Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Duela hogeita lau urte idatzi nuen nire lehen nobela. Lehena izanik, inperfekzioz eta gehiegikeria puntu batez betea dago, baina kariño handiz gogoratzen dut. Kafkaren labankada zuen izenburua, eta, izenburuak salatu bezala, Kafka da eleberriaren oinarrietako bat. Idazle txekiarraren heriotzaren mendeurrena betetzen den honetan, ez nator, noski, nire nobela hartaz hitz egitera. Labanarekin hasi nahiko nuke, ordea, izenburuko labanarekin. Izan ere, 1911ko azaroak 2an honako hau idatzi zuen Kafkak bere egunkarian: «Gaur goizean goiz, lehen aldiz denbora luzean, norbaitek labana batez bihotza bihurritzen didala imajinatzeko plazera». Antzeko zerbait idatzi zuen Prozesua eleberrian, azken aurreko esaldian hain zuzen ere: «…besteak bihotzean labana sartu eta leku hartan bitan birarazten zion bitartean» Esaldiak asko adierazten digu Kafkak intentsitatearekin eta sufrimenduarekin zuen harremanaz. Plazera ere aipatzen du, masokismo puntu bat agerian utziz. Josef K.-k bere borreroei lagundu nahi die lana egiten, baina biktimaren postura «sinesgaitza» da. Hartuko zukeen labana eta bere buruari sartu, baina, funtsean, ezin zien lan guztiaren zama kendu funtzionarioei.
Orfeo bezala irudikatzen dut idazle txekiarra, labana bihotzean duela lur azpiko eremura jaisten. Ez du lirarik eskuan, ez ditu bere ahotsaz gizakiak eta piztiak liluratzen. Hizkiak jariatzen zaizkio eskuetatik. Idazlea da. Ez bokazioaz. Hori baino askoz gehiago. «Ni neroni literaturaz osatua nago, ez naiz besterik, eta ezin naiz besterik izan», aitortzen dio Felice Baurrei gutun batean. Ez dira gutxi horrelako aitortzak Kafkaren idatzietan. Idaztea zen bere izatearen norabide emankorrena. Hitz emari txikienarekin ahalik eta eraginkortasun handiena lortzen zuen. Zehaztasunean bilatzen zuen komikotasuna. Eta zeregin horri lotu zitzaion, gainerako gaitasunak alde batera utzita: sexua, maitasuna, musika, gogoeta filosofikoa... Ez zuen balio eguneroko bizitzarako. Bere gela eta idaztea ziren bere aberriak. «Literatura ikusezin batera kate ikusezin batzuez lotuta dagoen norbait naiz, eta garrasi egiten dut inor hurbiltzen denean, kate hori uki dezakeela uste baitut». Kateatze horren jakitun zen Kafka, eta kateatze hori bilatzen zuen beste ezeren gainetik. Neurri handi batean, literaturaren anakoreta bat izan zela esan daiteke, baina ez zuen Jainkorik edo zerurik buruan, auzitegi ikusezinak eta larritasuna baizik.
Noticia relacionada
Lur azpi horretara doala, ez dago heriotzarik, ez dago jainkorik, ez Euridizerik, erruduntasunaren eta sosegurik ezaren erresuma baizik. Roberto Calassoren ustez, Kafkaren lan osoa espantuaren sorta ugariaren inguruko ariketa bat da. Arroztasuna da nagusi haren testuetan, mundu honetakoa ez dirudiena hasiera batean, baina, aitzitik, mundu honen sustraietan oso errotuta dagoena. Desagertua eleberriko Karl Rossman pertsonaia arrotza da, hitzaren adierarik erradikal eta literalenean, kanporatutako norbait; Gregor Samsa, berriz, bere logelan bertan da arrotz, biologikoki arrotz: Joseph K.-k ez du modurik jakiteko zergatik epaitzen duten, zein den prozesuaren jatorria; K. lur-neurtzaileak ez du Gaztelura heltzeko modurik. Eta abar. Jaitsiera horretan, Kafkak ezin dio utzi literaturan pentsatzeari. Absurdoarekin eta kezkarekin lotzen dugu, ezkutatutako indarkeriarekin, hautemanezina zaigun berezko kondena batekin..., baina fabulatzaile aparta da, ateak eta leihoak irekitzen ditu hormatzarrak baino ez dauden lekuan. Metaliteraturarekin ausartzen denean, gainera, emaitza txundigarriak lortzen ditu. Esaterako, On Kixote Sancho Panza beraren asmamen bat dela dioenean, edota itsas-laminen isiltasunaren aurrean Ulisesek burutzen duen fartsa agerian jartzean (belarriak tapatzekoa alegia).
Arestian esan bezala, ehun urte bete dira Kafka hil zenetik. Lur azpira jaisten jarraitzen du, orduko irmotasun berarekin, bide berriak urratuz. «Hildako bat hilobitik atera ezin daitekeen bezala, inork ez nau nau nire lan-mahaitik erauziko gauez». Mahai hori sekula ez dago hutsik.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Estos son los mejores colegios de Valladolid
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.