Borrar

Horrenbeste albiste eta liskar politikorekin, ahaztu egiten dugu badatorrela uda, bere gatz usain sarkorrarekin, bere suzko jolasarekin. Bainatzeko moduan dago itsasoa, hotz oraindik, baina ez hotzegi. Aldatzen du kolorez eta ehunduraz, eta ilargiaren eta haizearen gutiziara lerratzen da, orain urdinago, orain berdeago. Ezin du hegan egin txoriek bezala, baina pauso ikusezinez hegaldarazten ditu ontziak batetik bestera, orbitatzetik asko duen letania itxurako kulunkan. Kulunka gozoa edo bortitza, denetarik gordetzen baitu itsasoak sabelean. Ez dizu audio bidezko mezu amaiezinik bidaliko, ez zaitu sare sozialekin gogaituko. Hari begiratzeko eskatzen dizu isilean, bainatzeko zu ere, izateko ur une batez, itzultzeko likido amniotikora. Hasierara.

Likidezia faltarekin batera, garai likidoak bizi ditugu, halakoak ere omen dira gure jarduna eta gure memoria, arinak eta iheskorrak. Halako ezaugarriak leporatzen dizkiegu uda sasoiko maitasunei. Udako ur zipriztinek, ordea, gainerako urtaroetakoek bezala, isilean eta duintasunez irensten dituzte munduko min guztiak, Hipercorrak eta paterak, baita guk eragindako berotze globalak eta zabor kontinenteak ere. Itsasoaren likidotasunak berarekin daramatza aldi berean pairamena eta biguntasuna, ur gaziaren aldakortasun aldagaitza, ar eta eme izaera. Bainu azkar bat eta zerumugaranzko gonbita lotzen ditu hegaldi berean. Ai, jendeak itsasoaren likidotasuna balu, jende likidoa ur gazikoa balitz… Beste itsaslamina batek kantatuko liguke.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Garai likidoak