Borrar
Urgente Grandes retenciones en La Avanzada, el Txorierri y Malmasín por varios accidentes
Ermitauak
Territorios

Ermitauak

Ez da gauza bera Grezia epelean edo hotzez uzkurtzeko moduko Errusian bizitzea

Martes, 17 de octubre 2023, 00:22

Ermitauak bizitza bakarti eta aszetikoa aukeratzen du, gizartetik eta zaratatik kanpo. Sarritan basamortuarekin lotzen dugu, eta ez bakarrik Buñulen Simon basamortukoa filmaren eraginagatik. Hitzaren grezierazko erroak, 'eremos'ek, bakartia esan nahi du, baina baita basamortua ere. Inor ez dagoen lekua. Edo, hobe esan, deabruaren tentaldiak egon daitezkeen lekua, Jesukristoren kasuan ezaguna den bezala. Baina ermitau guztiek ez dituzte beren pausoak basamortura gidatu, ez dira eremu zabal eta mortu horretara erretiratu, eta denak ez dira erlijiosoak izan. 'Misioa' filmean, esaterako, Robert de Nirok antzezten zuen Rodrigo Mendoza kapitainak guaraniarren oihanean bilatu zuen barne-bakea, erdi arrazoi erlijiosoengatik, erdi kontzientzia arazoengatik. Ramiro Pinillaren 'La higuera' eleberriko ermitaua ere soldadu lanetan zebilen falangisten lerroetan, baina haur baten gorrotozko begiradak bizitza aldatu zion. Damututa, fusilatuak hobiratuak zeuden eremuan norbaitek landatutako pikondoa zaintzeari lotu zitzaion. T. S. Eliotek 'Lur Mortua' poema ezagunean deskribatzen digun lurraldean ez dago urik, arroka hutsa baizik. «Hemen ezin daiteke gelditu ez etzan ez eseri, isiltasunik ere ez dago mendietan, euririk gabeko trumoi lehor antzua baizik. Bakardaderik ere ez dago mendietan».

Giro ospel horren ifrentzuan, Mediterraneo bete-betean, bizi izan zen zinismoaren korronte filosofikoaren jarraitzaile eta ermitauen aitzindari izandako Diogenes, upel batean erdi biluzik eta zakur baten konpainian. Ekintza pentsamenduari lotzeko, ondasun material guztiei uko egin, eta jarraitzaileek ematen ziotenarekin elikatzen zen. Diotenez, Alexander Handiak gizon bitxi hura ezagutu nahi izan zuen, eta, haren aurrera helduta, esan omen zion: «Alexander Handiaren aurrean zaude. Eskatu nahi duzuna». Eta argia kentzen ziola ikusita, erantzun zuen Diogenesek larridura izpirik gabe: «Mugitu apur bat, eguzkia kentzen didazu eta. Ez dut gehiago behar». Geroago, Alexanderrek aitortu omen zien bere jeneralei: «Alexander ez banintz, Diogenes izan nahiko nukeen». Gauza jakina da, bestalde, antzinako Grezian politikaren zereginetatik aldentzen zenari «ergela» esaten zitzaiola. Helburu politiko partekatuetatik urrundu, eta bere interes propioa bilatzen zuenari esaten zioten horrela. Pentsa nola aldatu diren gauzak geroztik… Horren harira, ermitauen sailkapen honetan Epikuro ere sartu beharko genuke, bere lorategira erretiratu baitzen, kontu jainkotiar eta politikoei bizkarra emanda. Ez zen bakarrik edo isolatuta bakartu, konpainia noble eta onean baizik, adiskidetasunaz eta gogoetaz neurritasunez gozatzera.

Txekhoven 'Seigarren pabilioia' narrazioan Diogenesi buruz ari direla, pertsonaietako baten ahotan entzun dezakegu ez dela gauza bera Grezia epelean edo hotzez uzkurtzeko moduko Errusian bizitzea. «Diogenesek ez zuen gelarik eta bizileku epelik ere; han hori gabe ere bero egiten du. Kupela batean sartu, laranjak eta olibak jan eta kito. Baina Errusian bizitzea suertatu izan balitzaio, eta ez abenduan, baizik eta maiatzean gelaren batera deituko zukeen. Ziur nago hotzez kuzkurtuko zela». Errusiako ermitauek ez dute greziarren giro epel eta atseginik ezagutu, baina horrek ez die eragotzi ermitau tradizio luze eta nabarmena izatea. Hangoak ez ziren basamortura erretiratzen, txabola kaskarretara, kobazuloetara edota monasterioetara baizik. Kondairaren arabera, Alexander I.a tsarrak bere heriotzaren itxurak egin, eta Fiodor Kuzmitx ermitaua (edo staretsa) bihurtu zen. Misterio handia piztu zuen kontu horrek bere garaian eta hurrengo hamarkadetan, batez ere ermitau bitxi eta ospetsu harengana pertsonaia aski ezagunak joaten zirelako bisitan, eta tsarraren familiak babesten zuelako. Are gehiago, Tolstoik berak 'Fiodor Kuzmitx hil osteko egunkaria' izenburuko narrazioa eskaini zion katramila hari. Dena den, ez dira asko beren jabetzei uko egin eta mundutik aldentzen direnak, nahiz eta, munduaren egungo egoera ikusita, dena pikutara bidaltzeko tentazioa gero eta handiagoa izan.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Ermitauak