Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Nahikari Cayado
Domingo, 20 de agosto 2023
Txikitatik izan du euskal mitologiarekiko grina, baina ez zen izan Arte Ederrak ikasi zituen arte, munstro eta izaki ulertezinen istorioak kontatzeko bide bat aurkitu zuela. Gaur, Paul Urkijo zinemagile gasteiztarra arlo horri lotutako bi film luzeren egilea da, 'Errementari' (2018) eta 'Irati' (2023). Azken horrek kritika ezin hobeak jaso ditu bai kritikariek bai publikoak eginak. Sari handiak jaso ditu Espainian eta nazioartean. Azkena, Esloveniako Grossmann Fantastic Film and Wine Festival jaialdian, John McTiernan-en eskutik etorri dena ('Die Hard?' edo 'Kristaleko jungla' eta 'Predator' filmen zuzendaria).
-'Irati' filma estreinatu zenetik, sari asko hartu dituzu. Nolakoa izaten ari da bizitzen ari zarena?
-Alde batetik poztasunez bizitzen nabil, baina nekatuta ere bai. Luzea izaten ari da. Azken finean, urrian hasi ginen promozioarekin. Sitgesen aurkeztu genuenetik, oso harrera polita izan genuen. Aurkeztu dugun beste jaialdietan ere arrakasta oso handia izan du, sari asko jaso ditu, gehienak publikoak emanak, bai Estatuan bai nazioartean. Eta plataforman ere, Amazonen, oso ondo funtzionatzen dabil. Kalean, jendeak oso komentario politak egiten dizkit. Pozik, beraz.
-Orain dela egun gutxi Eslovenian izan zara, beste jaialdi batean. Sari berezia ekarri duzu handik, eta, hori gutxi balitz, John McTiernan-en eskutik jasoa gainera.
-Sari asko jaso ditut eta zaila da batekin geratzea, baina egia esan, Sitges-en hasi ginen, publikoaren saria jasorik, eta Eslovenian amaitu dugu, publikoaren beste sari batekin eta McTiernan-en aipamenarekin. Publikoki esan zuen 'Irati' asko gustatu zitzaiola, eta hori 'txute' ikaragarria izan da. Oso pozik gaude lortutakoarekin.
-Jaso duzun saririk bereziena izan da?
-Aurretik esan dizudan bezala, ez da erraza sari bakar batekin geratzea. Baina aipatutako bi horiez gain, Iratiko bailaran egin duten interpretazio zentro batek ere saria eman zigun, eta oso zirraragarria da hori guretzat. Izan ere, horrek esan nahi du bertan bizi den jendeak berea egin duela pelikula...
-Espero al zenuen horrelako arrakasta?
-Egia esan, pelikula nahiko apustu arriskutsua da genero aldetik. Ez Euskal Herrian, ez Espainian ezta nazioartean ere ez da horrelako filmik egiten. Nik, ordea, maite dudana egiten dut. Oso genero 'esparrukoa' dela esan daiteke, baina publiko guztiari zabaldu nahi nion mundu hau. Hala ere, eta beste alde batetik, baneukan beldurra Euskal Herriarekiko. Hau da, niretzako erantzukizun handia zen, ez nekien jendeak nola hartuko zuen euskal mitologiari buruzko film bat. Baina harrera oso positiboa izan da. Beraz, oso pozik nago, beste proiektu batekin hasteko gogoarekin nabil dagoeneko.
-Aurreratzerik bai?
-Ez, oraindik ezin dut esan zertaz diren, baina horretan nabil. Badauzkat proiektu batzuk, eta bai, arlo beretik doaz.
-'Irati' zuzendu duzun bigarren film luzea izan da, 'Errementari'ren atzetik. Biak euskaraz. Nolakoa da euskaraz lan egitearen esperientzia?
-Beste edozein hizkuntzatan egiten den bezala. Kontua da, errodajean jende guztiak ez dakiela euskaraz. Hau da, proiektua euskaraz idazten duzu, pelikulan agertuko den guztia euskaraz izango da, aktoreek euskaraz egiten dute eta haiekin euskaraz egiten dut. Baina egia da errodajeko ekipo guztiak ez dakiela euskaraz, eta batzuetan, gauzak errepikatu egin behar ditut, edo gaztelaniaz esan. Azkenean arin egiten dut, organikoki. Izan ere, garrantzitsuena komunikazioa da.
-'Irati' filmean gainera, antzinako euskara entzun dezakegu.
-Hori da, bai. Hasieratik argi neukan euskara entzun behar zela. Nahiz eta beti etortzen diren ekoizleak esanez gaztelaniaz edo ingelesez egiten badugu gehiago salduko dela, kasu honetan, argi neukan euskara oinarrizko zerbait izan behar zela. Nire ustez, ikuslea garai horretan murgiltzeko, erreminta interesgarria da hizkerari berari ere tesitura hori ematea.
-Nola izan zen hizkera lantzearen prozesua?
-Lan hori Gorka Lazkanok egin du, pelikularen euskara jorratu duenak. Historialari eta linguista entzutetsuekin hitz eginez, testura eta keinuak emanez, garaiko soinu horietara hurbiltzen gaituen euskara landu du. Nire ustez, 'plus' bat ematen dio filmari, interesgarriagoa eginez eta publikoa garai horretara hurbilduz. Baina hurbilpen bat da, bai jantziekin edo pertsonaien fisionomiarekin gertatzen den antzera. Pelikula bat da, eta ez dokumental bat, beraz ez da gauza fidel-fidel bat.
-'Irati' eta 'Errementari' filmek euskal mitologia dute ardatz, eta aipatu duzunez, zure hurrengo proiektua ere ildo beretik joango da. Nondik datorkizu pasio hori?
-Txikitatik. Gurasoekin mendira joaten nintzenean, gogoratzen dut nola kontatzen zidaten basoetan Basajaun zegoela, erreketan laminak, edo kobazuloetan Mari... Beti izan ditut ipuin eta liburu asko euskal mitologiaren gainekoak. Urteak pasatu ahala, Barandiarani buruz irakurtzen hasi nintzen, eta baita antropologiari buruz ere. Batzuek zioten antzinako gizakiek zituzten sinesmen horien arrastoak aurkitu zituztela. Esan daiteke txikitan gusta-tzen zitzaidana orain asko interesatzen zaidala, eta modu sakonago batean.
Publicidad
Mikel Labastida y Leticia Aróstegui (diseño)
Óscar Beltrán de Otálora y Gonzalo de las Heras
José A. González y Álex Sánchez
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.