20 neska-mutil gazteek Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan jaso dute aitortza ostiral honetan eguerdian. Irekia

Arantzako aterpetxean egonaldia egin duten Urruzuno literatura lehiaketako sarituei harrera egin die Hezkuntza sailak

Saritutako lanekin liburua argitaratu du Eusko Jaurlaritzak, eta eskola guztietara bidaliko da laster

Zurekin

Viernes, 3 de septiembre 2021, 17:48

Aurtengo Urruzuno Literatura Lehiaketan irabazle izan diren 20 neska-mutil gazteek Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan jaso dute aitortza ostiral honetan eguerdian, Amaia Agirre Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berriztatzearen zuzendaria buru zela ospatu den ekitaldian. Bost egunez Arantzako aterpetxean (Nafarroan) egonaldia egin ondoren iritsi dira gazteok Gasteizera. Izan ere, abuztuaren 30ean hasi eta gaur arte, sormena lantzeko tailerretan eta beste hainbat jardueratan parte hartu dute gazteok, berriro ikasturteari heldu aurretik elkarrekin egun gogoangarri batzuk pasatzeko aukerari uko egin gabe. Egonaldi hauxe izan dute irabazleek sari nagusia. Aurten 36. ediziora iritsi da gazteen literaturzaletasuna bultzatzeko Hezkuntza Sailak 1986tik antolatzen duen lehiaketa.

Publicidad

2021eko lehiaketaren irabazleekin batera, iazko sarituak ere bertan izan dira, aurreko urtean ezin izan baitzen ekitaldirik burutu, pandemia tarteko.

Literatura egonaldia, Arantzan

Bost egunez, lagun izan dituzte Arantzako egonaldian Yolanda Arrieta, Fernando Morillo, Eneko Aizpurua edo Eñaut Elorrieta, besteak beste. Idazle, musikari eta sortzaile hauekin gertuko eta zuzeneko harremana izan dute gazteek. Arrietaren eskutik, literatura tailerretan parte hartzeko aukera izan dute; Eneko Aizpuruarekin, ibilbide literarioa osatu dute Bortzirietako parajeetan, idazlearen Bidasoan gora lana abiapuntu hartuta; Eñaut Elorrietaren gitarra eta ahotsek, berriz, ahaztezin bihurtu dute idazle gazte hauen egonaldia arratsalde batez; eta Amaia Elizagoien Amelieren ipuin kontaketa musikatuarekin, gaubelaren bat uste baino gehiago luzatu da. Baina aipaturiko horiez gain, Andoni Egañak eta Jon Maiak giroturiko bertso bazkaria eta gaubela literarioak ere izan dira aste honetako egitarauan. Sormena lantzeko eta literatura-zaletasuna pizteko abagune polita gazteontzat, ikasketetara itzuli aurretiko azken opor egunetan.

Aisialdiko kirol jarduerarik ere izan dute egun hauetan, Arantza eta inguruak barne barnetik ezagutzeko. Espeleologia eginez, Arruzpiko kobazuloa bisitatu dute idazle gazteek.

2021eko Urruzuno Literatura Lehiaketan 342 lan aurkeztu dira orotara, 55 lan poesian eta 287 prosan. Ohi den eran, egungo euskal literaturan eta kultur munduan entzute handikoak diren izenek osatu dute aurten ere lehiaketako epaimahaia: Gari Berasaluze, Peru Iparragirre, Goiatz Labandibar, Jasone Osoro eta Patxi Zubizarreta idazleak izan dira epaimahaikide.

2021eko edizio honetan sarituak gertatu diren lan guztiekin liburua argitaratu du Hezkuntza Sailak Sagastiberri bilduman. Liburua laster banatuko da eskola guztietara, eta parte hartzaile guztiei ere bidaliko zaie.

Urruzuno Literatura Lehiaketa, 36 urteko ibilbidea

Hezkuntza Sailak 1986an antolatu zuen lehen aldiz Urruzuno literatura lehiaketa. Hasiera-hasieratik, ikasleen artean euskaraz idazteko zaletasuna indartzea izan du helburu ekimenak. Prosan nahiz poesian, belaunaldi gazteenek euskaraz sortutako literatura lanak zabaldu ditu lehiaketak urtez urte. Baina helburu hau ez da asmo hutsean gelditu, eta azken hamarkadetako jardunak ondo frogatu du lehiaketak bere xedea ongi bete duela. Irabazle horietako asko euskal kultur munduan sinadura ezagunak dira gaur egun, bai literaturan, kazetaritzan, bertsolaritzan edo zinemarako gidoigintzan, beste zenbait arloren artean. Dagoeneko 500dik gora dira ekimen honek saritu dituen «urruzunotarrak», eta zerrenda horretan izenak ugarituz doaz, urtez urte.

Publicidad

Urruzuno literatura lehiaketa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatzen du, Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendurik. Adina kontuan harturik, bi kategoria bereizten dira: A kategorian, Batxilergoan eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetan ari diren gazteek hartzen dute parte; B kategorian berriz, DBHko 3. eta 4. mailetan ari direnek.

Urruzuno 2021 - Saridunak

POESIA, A kategoria: Ekaitz Martín Pérez. Idazlanaren izenburua: Boterearen dantza amaigabea. Ikastetxea: Gernika-Lumoko Gernika BHI | Uxue Pérez Mugika. Idazlanaren izenburua: Loredien maitalea. Ikastetxea: Beasaingo Beasain BHI | Ander Villacián. Idazlanaren izenburua: Ez-lekuak. Ikastetxea: Bilboko Botikazar BHI | Irati Eizaguirre Otegui. Idazlanaren izenburua: Hego doinua. Ikastetxea: Zarauzko Lizardi BHI | Nahia Urteaga López. Idazlanaren izenburua: Ohe zurian. Ikastetxea: Loiuko Lauro Ikastola.

POESIA, B Kategoria: Maddi Agirre Epelde. Idazlanaren izenburua: Portzelanazko panpina. Ikastetxea: Vitoria-Gasteizko Armentia Ikastola | Leyre Rivera Cuevas. Idazlanaren izenburua: Nire bizitzako mamuek zure izena daukate. Ikastetxea: Vitoria-Gasteizko Santa María Ikastetxea-Marianistas | Maddi Guraya. Idazlanaren izenburua: Korrika bizian amildegiratzen den urpekaria. Ikastetxea: Sopelako Ander Deuna Ikastola | Izaro Sánchez Azcarate. Idazlanaren izenburua: Jakin-mina. Ikastetxea: Burlatako Askatasuna BHI | Irati Oskoz Egiguren. Idazlanaren izenburua: Aukeratzen ez diren bidaiak. Ikastetxea: Donostiako Arantzazuko Ama BHI

PROSA, A Kategoria: Maider Eraunzetamurgil Elustondo. Idazlanaren izenburua: Eppur si muove. Ikastetxea: Tolosako Laskorain Ikastola | Onintze Arrastia Mauleón. Idazlanaren izenburua: Izarrak zeruan. Ikastetxea: Lizarrako Lizarra BHI | Txomin Valverde Costa. Idazlanaren izenburua: 240 segundo. Ikastetxea: Leioako Artaza Romo BHI | Xuban Senar Usandizaga. Idazlanaren izenburua: Hesitik haratago. Ikastetxea: Irungo Pio Baroja BHI | Maider Zugasti Rodríguez. Idazlanaren izenburua: Gutun klandestinoa. Ikastetxea: Hernaniko Hernani BHI.

PROSA, B kategoria: June Aiestaran Iparragirre. Idazlanaren izenburua: Mendekuen fabrika. Ikastetxea: Beasaingo Beasain BHI | Nahia Iturbe Orbegozo. Idazlanaren izenburua: Beirazko esfera. Ikastetxea: Tolosako Laskorain Ikastola | Unax Muniozguren Alonso. Idazlanaren izenburua: Ilargiaren eskuetan. Ikastetxea: Gernika-Lumoko Gernika BHI. | Oihana Fernández de Larrinoa Ibarbia. Idazlanaren izenburua: Odolkiak ordainetan. Ikastetxea: Villabonako Erniobea BHI | Naia Urtaran Bilbao. Idazlanaren izenburua: Heriotza Gorria. Ikastetxea: Murgiako Murgia BHI

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad