Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Tantaz tanta itsasoa egiten da eta Arabak ere pausoak eman nahi ditu euskararen 'ozeanoa' bere tantekin osatzeko. Bertako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Arabako Mendialdeko Koadrilak aurtengo Euskaraldiarekin bat egingo dutela jakitera eman dute astelehen honetan, elkarrekin egindako agerraldi batean. Eta zabaldu nahi den mezu horrekin lotuta, nahita eginda balego bezala, euria izan da ekitaldian protagonista nagusia: gizartea euskaraz blai eginda bukatzea baita helburua. Horretan lan egingo dute azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo den hirugarren edizio honetan.
'Hitz egiteko unea' da Euskaraldiaren aurtengo lelo nagusia, eta horri heldu dio bere mezuan Gasteizko alkateka. «Hitzaren bidez harremanak sortzen dira pertsonen artean, baita administrazioen eta herritarren artean ere. Hitzez ekiteko garaia dela zabaldu nahi dugu, urrats berrian eman euskararen erabileran», nabarmendu du Gorka Urtaranek. Eta bide horretan aurrera egiteko, bi erronka finkatu ditu; batetik, eragileek «praktikak hedatzeko urrats berriak ematea», eta, bestetik, «ahobizi, belarriprest eta arigune gehiago izatea», euskararen erabilera areagotzeko.
'Kaixo', 'Zer moduz' edo 'Egun on'. Horrekin nahikoa da euskara sustatzeko lehen urrats gisa. Adibideak baino ez dira, baina argi eta garbi erakusten dute zein erraza den gure hizkuntzan aritzea. Hastapena baino ez da, elkarrizketa euskaraz izateari ateak irekitzen dizkiona. «Ahal den guztietan euskaraz egitea da gakoa», adierazi du Urtaranek. Kalean, zein erakundeetan. «Administrazio barruan ere jarduteko garaia da, Euskaraldiak arigune izeneko hiztunen arteko guneak identifikatuko baititu, eta erraztasunak egongo dira horietan euskarazko elkarrizketak hasteko», gaineratu du Ramiro González Arabako diputatu nagusiak.
Gune horiek jokatzen duten paperari berebiziko garrantzia eman diote. «Euskaraz askatasunez hitz egiteko aukera uneoro bermatzen duten guneak dira, ahobizi edota belarriprest gisa jarduten dutenek osatzen dutena», dio Anartz Gorrotxategik, Arabako Mendialdeko Koadriletako presidenteak. «Arabako administrazio ezberdinen ariguneen papera handitu nahi dugu», azpimarratu du. Eta hori egi bihurtzeko, Arabako Batzar Nagusietako presidentea den Pedro Elosegik jarraitu beharreko urratsak gogorarazi ditu. Horien artean, «arigunea osatzeko, hura osatzen duten kideek eratzeko adostasuna adierazi behar dute. Horretarako, arduradunak arigune gisa parte hartzea proposatuko die talde honetako kideei».
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.