Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
1970ean eman zuen argitara Ismail Kadarék gaur egun gazteleraz 'El cerco' bezala ezagutzen dugun eleberria. Albanieraz izan zuen lehen izenburua 'Kështjella' izan zen, 'Gotorlekua' alegia. Editoreak iradoki omen zion idazleari, nobelan setiatuak diren albaniarren erresistentzia azpimarratzeko (nahiz eta kontakizunaren ardatza otomandarrak izan). Kadarék hogeita hamalau urte zituen, eta sormen krisi sakon batetik zetorren. 'Munstroa' emana zuen argitara urte batzuk lehenago, baina kritikak ez zion ia jaramonik egin. Eleberri horretan Troiako zaldiaren barruan sartu zen idazlea, gorroto amorratuz elikatzen diren gerlari batzuen larruan. Pareko hiria suntsitu nahi dute, su eman nahi diote. Haiek ezkutatzen dituen zurezko babeslekutik iragarkiak eta kafetegiak ikusten dituzte. Taxi batean bahitu dute Helena, Tiranako etxe batetik. Ez dago ontziak garraiatuko dituen itsasorik. Ulises K. izeneko gerlari bat dute gidari. Geroago beste askotan egin bezala (H. dosierra, Estepako jainkoen gainbehera…), Kadarék mitoa berridatzi zuen, eta gaur egungo osagaiez elikatu. Baina, esan bezala, kritikak ez zuen begi onez ikusi, ez baitzetorren bat haiek goraipatzen zuten errealismo sozialistarekin. Kadarék amore eman, eta doktrina estetiko horrekin hobe egokitzen zen lan bat kaleratu zuen hurrena, 'Ezkontza'. Irakurleon zorionerako, beste bide bati heldu zion aurrerantzean, eta nahiz eta Enver Hoxaren erregimen komunistarekin harreman gorabeheratsua eta zaila izan, bere sormenari eta disidentzia sotil bati esker, askatasun espazioak bilatu zituen literaturan.
Era horretan, Albaniako erregimen komunistaren setioa saihestea lortu zuen bere lanekin. Arestian aipatutako 'El cerco' eleberriarentzat beste izenburu bat zuen pentsatuta: 'Euriaren danborrak'. Baina editorearen aholkua onartu zuen, bere biziraupena bermatzeko eta susmo txarrak usatzeko. Bi urte geroago, ordea, 'Les tambours de la pluie' izenburuarekin kaleratu zen Frantzian. Gaztelerazko lehen itzulpenak ere izenburu hori erabili zuen: 'Los tambores de la lluvia'. Urte batzuk geroago, Fayard argitaletxeak idazle albaniarraren obra osoa argitaratzea erabaki zuen, eta Kadarék aukera aprobetxatu zuen bere lana zuzentzeko eta osatzeko. Ondoren, gauza bera egin zuen albanierazko jatorrizko bere ekoizpenarekin, eta 'Setioa' izenburua jarri zion 'Gotorlekua'ri.
'Setioa'n gerraren alde orotarikoak kontatzen zaizkigu: buruz buruko borroka, intendentzia kontuak, kanoitzar baten eraikitzea, agintarien arteko intrigak, Scandenberg buruzagi albaniarraren ospea, kondairak, hareneko emakumeen egoera, astrologia kontuak, ingeniaritza kontuak, eguraldiaren garrantzia, lurpeko ura bilatzen duten zaldiak… Nabaria da Homeroren eragina eta itzala liburuan zehar. Hizpidera ere ekartzen dute behin baino gehiagotan. Itsu geratzen den poeta bat ere badago. Eta, hori gutxi balitz, setioa otomandarren ikuspegitik kontatuta dago batez ere. Hau da, galtzaileen ikuspegitik (troiarrekin gertatu bezala). Pertsonaia nagusia, Mevla Chelebi, kronista da, eta gerrari buruzkoak idazteko etorri da Albaniaraino. Harreman estua du intendentziaren arduradunarekin, eta azken honen ahotik ateratzen dira gerrari eta botereari buruzko gogoeta interesgarrienak, epika gutxikoak eta aski pragmatikoak sarritan. Honen ustez, esaterako, herrialde bat konkistatzeko haren zerua konkistatu behar da, haien jainkoak alegia. Gerra eta hondamendia abestietan geratzen dira baltsamatuta, etorkizuneko gizakiek zer kanta izan dezaten. Gerrak amaitu egiten dira, baina abestiek mendeetan zehar iraun dezakete, eta gerra zaharrak berpiztu. Berarengan ohikoa den bezala, mitoa eta errealitatea elkarrekin dantzan jartzen ditu Kadarék, keinu literarioak eta paralelismoak bilatuz, iturri ezberdinekin hiru arkuko zubiak eraikiz. Badaki, halaber, errealista, garratza eta ironikoa izaten. Zalantzarik gabe, mundu mailako idazle handienetako baten aurrean gaude. Amaitzeko, Ramon Sanchez Lizarralde itzultzaileak egindako lan eskerga nabarmendu nahiko nuke. Berari zor dizkiogu Kadaréren itzulpen ia gehienak.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
A la venta los vuelos de Santander a Ibiza, que aumentan este verano
El Diario Montañés
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.