![Garai baten zarata](https://s1.ppllstatics.com/elcorreo/www/multimedia/2023/11/04/musika-hildak-kLTE-U210668973133H1H-1200x840@El%20Correo.jpg)
![Garai baten zarata](https://s1.ppllstatics.com/elcorreo/www/multimedia/2023/11/04/musika-hildak-kLTE-U210668973133H1H-1200x840@El%20Correo.jpg)
Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Garai baten zaratak definitzen du hildakoek bizidunei eta hildakoek hildakoei egiten dieten kontakizuna, hilobitik hilobira, liburutik liburura. Garai bateko zaratari esker dakigu nolakoak izan ziren historiaren atal jakin bat bizi izan zuten pertsonak. Idatziko al zuen Chopinek bere 9. Estudioa (Op. 25), Frantziako landazabalean 1832 eta 1834 artean entzun zuena entzun izan ez balu? Nondik dator konposizio atonala, Schönbergen musika dodekafonikoa? Gogoeta horrekin ematen dio amaiera Ariana Harwicz-ek 'El ruido de una época' bere saiakera argitaratu berriari. Argentinarra da sortzez Ariana, jatorri judutarrekoa, eta Frantziako landazabalean bizi da azken urteotan, Chopinen zarata haiek berreskuratu nahian. Aurretik lau nobela emanak ditu argitara, horietako hiru 'Trilogía de la pasión' izenburupean bilduak.
Arianak ez du politikoki zuzena izan nahi, eta saiakeraren lehen lerrotik garbi uzten du bere asmoa. Ezinezkoa da inor iraindu gabe idaztea. Montaigne da Pascalen arerio onena. Aron, Sartrerena. Karikaturarentzat ona denak, ez du zertan ona izan behar demokraziarentzat. Joseph Roth alkoholikoa eta kaotikoa zen, baina berak zuzentzen zizkion estilo gehiegikeriak Stefan Zweig metodiko eta zorrotzari. Paul Celanek Heidegger nazitzat jo eta irakurri izan ez balu, oso bestelakoak izango ziren Shoahren sufrimenduari buruzko bere poemak. «Gorrotoa, diskriminazioa eta iraina bertan behera uzten dituzten obrak sortzeko agintzen digute». Bakoitzak erabaki dezala zein nagusi zerbitzatu. Harwicz-en ustez, garai honek oker irakurtzen du, identitatetik irakurtzen duelako. Faxismoak gizakia bere izaera genitalera, biologikora, genero-identitatera, sexualera edo larruazalaren kolorera mugatzen zuen. XX. mendean izututa ihes egin zuten sailkapen horretatik, eta gaur egun sailkapen hori finkatzen laguntzen ari gara artearen esparruan. Harwicz-ek literatur jaialdien adibidea aipatzen du, bere esperientziatik abiatuta: «kazetari, editore, aurkezle eta abarrek parte-hartzaileak 'idazle emakumeak', '70ean jaioak' eta 'latinoamerikarrak' garela nabarmentzen dute sarritan. Hala egiten dutenean, gu alienatzea bilatzen dute. Irudi lezake babes politika bat dagoela horren atzean, agerikotasuna eman nahia, emakumeek mendeetan zehar maila guztietan jasan izan duten bazterketaren aurrean justiziaz jokatzea. Eta, hasiera batean, hala izango zen. Gaur egun, uste dut diskurtso hori hizkuntza baten, lan baten, fikziozko unibertso baten balorazioaren aurkakoa dela». Sistema totalitarioek bilatu izan dute garbitasun politikoa. Orain, demokraziaren izenean ere bilatzen da, eta prentsan oihartzun ona duten kausetara atxikitzen omen gara ezinbestean. Harwicz-en arabera, ordea, idazle baten baldintza bakarra, edozein belaunaldi, kultura eta garaikoa delarik ere, bakarra eta menderaezina izatea da.
Liburua hiru ataletan banatua dago. Lehenengoan gogoeta laburragoak eta aforismoak daude, egilearen uztakoak zein beste idazleen irakurketetatik ateratakoak. Bigarren atalean, Adan Kovacsics idazle eta itzultzailearekin elkartrukatutako gutunak agertzen dira. Hain zuzen ere, Kovacsicsek Imre Kertész Nobel saridunaren lan ia guztiak itzuli ditu Acantilado argitaletxearentzat. Tarte handia eskaintzen dio Harwicz-ek idazle hungariarrari eta honek hizkuntza propio bat bilatzeko egindako ahaleginari. Hizpide duen beste idazleetako bat Marguerite Duras da. Hirugarren atalean jorratzen ditu luze-zabalago bi egile horien inguruko kontuak, baita idazlearen ofizioari eta askatasunari buruzkoak ere. Musika ahaztu gabe. «Pertsona bat pianoren aurrean baino ez. Grigori Xokolov. Ez dio publikoari begiratu ere egiten. Obra bere horretan. Nobela batek soinu hori eduki beharko luke». Glenn Goulden pasadizo batekin amaitzen du saiakera. Gouldek jotzeari uzten dio bat-batean, leihora doa, pianora itzultzen da gero, eta ez du inoiz erritmoa galtzen, barruan metronomo bat eramango balu bezala. «Ziur nago teklen gainean zintzilik dauden eskuen isiltasun hori dela idaztea».
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
La víctima del crimen de Viana recibió una veintena de puñaladas
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.