Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
«Bi menderen artean aurkitu dut neure burua, bi ibairen elkargunea banintz bezala; ur zurrunbilotsuetan murgildu naiz, jaio nintzen antzinako bazterretik penaz urrunduz, urertz ezezagun baterantz itxaropenez igerian». Chateubrianden hitzak dira. Antzinako Erregimenaren eta Modernitatearen arteko bidegurutzeaz ari zen. Aitoren seme jaio zen, baina demokratatzat zuen bere burua, «nahiz eta ohituretan aristokrata izan». Gogoan dut duela hogei bat urte bisitatu nuela Chateaubrianden château-a Combourg-en, Frantziako Bretainian. Ez nuen aukerarik izan château-a eta zegokion lorategia barrutik eta hurbiletik ikusteko, Bretainia zeharkatzen ari bainintzen bizikletaz, eta Saint-Malorantz nindoan hurrengo goizean. Hortaz, gaua herriko kanpinean pasa nuen, egile frantziarrak horrenbeste goratu zituen basoetatik gertu: «Combourg-eko basoetan bihurtu nintzen gaur naizena».
Alexis de Tocquevilleren garaikidea izan zen, hura bezala AEBetara bidaiatu zuen, aldi berean idatzi, eta elkarri eragin zioten. Askatasun eskuratu berriaren defendatzaile, beldur ziren demokraziak bilakaera autoritarioa izango ote zuen. Honako ohartarazpen hau egin zuen Chateubriandek, esaterako: «frantsesak boterera makurtuta daude senez; ez dute inola ere askatasuna maite, eta berdintasuna baino ez da haien idoloa. Dena den, berdintasunak eta despotismoak lotura sekretuak dituzte». Bere ideiak laburbiltzen zituen sistema bat eraiki ahal izan bazuen ere, nahiago izan zuen giza izaera eta historiaren joera aldakorrak behatu, beti ere pentsamenduaren argitasuna eta estiloaren kalitatea uztartuz (Baudelaire eta Proust aipa daitezke haren miresleen artean).
Baina ez zen behatzaile huts izan. Frantziako Iraultzaren garaian monarkiaren alde egin zuen, bere zenbait senide exekutatu zituzten, Condéren gudarostean parte hartu zuen, hiltzat jo eta abandonatu egin zuten, Ingalaterrara ihes egitea lortu eta erbestean bizi izan zen zazpi urtez. Bonaparte agintean zegoela itzuli zen sorterrira, eta agintariaren miresle eta kolaboratzaile bihurtu bazen hasieran, geroago harekin desengainatu eta haserretu egin zen. Itzuli eta berehala, ospea ezagutu zuen Kristautasunaren jeinua lan apologetikoarekin, eta Erromantizismoaren ikur handienetakoa bihurtu zen. Fededuna izan arren, oso gogoan zuen Pascalek esandakoa: «Erlijioak ez du berezko erlijiora behartzea». Askatasuna eta erlijioa bateragarriak zirela uste zuen, eta boterearekin loturarik ez zuen erlijio batekin egin zuen amets.
Ultren artean esertzen zen askatasuna defendatzeko, eta, liberalen artean, tradizioa gogora ekartzeko. Bazuen senidetasun halako bat On Kixoterekin. Biak ala biak zebiltzan okerkeriak desegin nahian, eta biak bizi ziren beren garaia baino aspaldikoagoko batean. Politikan murgilduta egon zen urte luzez, 1830ean Luis Filipe Frantziakoari leialtasuna zin egiteari uko egin zion arte, eta horrek bere bizitza politikoaren amaiera ekarri zuen. Erretiro hori baliatu zuen bere mugarria idazteko: 'Hilobiaz haraindiko memoriak'.
Chateaubriand urte luzez egon zen bere memoriak idazten, baina bera hil ostean argitaratzeko agindua eman zuen. Bizi artean sor zezaketen polemika saihesteko baino gehiago, tradizio aristokratikoak hala agintzen zuelako: memoriak, hil ostean. Neurri batean, esan daiteke bere hilobiaren hondoan eserita bezala idatzi zituela, duintasunik gabe benetako askatasunik ez zegoela frogatzeko. Bere garai nahasia islatu nahi zuen oroitzapenetan, eta, aldi berean, bere burua garai horren ikur gisa agertu (ez zitzaion apaltasun faltsurik falta). Rousseauren 'Aitorpenak' izan zuen eredutzat, eta behin baino gehiagotan aipatzen du 'Kontratu soziala'ren egilea. Guztiarekin, garaiaren gorabeheren gainetik, egilearen dotorezia nabarmentzen da oroz gain. 1841ean amaitu zuen idazketa, eta 1849 eta 1850 urteen artean argitaratu zen Penaud anaien inprentan. Hala ere, lanaren argitalpen-eskubideez arduratzen zen elkarteak egunkari bati saldu zizkion, eta, azkenean, ez ziren horren hilobiaz haraindikoak izan.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.