Borrar
Adobestock
Ospetu ezezagunak
Bai horixe

Ospetu ezezagunak

Ospea ez dago ondo banatua gure inguruan ez mundu zabalean

Martes, 12 de diciembre 2023

Zahartzaroa noiz hasten den, ze adinetan den bat zaharra (batzuentzat inoiz ez), ze seinalek bidaltzen dizun abisua, nortasun agiriak dioenaz gain. Hori guztia eztabaidatzen dugu, hori eta gehiago. Jaso dudan azken definizioaren arabera, zaharra zara inguruko gizartea arrotz egiten zaizunean. Eta bai, baldintza hori ere betetzen dut.

Begiratzen ditut egunero egunkariak, paperezkoak eta paperik gabekoak, tarteka hartzen dut eskuartean dentistarenean, ile-apaindegian eta antzeko lekuetan eskuragarri dudan aldizkariren bat eta gero eta maizago gertatzen zait ez dakidala nortzuk diren hedabideek ospetsutzat dituzten gizon-emakumeak. Famatuak izango dira pertsona horiek, ez dut hori eztabaidatuko, baina nik ez ditut ezagutzen, ez dakit zerk egin dituen ospetsu.

Jakin badakit sare sozialek zerikusia dutela horretan, hor egosten direla ospe batzuk, gero paperera salto egiten dutenak. Baita ere batzuk suertatu zaien familiari esker direla ezagunak, ez egin dutenagatik, sehaskak zabaldu diela ospearen atea, edo sortzez famatuak direnekin ezkontzen edo elkartzen direlako. Azken puntu honek ondorio eratorriak ditu, sarritan bikoteak gurutzatu egiten direlako, baten neska bestearena bilakatzen delako halako batean, baten mutila bestearen senarra izan zelako.

Familia zuhaitzak korapilatu egin direlako edo, besterik gabe, nahiko arreta eskaintzen ez diedalako, lehen ezagunak zitzaizkidan familien kideak ere arrotz egiten zaizkit gaur. Ados, nire ezjakintasunak zahar gisa sailkatzen nau, baina hala eta guztiz ere uste dut ospea ez dagoela ondo banatua gure inguruan, ez mundu zabalean.

Beste kontu bat da ospea mereziko luketen batzuk eroso daudela ezkutuan egotearekin, ez dutela izengabetasuna galdu nahi, lanean jarraitu nahi dutela, baina fokuetatik kanpo. Bitartean, gero eta gehiagorentzat fama lortzea da helburua. Kontatzen digute haur askori handitan zer izan nahi duten galdetzen zaienean, ospetsu izan nahi dutela erantzuten dutela, hori dela beraien helburua.

Ez dut horrelakorik gogoratzen gure haurtzaroan baina, tira, tartetxo batez ahalegintzen naiz jendartearen aparrean dauden horietako batzuen izenak ikasten, haiei buruzko gutxieneko ezaguera bat gordetzen. Alferrik. Eta hori bai dela zahartzaroaren seinale argia, zaila egiten baitzait izenak gordetzea, izen berriak esan nahi dut. Nahastu egiten zaizkit, burmuinaren auskalo ze zimurretan ezkutatzen zaizkit.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Ospetu ezezagunak