Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Abantaila bat badu behintzat zahartzeak, gauza asko bizitzeko aukera eman dizula bizitzak, zerbait ikasteko denbora gehiago izan duzula. Beste kontu bat da nola baliatzen duen batek denbora hori, zer eta zenbat ikasteko erabili duen gutako bakoitzak denbora hori.
Duela hiru laurden mende Eguberriek zuten garrantzia eta gaurko egunean dutenak ez dute zerikusirik, aldera daitezke, ez, ordea, parekatu. Nire bizitzan zehar, haurtzarotik zahartzarora, norabide bera izan du beti kontuak, gorakoa. Agian une batean pentsatzen duzu jo dugula gailurra eta ez, gailurra ez da sekula bukatzen, ustez bertara heldutakoan ikusten duzu beste aldapa bat dagoela.
Gure ama zenak kontatzen zigun bere haurtzaroan, Erregeek (ez zuen oraindik Olentzerok ardura hori jaso) intxaur mordoxka bat eta agian laranja bat ekartzen ziotela, jostailurik ez. Guri tokatu zitzaigunean, gehienez jota ere jostailu bana eta batzuetan jostailu bakarra birentzat eta eskuz idatzitako ohar bat, esanez hurrengo urtea hobea izango zela. Urte hobe hori, ordea, ez zen inoiz heldu.
Berdin dekorazioari buruz. Gaur ez dago bazterrik, ez bulego, ez kale, ez denda, Eguberrietan modu berezian apaintzen ez denik. Ikuskizun hutsa lirateke festa hauek, baldin eta beste helburu nagusiagoa ez balute: erosketena. Urtea erosten hasi eta bukatuko dugu, gabon kanta eta argiz inguratuak eta, gainera, gorriz mozorrotuak.
Oraingoz azken heldu zaigun moda janzkerarena da. Egunotan jendea mozorrotu egiten da, batzuk baserritarrez, beste batzuk, nola ez, Estatu Batuetatik datorren joera bati esker, Bizarzurirekin lotzen diren gailuekin, elur-oroinen adarrak, txanoak … Eta, gero eta gehiago festa hauetan soilik janzten diren jertseak, gorriak, noski. Inguratuak gaude, ihesbiderik gabe.
Mesedez eta faborez, jo dezala behingoz goia eromen honek.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.