunpearen, ezezaguna zaigunaren beldur bizi garelako. Arrazoi horregatik ez luke debekatuko. «Esango duzue: oso eskuzabala zara. Baina izango al dira fededunak horren barkaberak nirekin?».

Erlijioaren izenean hildakoak aztertzen ditu gero (batez ere, monoteistek eragindakoak). Izan ere, erlijioen sektarismoak bere burua elikatzen du, eta ziur egon gaitezke elkarrekiko sektarismoa eragingo duela. Erlijioa identitate politikotik banaezina izatera ere hel daiteke hainbat herrialdetan. Hitchensek datu, lekukotza eta bizipen pertsonal mordoa biltzen du hori agerian jartzeko. Umorera ere jotzen du sarritan, eta pasadizo ezagun baten berri ematen digu: Belfasten gizon bat geratzen dute errepideko kontrol batean. Ze erlijiokoa den galdetzen diote. «Ateoa», erantzun gizonak. «Baina…», tematzen dira kontrolean daudenak, «ateo katolikoa ala ateo protestantea?». Salman Rushdiren kasua ere jartzen du mahai gainean, bai eta adierazpen askatasunaren defentsa sutsua egin ere, Rushdiek erlijio monoteista handi bat iraindu zuela ziotenak gaitzetsiz (tartean, abiturik janzten ez zuten zenbait idazle). «Nik esan nezake», dio Hitchensek, «tira, zuek zuen amets xiita bilatzen duzue ezkutatutako iman baten inguruan, eta ni Thomas Paine eta George Orwellen ikerketari emana bizi naiz, eta mundua nahikoa handia da biontzat». Baina benetako fededunak ezin du atsedenik hartu mundu guztia belaunikarazi arte.

Erlijioen janari debekuak aztertzen ditu gero, eta hainbat konturen artean, Espainiari dagokion bat aipatzen du, mahaian txarkuteria eskaintzeko ohituraren jatorri ilunarekin zerikusia duena; izan ere, heretikoak harrapatzeko zerbitzatzen omen zuten, txerriak nazka eragiten ote zien jakiteko. Jakina, osasun eta kastitate kontuak ere aztertzen ditu, baita kontu metafisikoak ere, erlijioek zientziarekin duten borroka, mirarien faltsukeria, pederastia eta sexu-abusu kontuak, elizak totalitarismoekin izandako harremana (azken batean, sistema totalitarioak fundamentalistak dira, eta fedean oinarrituta daude), ekialdeko erlijioen konponbidearen iruzurra, profeta umilen hautuen atzetik dagoen populismoa… Kontuan hartu behar da, gogorarazten digu Hitchensek, erlijioak sortu zirenean, fededun gehienak alfabetatu gabeak zirela eta orduko gizateriarentzat ezezagunak zirela naturaren fenomeno asko, gaur egun LHko haur batek ere badakizkienak. Filosofia fosildutzat ere jotzen ditu erlijioak, galderarik gabeko filosofiatzat, dogma eta fedea lehenesten baitute zalantza eta esperimentuaren gainetik.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad