Borrar
Urgente Grandes retenciones en Rontegi, La Avanzada y el Txorierri por un accidente entre dos vehículos
George Orwellen 'Abereen etxaldea' eta '1984' euskaraz irakur daitezke gaur egun.
Ez dadila aspidistra hil

Ez dadila aspidistra hil

Orwellek arbuiatu egin zituen bi nobela horiek, bizirauteko idatzi zituela argudiatuta

Domingo, 18 de junio 2023, 18:26

Batez ere, bi lanengatik ezagutzen dugu George Orwell: 'Abereen etxaldea' eta '1984'. Biak euskaraz irakur daitezke gaur egun. Lehena, 1982an kaleratu zen, Juan Martin Elexpururen itzulpenarekin; bigarrena, berriz, Txalaparta argitaletxearen eskutik heldu zen, Oskar Aranaren itzulpenari esker. Biek ere distopia dute hizpide, eta ibilbide luzeko klasiko moderno bihurtu dira. '1984', adibidez, sarri aipatua da bai literaturzaleen ahotan, baita eguneroko albisteen harira ere. Telebistako 'reality show' ezagun batek Orwellen liburutik hartu zuen izenburua: Anaia Handia. Egungo gizarteak gero eta antz handiagoa du Orwellen mundu ilunarekin: gorrotoaren minutuak, kamerak nonahi, historiaren berrikuspena, zinismoa… Esan behar da, halaber, Orwellen maisulan ezagunenak baduela aurrekari zaharrago bat, Yevgeny Ivanovitx Zamyatin errusiarraren 'Gu'. Zamiatinek ingelesez kaleratu zuen 1924an, eta frantsesez geroago, baina 1988ra arte ez zuten bere jatorrizko herrialdean irakurri ahal izan (kasualitatez, Orwellen '1984'rekin batera kaleratua izan zen). Zamiatinen lana ez da horren ezaguna. Neurri batean, garai bertsuko Aldous Huxleyren 'Bai mundu berria' arrakastatsuak gai berari buruzko gainerako lanen ospea itzali edo moteldu zuelako. Orwellek frantsesezko bertsioan irakurri zuen Zamiatinen nobela, eta pena hartu zuen ezin izan zuelako ingelesezko bertsiorik eskuratu. «Harrigarria da editore britainiar bat bera ere ez izatea hura berrargitaratzeko bezain ekintzaile». Nobela antiutopikoaren hasiera ekarri zuen Zamiatinek, eta irakurle zorrotzegia izan gabe, aise topa daitezke '1984'en Zamiatinen lanetik hartutako hainbat osagai. Zamiatinen Ongilea Anaia Handia bihurtzen da Orwellenean; azken honen telepantaila eta Pentsamenduaren Poliziak lehenaren Legearen Tauletatik eta Zaindarietatik datoz hurrenez hurren. Egin beza aproba irakurleak: konpara ditzala biak eta atera ditzala bere ondorioak.

Nolanahi ere, arestian aipatu bi lan horiekin jo zuen gailurra Orwellek, baina bi lan horiek baino zerbait gehiago ere bada. Bereziki ezaguna da gurean Gerra Zibilari buruz idatzi zuen 'Omenaldia Katalunia'ri, lehen eskuko bizipenez ehundua. Baina badira azpimarratzeko moduko beste hainbat lan. Bere estreinako lana 'Birmaniako egunak' izan zen, britainiar inperialismoaren gainbeherari buruzkoa. Orwell bere ahotsa bilatzen ari zen, literatura eta konpromisoa uztartu nahian. 1933koa da 'Sosik gabe Parisen eta Londresen'. 1935ekoa, berriz, 'Klerikoaren alaba' interesgarria. Besteak beste, alienazioa, langileen bizitza, klase-kontzientzia eta injustizia ditu ardatz, bere nortasuna deskubritzen doan emakume protagonista baten eskutik. Orwell panfletotik ihes egiten saiatzen zen, eta estilo argi baina landuan idazten. 1936an, Espainiako gerrara etorri baino lehen, 'Keep the Aspidistra Flying' izenburuko nobela kaleratu zuen. Aspidistra landare bat da, eta bizimodu burges eta atseginaren sinboloa zen XX. mende hasierako Britainia Handian. Orwellek arbuiatu egin zituen azken bi nobela horiek, bizirauteko idatzi zituela argudiatuta, eta damu zen haiek idatzi izanaz. Ez nator bat Orwellekin. Nobela onak dira biak, batez ere aspidistrarena. Bidegurutze batean harrapatuta dagoen Gordon Comstock idazlegaiaren istorioa kontatzen du. Lan on bat dauka publizitate-enpresa batean, soldata on bat jasotzen du, baina kalitatezko literatura idatzi nahi du, eta bateraezina iruditzen zaio bere lan burgesa eta idazle izatea. Gerra deklaratu nahi dio kapitalismoari. Ondorioz, liburu-denda txiki batean lanean hasiko da sos batzuen truke, bizirauteko lain eta idazketari denbora eskaintzeko. Baina, jakina, bizimodu eskas horretan murgiltzen denetik aurrera, lanak izango ditu aurrera ateratzeko, eta hori gutxi balitz, inspirazioa desagertu, eta bere kontraesanetan harrapatuta sentituko da. Umorez eta ironiaz ondo blaitua dago nobela, eta bidezkoa denaren eta ez denaren bidegurutzean jartzen gaitu. Nobela honek eta aipatu beste lanek frogatzen dute Orwellen talentua bere binomio ezagunaz harago zihoala, eta baliabide handiko idazlea zela.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Ez dadila aspidistra hil