Borrar
Urgente Grandes retenciones en la A-8, el Txorierri y la Avanzada, sentido Cantabria, por la avería de un camión
Fotolia
Argiaren abiadura

Argiaren abiadura

Sarritan, mugitzen den gauza bakarra argia da, baina argi horrek dena aldatzen du

Domingo, 1 de enero 2023, 04:11

Argiaren abiaduraz baino gehiago, argiaren prezioaz hitz egiten dugu, argindar konpainien onurez eta eguzki panelak jartzeko oztopoez. Fisikari esker dakigu ia 300.000 kilometro segundoko abiaduran doala argia. Antzinako pentsalariek ordu asko ematen zituzten zeruari begira, han goian zegoen mapa hura irakurri eta interpretatu nahian, oso urruti ikusten ziren mugimendu errepikakor haiek hautemateko eta sistematizatzeko. Astronomiari esker, goialde horretatik oso noizean behin igaroko diren kometen eta izar-jasen berri dakigu, baita noiz erabakitzen duten ere eklipseek eguzkiaren edo ilargiaren aurrean une batez aingura botatzea, nahigabe batari zein besteari itzal eginez. Aspalditik dakigu argiak argiztatu bezainbeste itsutu egin dezakeela, margolari eta abarren goiargia ere badela dakigun bezala.

Margolari ezagun eta ez hain ezagunek argiaren atzetik ematen zuten bizitza, leku berez argitsu eta iradokitzaileen peskizan. Kontrakorik ere bada, noski, iluntasun eta lanbroaren bila abiatu denik alegia, emaitza oso esanguratsuekin gainera. Rembrandt eta Goya maisuki mugitu ziren alanbre horretan, argi-itzalen artean. Van Goghek, esaterako, giza arimaren tolesturak ekarri nahi izan zituen bere margoetara, eta argi misteriotsuak atera zitzaizkion askotan. Koloreen profeta ere deitzen zioten. Hala ere, Arlesera jo zuen argi bila. Mediterraneora. Beste hainbatek bezala. Badu zerbait hango argiak, hango urdinak eta aireak, margolariak gatibatu izan dituena. Sarritan, mugitzen den gauza bakarra argia da, baina argi horrek dena aldatzen du, bai inguruan dugunaren pertzepzioa, bai ezkutuan dagoenarena. Gauguinek, berriz, Martinikara jo zuen beste argi mota baten bila, beroagoa, kolore sentsualez beteagoa. Lehenago, saiatu zen Van Goghekin Arlesen bizitzen, baina bien izaeren arteko bateraezintasunak ezinezkoa bihurtu zuen elkarbizitza. Rusiñol margolariari gauez ateratzea gustatzen zitzaion, eta behin kargu hartu zioten: «Zuk ez dakizu zer den eguzki-irteera». Rusiñolek berehala erantzun zien bazekiela, ohera joan aurretik ikusten zuela ia egunero. Gautxorien hegaldiak eta kondairak halakoez beteta daude, gauza jakina baita ilunaren pean ez duela denak ilun izan behar, argia ere badagoela tarteka, benetakoa edo neoizkoa, erakargarria edo galbidera daramana. Etxe eta logela itxuraz ilunen su intimoa ez aipatzeagatik.

Kondairak dio, halaber, sua oparitu ziela Prometeok gizakiei, eta gogotik ordaindu zuela. Ikuspegi poetiko batetik begiratuta, argiaren metaforatzat har daiteke su hori, zentzu hertsian zein zabalean. Argia jakintza ere badelako, edo jakintzarekin lotzen dugulako behintzat. Norbait azkarra eta adimentsua, norbait argia da. Baina dimentsio mistikotik ere badu. «Egin bedi argia» esanez sortu omen zuen Jainkoak mundua. Budismoaren arabera, argialdia ezagutza- edo jakituria-egoera perfektua da. Kabalaren jakintsu handiek azaltzen dutenez, Jainkoaren nahia distira edo argi izpi gisa heltzen da bere izakiengana. Islamean ere, argiaren fenomenoa sakratutasunarekin lotzen da. Hinduistek bihotzaren jakinduriaren lanpara pizten dute.

Azken aldian, hurbilen ditugun argialdiak Gabonetako argiekin lotuta daude. Eztabaidagai ez ezik, hauteskunde-gai ere bihurtu zaizkigu. Argiak jarri ala ez jarri, piztu ala ez, horra gure modernitatea bereizten duen galdera hamletiarra. Ez dakigu argindar konpainiek denborarik edo I+G bulegorik eskaintzen dioten argiaren bilakaera fisiko edo poetikoari. Ez dakigu halakoen zuzendaritzako kideak Mediterraneora yateetan oporretara doazenean argi ala argialdi bila ote doazen, edo inoren fusibleak erretzera. Pentsa daiteke, ordea, kontu mundukoiagoak interesatzen zaizkiela, eta esku-eskutan gauzkatela, gure gaurko mundua argindarraren bidez dabilelako, argindarra joaten bada gureak egin duelako. Halakoetan, tristeak kontsolatzeko makina ganbaratik ateratzea komeni da, gure barruko argiari (argi merkeari) begira jartzeko esan diezagun. Edo Lizardik esango zukeen bezala, «ezin-itzal-Argiruntz egatzeko diña».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Argiaren abiadura