![Duinoko elegiak](https://s3.ppllstatics.com/elcorreo/www/multimedia/2023/05/12/rilke.jpg)
![Duinoko elegiak](https://s3.ppllstatics.com/elcorreo/www/multimedia/2023/05/12/rilke.jpg)
Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
1912 urtearen hasieran, Alexander eta Marie von Thurn und Taxis senar-emazteen Duinoko gazteluan zegoela, negozio gutun gogaikarri bat irakurri ostean, lorategira atera, eta Sistianako hondartzara zeraman bidexkari lotu zitzaion Rilke. Eguzkia nagusi izan arren, gogor jotzen zuen haizeak. Bat-batean, elegia baten lehen bertsoa iradokitzen zion ahots bat entzun zuen. «Garrasi egingo banu nork entzungo lidake aingeruen koruetatik?». Lehen bertso hartaz gain, lehen ahapaldiko beste batzuk ere apuntatu zituen bere koadernoan. Gauerako, amaitua zuen 'Duinoko Elegiak' izenburuarekin ezaguna egingo zen poema-bildumaren lehen elegia. Hala ere, erditze prozesua luzea izan zen, han-hemenka gauzatua (Duino, Paris, Munich, Toledo eta, batez ere, Muzot), batera eta bestera ibili baitzen Rilke bera, ia erbesteratu bat bezala. Tartean, Lehen Mundu Gerrak Europako kontinentea zatitu zuen, eta Zweigek «atzoko mundua» bataiatu zuen hura erabat deseginda geratu zen.
'Duinoko Elegiak' 1923an argitaratu ziren, eta urte berean eman zuen Rilkek argitara 'Sonetoak Orfeori' bilduma, biak ere estuki lotuak. Urtebete lehenago, 1922an, T.S. Eliotek 'The Waste Land' emana zuen argitara. Ez ziren gutxi izan 20ko hamarkada hartako maisu-lanak: 1920koa da Paul Valéryren 'Itsas hilerria' (Rilkek berak alemanera itzulia); 1922koak dira César Vallejoren 'Trilce' eta Mandelstamen 'Tristia' ere; 1924koak Saint-John Perseren 'Anabase' eta Nerudaren 'Veinte poemas de amor y una canción desesperada'; eta 1925ekoa, berriz, Eugenio Montaleren 'Sepia hezurrak'. Urte bat geroago argitaratu zuen Paul Eluardek 'Oinazearen hiriburua'.
Gaztelaniazko zenbait itzulpenen eskutik etorri izan zaigu Rilkeren maisu-lana: Jaime Ferreiro Alemparte (Austral), Jenaro Talens (Hiperion), Eustaquio Barjau (Cátedra), Otto Dörr (Visor) edota Juan Rulfo bera (Sextopiso). Testu kanoniko baten aurrean gaudela baieztatzera datoz itzulpen ugari horiek. Duela gutxi, itzulpen berri eta esanguratsu bat gehitu zaio, Andreu Jaumek eta Adan Kovacsics-ek Lumenentzat egindakoa. Bereziki azpimarragarria da informazio ugari dakarrelako, eta Elegien munduan sartzeko ezin egokiagoa delako. Itzulpenaz gain, sarrera mamitsu bat prestatu dute, eta Rilkek 'Elegiak'en ostean ondutako poemak eta idazketa prozesuan zehar bidalitako gutunak gehitu dituzte.
Lan eskerga horri esker, hurbilago senti dezakegu Rilkeren unibertso poetikoa. Hermetikotasuna aipatu izan da askotan. Izan ere, hamaika interpretazio eta teoria eragin izan ditu Rilkeren maisu-lanak. Nor da aingeru izugarria? Nortzuk dira maitaleak? Nortzuk errariak? Heideggerrek esan zuen ez geundela prest oraindik 'Elegiak' eta 'Sonetoak' interpretatzeko. Herman Hessek, berriz, Rilkeren baitatik unibertsoaren musika entzuten zela, eta poeta bera zela aldi berean belarria eta musika-tresna. Galdutako zerbait berreskuratzen saiatzen da Rilke, eta, pentsa daiteke aingeru horiek jainkoaren eta gizateriaren artean apurtu den lotura baten eragileak direla, eta Hölderlinen esperientzia jainkotiarrarekin bat datozela. Oso argigarria da, zentzu horretan, Rilkek Witold Hulewicz bere «itzultzaile poloniarrari zuzendutako gutuna. «Eta ni naiz 'Elegiak'en azalpen zuzena eman dezakeena? Nigandik infinituki harago doaz». Bere lanaren hainbat gako argitzen ditu gutun horretan: heriotzak bizitzarekin duen lotura (inoiz ez arerio gisa), mundu «irekia»ren kon-tzeptua, iragankorra denaren sakontasuna, eraldaketa, mundu ikusezina eta ikus daitekeena («ikusezintasunaren erleak gara»), objektuek gugan uzten duten herentzia gizatiarra, irakurketan kontzeptu katolikoak erabiltzearen gaizki-ulertuak… «Mundu 'ireki' honetan, handiena den honetan», dio Rilkek, «'denak' daude, nahiz eta ezin den esan 'aldi berean' daudenik, denboraren desagerpenak guztiak egotea baitakar». Dozena bat urte geroago, antzeko kon-tzeptu bat jorratuz hasi zuen Eliotek bere poema esanguratsuenetako bat, 'Lau Kuarteto'en lehena, 'Burnt Norton' alegia: «Dembora presentea eta dembora pasatua/ acaso daude presente biac dembora futuroan…»
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
La víctima del crimen de Viana recibió una veintena de puñaladas
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.