Borrar
Fotolia
Irakurle taldeak
Bai horixe

Irakurle taldeak

Euskal Herriko bazter guztietan ditugu irakurle taldeak, irakurle antolatuak

Viernes, 11 de agosto 2023, 20:35

Inor gutxi abiatuko da oporretan, gertura nahiz urrutira, sakelako telefonoa etxean utzita. Aldiz, gutxi izango dira eraman behar dituen gauzen artean motxilan edo poltsan liburu bat sartuko dutenak. Egia da sakelakoak liburu bat irakurtzeko ere balio duela, baina iruditzen zait inor gutxik erabiliko duela horretarako. Sareek kateatzen gaituzte literaturak baino gehiago.

Eta halere, irakurleak egon badaude. Askorekin egon naiz ikasturte honetan herri txikitan nahiz hiriburuetan. Beste kontu bat da irakurle horiek liburua erosi duten edo liburutegi publikoak erabili dituzten horretarako. Gauza jakina da literatura gutxiri asko interesatzen zaigun zerbait dela eta askori ezer axola ez zaiona, ez dagoela gizartearen erdigunean.

Irakurleak ditugu eta, gainera, irakurle antolatuak, ahotsa dutenak, irakurtzen duten horri buruzko iritzi bat ahoskatzeko gauza direnak, taldetan antolatuak. Emakumeak, gehienetan, pertsona helduak maizenik, gazteak eta gizonak falta ez badira ere. Aurtengo nire errekorra 145 biztanle dituen Gipuzkoako herri batetako irakurle taldea izan da.

Gainera, gure irakurleak orojaleak dira. Normalean, euskarazko literatura irakurtzen duenak beste hizkuntzatan ere irakurtzen du, baina euskal literaturaren irakurlea, halabeharrez, orojalea da. Gazteleraz edo frantsesez irakurtzen duenak, esan dezake nik eleberri historikoak irakurtzen ditut gehienetan, edo niri eleberri erromantikoak interesatzen zaizkit gehien. Euskarazkoak, ordea, denetik irakurri behar du, agian urte osoan ez delako eleberri historiko bat argitaratuko edo eleberri erromantikoak eskasak direlako gure artean.

Irakurleak antolatuak ditugu bazter guztietan eta hori azpimarratu behar den zerbait da. Hori bai, irakurle talde bakoitza uharte bat da itsasoan, ez du gehienetan harremanik inguruko uharteekin, ez urrutixeagoekin ez daude saretuak, ez dakigu ezta zenbat diren ere, ez dute apenas bizitako esperientzia partekatzen eta iruditzen zait badela hori konpontzeko garaia.

Nire belaunaldikoak euskarazko letren munduan abiatu ginenean ezer gutxi genuen, besteak beste, ia irakurlerik gabeko idazleak ginen, gure aurreko belaunaldikoak bezalaxe. Hori da benetan aldatu dena gurean. Idazleak aldatu gara, bai, adibidez, orain ez da arraroa emakume idazle bat. Argitaletxeak ere ez zaizkigu falta. Baina benetako aldaketa irakurleak dira.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Irakurle taldeak