Borrar
Adobestock
Eta ez zen alerik ere geratu
Territorios

Eta ez zen alerik ere geratu

Agatha Christieren irakaspenak agorrezinak dira, eta beren bidea jarraituko dute 'reality'ez harago

Miércoles, 13 de marzo 2024, 00:44

Duela hamarkada batzuk sartu ziren telebistako 'reality'-ak gure bizitzan, batez ere 'Anaia Handia'ren fenomenoaren eskutik. Geroztik, ehunka reality programatu izan dituzte: elkarbizitzakoak, abenturazkoak, biziraupenezkoak, sukaldaritzakoak, maite-jolasenak… Kolonizazio prozesu baten antzera, tantaka heldu ziren gure pantailetara, lotsa puntu batez edo azterketa soziologikoz mozorrotuta, eta orain programazioaren konkista ia erabatekoa lortu dute, ordu-tarte gehienen jabe dira, eta ozpinarekin baino ezin ditugu burutik kendu, zorriak bezala. 'Anai Handia' entzuten dugunean, berez, Orwellen '1984' eleberrira joaten zaigu gogoa, dena kameren bidez kontrolatzen duen superagintari horrengana. Gaur ez da beharrezkoa agintari batek hori egitea, zuzenean hiritarrok betetzen baitugu funtzio hori gure mugikorrekin eta kuxkuxerako gure joera ase ezinarekin. Dena den, aipatu 'reality'-en atzean aurrekari askoz zaharrago bat dago, literaturarekin lotua baita ere. Agatha Christiek 1939an kaleratu zuen 'Eta ez zen alerik ere geratu eleberria'.

Liburu horretan protagonistek gonbidapen bat jasotzen dute Beltzaren Uhartera, Devoneko itsasertzaren ondoko uharte isolatu batera joateko (Burgh uhartean oinarritua). Zurrumurru asko dabil uharte horren inguruan. Aberats batek luxuzko etxe bat eraiki zuen bertan, eta jai ikusgarriak ospatzen zituzten. Gonbidatuek ez dute elkar ezagutzen, eta ez dakite zehazki nork egin dien gonbidapena. U. N. Owen izeneko batek, antza denez. Hala ere, erakargarria iruditzen zaie ideia eta Sticklehaven herrixkan elkartzen dira hara txalupaz joateko. Uhartean bi zerbitzari dituzte bere agindupean, Rogers senar-emazteak. Hortik aurrera, ustezko festa amesgaizto bihurtuko da, haur-kanta batean oinarritutako heriotza segida. Esan behar da eleberriaren jatorrizko izenburua 'Ten Little Niggers' zela, baina polemika piztu zuen AEBetan kaleratu eta gutxira, 'nigger' hitzaren konnotazio gutxiesgarriengatik. Hala, AEBetan izenburua aldatu zioten, eta 'Ez zen alerik ere geratu' bihurtu zen. Liburuak oinarri duen abestiari ere letra aldatu zioten, eta hamar ume beltzak hamar indiar edo hamar soldadu bihurtu ziren. Erresuma Batuan 1985ean aldatu zioten izenburua, eta Atlantikoaz bestaldeko bere kideen izenburu bera hartu zuten, 'Then There Were None'. Izenburu horrekin heldu da gure eskuetara euskarazko bertsioa, Igela etxeak kaleratua, Koro Nabarroren itzulpenarekin.

Ez naiz misterioaren korapiloa askatzen hasiko, irakurleak bere kabuz irakurri eta goza dezan. Agatha Christieren ohiko nobela da, eta ezohikoa aldi berean. Berezkoa duen maisutasunarekin josten du intrigaren haria, eta pertsonaiak azaletik baino ez ditugu ezagutzen, eta ez zaizkigu bereziki hurbilak eta enpatikoak egiten, Vera Claythornen salbuespenarekin, akaso. Lerro eta iruzkin gutxi batzuen bidez, agerian geratzen dira pertsonaien eta orduko gizarte britainiarraren zenbait -keria eta -ismo: klasismoa, arrazismoa, harrokeria, hoztasuna, gizatasun falta… Jakina, Christieri ez zaizkio giza tragedia eta barne borroka psikologikoak interesatzen, eta harira doa zuzenean, krimenera, susmagarrietara, tentsiora, efektu kolpeetara. Eta horretan ezin trebeagoa da. Liburuaren amaieran, ordea, ikertzaileak ez du krimena argituko guztien aurrean, ez dago horrelakorik. Krimena geroago argituko du poliziak. Gaizkilearen aitortza nahiko modu bitxi eta sinesgaitzean heltzen da, itsasotik zuzenean.

Gaur egun ez zaigu, agian, horren originala iruditzen ideia, geroztik sarritan imitatu eta errepikatu izan delako, baina kontuan izan behar da duela ia mende bat otu zitzaiola Christieri, eta, beraz, 'Krimenaren Erregina' izan zela aitzindaria. Duela gutxi, hain zuzen ere, antzeko planteamendu bat ikusi dugu Mark Myloden 'Menua' eta Rian Johnsonen 'Glass Onioneko misterioa' filmetan, biak ere uharte misteriotsu baten eta gonbidatu xelebreen inguruan harilkatuak. Eta ziur gehiagotan ikusten ere jarraituko dugula, Christieren irakaspenak agorrezinak baitira, eta beren bidea jarraituko dute 'reality'ez harago.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Eta ez zen alerik ere geratu