Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Kanta baten lehen notek asko esaten digute ondoren etorriko den doinuaz. Nota horiek oinarri edo zimendu baten modukoak dira, bidea adierazten digute, hurrengo pausoa nondik hel daitekeen. Zuzeneko emanaldietan, jarraitu beharreko ildoa partitura batean jasota egon arren, bidea idatzi gabe dago oraindik, eta musikarien buruan eta hatzetan gorpuzten doa, hari askoko labirintu bat bezala. Edo Verdik esango zukeen bezala, «Va, pensiero». Hegan doa pentsamendua egunsentiko aire gozorantz. «Norberaren abestietan besteren mina isiltzen da», dio Luis Gardek bere azken poema-bildumako 'Irakurtzen ez dena' poema ederrean. Alanbre hesiaren partituran geratzen diren artile xerloez ari da, xerlo horiek osatzen duten geldiune isil, idor, latz eta erabilezinez. Musikak mina du ezinbestean, hitzaren adiera bikoitzean. Barrutik zizta egiten digun zerbaiten mina, edo faltan dugun zerbaitena. Oinazetik nostalgiara. Denbora mugatu bat betetzen du edozein kantak, bi minutu, hiru, bost, hamar…, baina denboran eta espazioan dilata daiteke nahierara, bizkar zabaleko animalia da.
Doinuek eta kantek asko esaten digute haiek abesten edo dantzatzen dituztenez. Kantuetan gordetzen da herrien eta gizabanakoen memoria. Kantuen sabelean. Musikak baltsamatu egiten ditu oroitzapenak. Musikaren barruan geratzen dira bizitzen, iglu bat eraikitzen dute bertan haragiaren materia hauskorrarekin. Kanta baten kremailera edo gortinak ireki, eta pentagramaren bobinak martxan jartzen direnean, aspaldiko une bat berreskuratzen dugu, berriro itzultzen gara bizi izandako zerbaitera, guretzat esanahi berezi bat duen une batera. Maparen beharrik gabe jotzen dugu espero ez genuen kostalde bat, gugan aspaldi erein genuena. Hostoz, lorez, ipar haizez eta itsas-belarrez. Espero ez genituen fruituak erortzen zaizkigu eskuetatik oinetara.
Kanta kutunek leku askotara eramaten gaituzte, bidegurutze berrietara. Gure izaeraren zati bihurtzen dira pixkanaka, eta gure barruan lo zeuden soinuak esnatzen dituzte iratzargailuaren beharrik gabe. Nolakoak garen esaten digute. Nongoak, noizkoak… Zein kostaldetatik gatozen alderrai, zein sorterrigatik galdezka. Anemometro baten zehaztasunarekin neurtzen dute gure naufragio-haizeen abiadura. Ongi pentsatuta, arrasto sakona uzten duen turismo merke bat egiteko modua eskaintzen digu musikak. Herrialdez herrialde joan ordez, zaudeten lekuan zaudetela, hasi kantuz kantu. Herrialde askotako kantuekin odisea moduko bat ehundu daiteke, sorterrira itzultzeko aitzakiarekin. Gainera, musikaren tximistari dantzarena gehi diezaiokegu. Barruko ahotsari ateratzen utzi, eta mugi dezala gure gorputza nahi duen korronterantz, itsasbehera edo itsasgora datorren axola izan gabe. Bihur daitezela giharrak ontzi musikaren uretan. «Voglio vederti danzare», adiskide, «con candelabri in testa, o come le balinesi nei giorni di festa». Txingar sutsuen gaineko erritmo tribalak, edo mugimendu ongi biribilduak. Uda giroa ezin aproposagoa da horretarako, kalean antolatutako zuzeneko emanaldiak batez ere. San Joan suak eta udako gau laburragoen iragarpenak.
Demagun plazan bilduta gaudela gau giroan, musika noiz hasiko zain, doinuen eta akordeen murgilaldiaren atarian. Has dadila igerian musika. Has daitezela gure oroitzapenak ur azalera ateratzen, lotu gorputzak itzuleraren edertasunera. Belarrira hizketan hasiko zaigu musika: baga-biga-higa-laga-boga-sega… Gorputzak eta ahotsak isiltzean, arinagoa irudituko zaigu airea, argiagoak teilatuen angeluak. Doinuak plazan zintzilik daude oraindik, aingeruen edo armairuen bila. Lehen ginen bezalakoak izateari utzi diogu. Une batez, behintzat. Soineko ezberdinen josturez bete ditugu gogoak. Eta ametsen metronomoez beteko zaizkigu gaurko loaren junturak.
Ziurrenik, etxera bidean egingo ditugun pausoek izango dute zerikusirik pentagramekin eta notekin. Lerro imajinarioen artean egingo dugu aurrera, melodikoki, buruan geratu zaigun laino gozoan kulunkan. Bakoitza bere abiaduran: zuri, beltz edo kortxea.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.