Batzuetan, armairuetan edo kartoizko kutxetan gordeta bezala geratzen dira hitzak, hurrengo mudantzaren zain, letania isil eta herabe batean. Ur geldoaren antzeko zarata bat geratzen da airean igerian, etorkizuneko naufragio askoren iragarpen gisa. Ganbaran garbiketa egiten nenbilela, liburu eta hauts artean, hitz horietako batekin egin dut topo: idolatria. Gaur egun ia inork erabiltzen ez duen hitza, baina oraindik ere hainbat testuingurutan gaurkotasuna baduena. Distira handikoa garai batean, kalitate gutxiko metala bezala, histen eta urritzen joan da azken hamarkadetan. Lehen begi kolpetik, erlijioarekin lotzen dugu: jainko faltsuak gurtzea. Horretarako, jakin behar dugu, aurrena, zer diren jainkoak, eta zer faltsuak. Errazagoa bigarrena lehenengoa baino. Era askotakoak izan daitezke jainkoak: ikusezinak edo antzemangarriak, paganoak edo kanonizatuak, jostariak edo hiratuak…, nork eta nondik begiratzen dituen arabera. Lurretik edo tronutik begiratzen diren arabera. Edo ustezko erdibide batetik, ez zerutik ez lurretik, itsasotik baizik.

Publicidad

Jainkoen besoetan hazia zela zioen Hölderlinek, eta haien oroiminez bizi izan zen argitasun uneetan. Iluntasun uneez ez dakigu horrenbeste. Lauffen am Neckar-en jaiotako poeta panteismoaren eta kristautasunaren artean mugitu zen. Artxipelagoa lanaren amaieran jainkoen hizkuntza ulertzeko eskatzen digu, zeina aldaketan eta bilakaeran oinarritzen baita. Naturaren etengabeko joan-etorrian: agertu eta desagertu, dagokionean berriro agertzeko. Aldaketa edo ordezkatze hori oso garbi ageri zaigu urrezko zekorraren istorio paradigmatikoan. Hebraitarrak hura gurtzen ari zirela ikusita, Moisesek legearen taulak hautsi eta txiki-txiki egin zuen zekorra, hauts bihurtzeraino. Hauts hura uretan sakabanatu eta edanarazi egin zien hebraitarrei. Seguru kaliz sakratuko ardoak baino zapore mingotsagoa eta herdoilagoa zuela. Gaur egun sofistikatuagoak bihurtu gara, eta batzuek nahiago dute zekorra urretan bainatzea jan aurretik. Osasun agintariek garbi utzi baitute kaltegarria dela urrea hauts moduan irenstea, Alaskako urrearen sukarra dela eta.

Nolanahi ere, dagoeneko ez dugu, oro har, jainko edo jainkosengan sinisten. Ez gaude legez horretara behartuta. Estatu askotan bereiz agertzen zaizkigu erlijioa eta aginte zibila. Beste batzuetan, berriz, alderantziz, katramila bat eta bera balira bezala. Baina gauza bat ez da aldatu: ez diogu idoloak gurtzeari utzi. Haiek gurtzeko behar larria dugu. Antropologiaren edo psikearen kontuak, batek daki… Berdin zaigu benetakoak edo faltsuak ote diren. Edo, akaso, ez gara gai bata bestetik bereizteko. Egia-ostearen garaian, hitzak berak adierazten duen bezala, ostearen garaian bizi gara. Biharamunean edo bestondokoan. Gurtzaren frontisean eta irin trinkoagoetan sartuta, kirolariengana joan zait gogoa botelasterrean. Diru truke edozer egiteko gai diren izaki superbioniko horiengana. Arabiako dirutzak haruntza bidean jarri ditu eliteko hamaika kirolari ezagun. Ronaldo bezalako futbolariak, Jon Rahm golf-jokalaria, Rafa Nadal tenislaria eta abar luze bat. Polemika mahai gainean dago. Batetik, kirolari horiek dirutza pornografiko eta zorabiagarriak jasoko dituztelako, eta, bestetik, dagoeneko nahikoa dirutza irabazi dutelako lehendik ere. Alegia, horrenbeste diru behar al dute? Ez al dakite soseguz eta neurritasunez zahartzen? Eta ez gara sartuko diktadura bat zuritzen ari ote diren… Garbizale jarriz gero, eta diru guztia nondik datorren zorrotz arakatuz gero (TicketBai eta guzti), kirol profesional ia guztia legez kanpo utzi beharko genukeelako. Akabo kirolaren eredugarritasuna eta baloreak.

Eztabaida irekia dago. Idoloak behar ditugu, zeruetara goratzeko aurrena, eta, kasurik gehientsuenetan, lokatzik ilunenean hondoratzeko hurrena. Gure gurtza objektu edo subjektuek asko esaten dute gutaz, gure sinesmenez, gure izaeraz. «Idoloen besoetan haziak gara». Nabarmentzekoa ere bada: gurtzaren historiaren bilakaeran gauza bat ez da aldatu, haragia eta urrea lehen lerroan daudela beti.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad