Borrar
Adobestock
Bolantean arrotz
Territorios

Bolantean arrotz

Ahazteko jaioak gara. Ahanztura da gure aberria

Sábado, 6 de abril 2024, 20:53

«Alzheimerraren hasiera Britainia Handian gidatzea bezalakoa da. Badakizu kotxea maneiatzen, badakizu helmuga zein den, baina badirudi gainontzeko denak aldrebes doazela». Oihane Garmendia poetaren hitzak dira, eta ondo iradokitzen dute zer den oroimena galtzen joatea. Gauza bitxia baita burua. Gai gara oso aspaldi gertatutako gauzez gogoratzeko, eta, aitzitik, gero ez datorkigu burura eguerdian bazkaldutakoa. Arrainen antz gero eta handiagoa hartzen goaz denborarekin, eta joan-etorrian ibil gaitezke nondik nora gabiltzan asmatu gabe, lerro edo zirkunferentzia beti berari jarraiki. Ohituren morroi, oroimenarena baino gehiago. Memoriak ez du hobera egiten denborarekin. Izen bat, aurpegi bat, data bat berreskuratzen saiatzen gara, baina zenbat eta gehiago ahalegindu, badirudi orduan eta gehiago lurruntzen dela bilatu beharrekoa gure burutik, gure gogoa baino askoz arinago doala hegan, puska deseginen artean.

2024ko Goya sarietan, hain zuzen ere, Carme Elias antzezlearen alzheimer prozesuari buruzko dokumental bat atera zen garaile, 'Mientras seas tú'. Zuriz geratzea da antzezleen beldurrik handienetakoa, ikusleen aurrean blokeatuta geratzea, eta bere gogoa zurira doala aitortzen du Eliasek dokumentalaren une jakin batean. Are gehiago, jada ezin duela bere bokazioa gauzatu. Antzezle izatearena. «Horma estutzen doa, eta horretaz jabetzen noa, izugarria da», gaineratzen du aurrerago, neurri handi batean hormen eta memorien arteko ageriko loturak mahai gainean jarriz. Goya sarietan hautagai izan den 'Cerrar los ojos' lanean, halaber, modu misteriotsuan desagertzen den pertsonaietako batek, Julio Arenas antzezleak (Jose Coronadok) ez du iragana gogoratzen. Desagertutzat eta are hiltzat jo zuten. Eta neurri handi batean, memoriarik gabe egotea antzekotzat jotzen dugu, baina ez du zertan horrela izan behar. Pelikulan zinemaren bidez saiatzen dira pertsonaia horren hutsunea konpontzen. Fikzioaren bidez alegia. Argi eta soinuen bidez.

Bitxiki, duela gutxi eskuetara heldu zitzaidan elkarrizketa batean, Rodrigo Quian neurozientzialariari irakurri nion ahanztura dela giza adimenaren ezaugarri nagusiena (kontrakoa uste izaten dugun arren). Muinera jotzen omen du memoriak, xehetasunak alde batera utzita, eta interesatzen zaiguna baino ez dugu atxikitzen. Interesatzen zaigun horren neurrira eraikitzen dugu ondoren gure memoria. Horregatik omen ditugu memoria faltsuak. Beste pasarte batean dio neurriz kanpo baloratzen dugula memoria gure gizartean, adimena eta memoria nahasten ditugula. Ez da gauza bera, hori bai, memoria berez edo gaixotasun baten erruz galtzea. AEBetako presidente Joe Bidenek duela hilabete gutxi esan zuen bere memoria ondo zegoela, eta bere lana behar bezala betetzeko beharrezkoena ez zela memoria edo datu bat gogoratzeko behar izandako denbora, erabaki bat zuzena den ala ez baizik. Rodrigo Quianek arrazoia emango lioke Bideni. Ahazteko jaioak gara. Ahanztura da gure aberria. Ez dakigu ezer jaio aurrekoaz, ezta hil ostekoaz ere. Dakiguna denbora une labur eta zehatz baten baitan mamitzen da. Antzinako greziarrak amnesiaz eta anamnesiaz mintzo ziren. Dena ahazten omen dugu hiltzerakoan, eta bizitzan zehar, ahaztutako hori gogoratzen edo berreskuratzen goaz. Izan lehenago ahaztu dugulako edo bizitzan zehar lehen aldiz ikasten dugulako, katramila horretan kateatuta gaude. Gogoratzea ezinbestekoa dela esaten digute alde batetik, nondik gatozen eta nor garen jakiteko, iraganean egindako akatsak berriro ez errepikatzeko, baina, antza, neurozientziak justu kontrakoa frogatzen du, gure buruak ahaztera jotzen duela, bizirauteko ezinbestekoa duela lasta botatzea, beti iraganari lotuta ez jarraitzea.

Kontraesan horrek bizi gaitu, gogoratzearen eta ahaztearen arteko borroka eterno batean harrapatuta gaude. Hasierako poemara itzuliz, esan daiteke nolabait bolanteari helduta goazela, lur arrotzean geure buruarekiko gero eta arrotzago bihurtuz, errepide gero eta ezezagunagoetan, goizalde gero eta zehaztugabeagoetara bidean. Geure burua deritzogun horren antzezle.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Bolantean arrotz