Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Artikulu bat eskatzen dizute egunkari baterako. Idazten duzu. Astean behin edo bi astean behin artikulu bat idazteko gurpilean sartzen zara gero, konpromiso hori hartzen duzu ezer sinatzeko beharrik gabe. Dena adosten da ahoz, nahiz eta eginbeharraren muina idatzizkoa izan. Behin gurpil horretan sartuta, denboraren nozioa aldatzen zaizu, artikulu horren arabera banatzen duzu. Astelehen edo ostiraletarako eskatzen dizute artikulua, hura argitaratu baino egun pare bat lehenago, eta egun seinalatu horren hatz dardartia sentitzen duzu astean zehar lepoan kilimak egiten. Badakizu noiz den artikulua idazteko eguna, eta burua bueltaka edukitzen saiatzen zara ia beti, inguruan duzun informazioari adi. Eskuetan erortzen zaizkizun liburuak, musika, ikusten dituzun pelikula eta telesailak, irratian entzuten duzun zerbait, lagun batek aipatutakoa, eguneroko albisteak eta joera nagusiak… Gauza guztiez elikatzen saiatzen zara.
Zakurrekin eta jabeekin gertatzen den bezala, elkarren antza hartzen dutela alegia, artikulugilea ere itxuraldatzen doa idazten duenaren arabera, eta idazten duen hura bihurtzen da. Edo alderantziz. Artikulugile batzuek, esaterako, predikari edo 'influencer' itxura hartzen dute denborarekin, eta idazten dutenean, eskuak atrilean jarrita idazten dute, edo kamera atzeko publikoari begira. Kasu gutxi batzuetan, badira sotanaz jantzita idazten dutenak ere, Stanislavski metodoarekin liluratuta. Zure kasuan, horrela ez izatera derrigortu duzu zeure burua, eta etxeko-arropa janariz orbanduarekin idazten duzu. Zu ez zara analista politiko edo soziologo zorrotza, zu idazlea zara, fikzioa atsegin duzu, fikzioak sortzea, hitzekin eta memoriarekin jolastea, oinak lurretik desitsastea… Ez dizute lana erraztuko irratira tertuliakide gisa deituz eta horrela artikuluak idaztetik libratuz. Ez zara horren erraz pasatuko idazketaren sinesmenetik ahozkotasunaren sinesmenera. Horretarako, badaude bertsolariak.
Bide batez, beste betebehar bat jarriko diozu zeure buruari: gauza ezberdinez eta tonu ezberdinean idazten saiatuko zara. Gaur tonu serioagoa, bihar kontu literario bat, hurrengoan dibertimendu surrealista bat, eta etzidamu kritika politiko satiriko bat, edo hezkuntzari buruzko aldrebeskeriaren bat. Ahal den neurrian, irakurlea ezustean harrapatzeko eta kateatzeko, zu zeu gogaikarri ez bihurtzeko. Batzuetan saihetsezina da zeure buruaz hitz egitea, ez hainbeste banitateagatik, zertaz idatzi ez dakizulako baizik, eta, halakoetan, zure ateraldiak baliagarriak izan daitezkeelako asteko zutabea aurrera ateratzeko eta egun batzuetarako lasaitasuna erosteko (astebeteko iraungipen-datarekin beti). Zaila da urteekin zeure burua ez errepikatzea eta ez agortzea, horregatik entzuten duzu idazle guardakoaren ahots hori zure lepo atzean, aholkuak ematen, artikulu horren oso antzekoa jada idatzi duzula ohartaraziz, idatzi berri duzun artikuluak buelta pare bat behar duela esanez.
Gauza bat ez da aldatzen zure egunerokoan: artikulua entregatzeko eguna zure astea zedarritzen duen buia bihurtzen da, egun horretatik hurrengo egunera egiten duzu igeri. Zer esanik ez, egunero artikulu bat idatzi behar baduzu… Artikulu hori obsesio bihur daiteke, edo barrutik jan zaitzake pixkanaka-pixkanaka, zu zeu artikulu bihurtu arte. Nolanahi ere, ariketa ona da zeure burua behartzea artikulu bat idaztera. Zerbait idaztera behartzea, maiztasun halako batekin, ez da beharrezkoa astero izatea. Izan ere, idazle batzuen ustez, idazketa lantzen eta entrenatzen ez baduzu, galdu egiten da, joan egiten zaizu eskuetatik eta burutik, sasoia galtzen duzu, agur esaten diozu garai batean zinen idazleari. Eta horretan ari zarela, ohartu zara, halako batean, hogeitik gora urte daramatzazula artikuluak idazten, eta artikulu hau egunkari honetan argitaratzen duzun berrehun eta hamaikagarrena dela. Eta orain bai esan dezakezu artikulu horiek denboraren nozioa eta ikuspegia aldatu dizutela, baina zure kezka bakarra hurrengo astea da, hurrengo artikulua, honen ondotik etorriko dena.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.