Borrar
Adobestock
Adimen artifiziala
Territorios

Adimen artifiziala

Amarrurako aukera handiak eskaintzen ditu adimen artifizialak

Miércoles, 17 de enero 2024

Literatur epaimahai batean nengoen, euskarazko eta gaztelerazko kategorietan. Gazteleraz, jakina, euskaraz baino askoz ere lan gehiago jaso genituen, mordoa eta mordoa Hego Amerikatik, eta finalistak aukeratzeaz arduratu zen irakurle-idazleak susmo deigarri baten berri eman zigun. Bere ustez, ipuin bat baino gehiago, adimen artifizialaren laguntzarekin idatzia zegoen. Tira, batzuk laguntzarekin eta beste batzuk adimen artifizialaren bidez osorik idatziak. Esamolde eta xehetasun txikietan antzeman omen zuen, baina ziur zegoen denbora kontua baino ez zela. 'Desoreka' txiki horiez ohartu bezain laster, adimen artifizialak zuzendu egingo ditu, eta, gutxi barru, ezinezkoa izango da hezur haragizko idazle baten eta kablez eta logaritmoz egindako beste baten lanen artean ezberdintasunik topatzea.

Epaimahaikideak gehitu zuenez, adimen artifiziala gidoietara ere iritsi da, eta telesail batzuetako kapituluak makinek idazten dituzte. Antza denez, istorioak sortzen dituzten makina bat aplikazio daude: ChatGPT, Shortly, Scalenut, Rytr… Ez dakit zergatik, Derridak asmatu zuen deseraikitze hitza etorri zitzaidan burura. Beharbada, hitz jokoari ateak irekitzen dizkiolako: desertu, akitze, ilki, hilkizun… Baina, batez ere, etorkizunean idazleokin gerta daitekeena laburbiltzen duelako: desegin eta egitura berri bat eman, zalantzan jarri, heterogeneoa dena azalerazi… Geure burua birziklatu. Deep Blue eta Kasparoven arteko aurrekari adierazgarria ez aipatzearren (alegia, gizakia beti galtzera kondenatuta dagoela makinaren aurrean).

Esan gabe doa, anonimoak diren literatur lehiaketa guztiek planteatu beharko dutela auzia. Izan ere, amarrurako aukera handiak eskaintzen ditu adimen artifizialak. Ez da burugabea pentsatzea, epe laburrera, inteligentzia artifizial bati kontakizun bat enkargatzen dion norbait literatur lehiaketa batean irabazle gerta daitekeela. Are gehiago, baliteke dagoeneko gertatu izana ere. Horrelakoak detektatzeko aplikazioak ere egongo direla suposatzen dut. Testu-ikertzaileak, testu-poliziak, testu-salatariak… Testua sarean sartu, eta aplikazioak berehala esango dizu giza eskua ala makina ote dagoen atzetik. Baina, zientzia fikzioan askotan ikusi dugun bezala, salatuko al dituzte makinek beren 'espezie' berekoak? Zintzo jokatuko dute gizakiaren alde, ala sen ezkutu batek kable bidezko tramankuluen alde egiteko esango al die? Aldez aurretik ezarritako aginduen aurrean matxinatuko al dira? Atea zabalik dago espekulazioetarako.

Bestalde, Spike Jonzeren 'Her' pelikulan planteatutakora narama horrek. Maitemindu al zaitezke sistema eragile batekin? Ahots artifizial batekin? Auzia letretara ekarrita, literaturatzat har al daiteke adimen artifizialak sortutako testu bat? Kezko nortasuna duen Nobel saridun bat? Nahi adina erantzun eman daitezke, alde zein kontra. Azken batean, deskripzio zehatz baterako Google Maps erabiltzen badugu, zergatik ez erabili adimen artifiziala agorraldian dagoen gure sormenari bultzadatxo bat emateko? Plagioaren arazo klasikoa gutxi bazen, orain testuaren jatorriaren arazoari heldu beharko diogu, letrak ezkutuan kulunkatzen dituen eskuari. Talentuaren paradigma aldatzen ari da, eta orain arte idazteko dohain literarioak behar baziren, hemendik aurrera nahikoa izango da ezagutza informatiko gutxieneko bat izatea. Piztu eta itzali. Horrek, noski, egileen mundua demokratizatuko du, edozeinen eskura egongo baita liburu bat argitaratzea, baina, era berean, ustezko erraztasun horrek liburua bera uniformatu eta hutsaldu dezake.

Eta zein izango da, hortaz, hezur haragizko idazle batek adimen artifizialetik bereizteko erabili beharko duen bereizgarria? Garbi dago ezingo dugula makinen alor berean jokatu, haiekin lehiatzeak gure gaitasunak gainditzen dituelako. Non bilatuko dugu, bada, giza faktorearen bereizgarria izango den osagaia, hezur haragizko literatura eta software bidez eginikoa ezberdinduko dituena? Eta hona iritsita, nola egon zaitezke ziur, irakurle maitea, artikulu hau ez duela adimen artifizialak idatzi?

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Adimen artifiziala