Borrar
Urgente Un incendio en un bloque de viviendas desata la alarma en Basauri
Salomé Martínez de Ilarduya, Lautada Ikastolako zuzendaria. Javier Martín
«Araba Euskarazek euskal kulturari eta euskarari eszenatokia eskaini nahi die»
Salomé Martínez de Ilarduya, Lautada Ikastolako zuzendaria

«Araba Euskarazek euskal kulturari eta euskarari eszenatokia eskaini nahi die»

Igande honetan Arabako Ikastolen aldeko festara joateko gonbita egin du: «Programa polita sortu dugu, askotarikoa»

E. Izquierdo

Sábado, 10 de junio 2023, 00:20

Badator Araba Euskaraz. Arabar euskaldunentzat ez ezik, euskaldun guztientzat ere jai eguna izango da. Hirugarrenez, Lautada Ikastolaren alde dirua bilduko dute, baina aurtengoak ez du Agurainen egindako bi edizioen antzik izango. Iaz formatuz aldatzea erabaki zuten eta mantendu egin dute. Arabako zortzi ikastolek antolatu dute «elkarrekin», aurtengo abestiak dioen bezala.

Lautada Ikastola 2008an sortu zen eta urratsez urrats zabalduz joan da herrian oso ezaguna egiteko. Ikasturte honetan, 2 eta 16 urte bitarteko 252 ikasle izan dituzte Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta DBHn. Eta zuzendaria Salomé Martínez de Ilarduya da.

-Araba Euskarazek hirugarrenez bilduko du dirua zuen ikastolarentzat. Nola egin diozue aurre edizio honi?

-Ilusioz. Egia esan, iaz hasitako bidea finkatzera dator. Laburbilduz, gure eguneroko jarrera lantzen jarraitu dugu, eta, aldi berean, hainbat ekintza prestatzen inplikatu gara. Esan dezakegu Araba Euskaraz gure ikastolaren alde izatea luxua izan dela. Ilusioarekin, baina inplikazioarekin eta lanarekin ere bai.

-Lehen leloa 'Gogo bizi' izan zen; bigarrena, 'Etorkizunari begira'; eta oraingoa, 'Ekin'. Ba al dute loturarik zuen ikastolaren ibilbidearekin?

-Bai, jakina. Ikastola 2008an sortu genuen eta gure lehen Araba Euskaraz 2010ean izan zen. Gogotsu hartu genuen, baina erronka berri batekin. Gure aurkezpen-gutuna izan zen. Gero, 2016an, aurrera jarraitu genuen lanarekin, eta proiektua finkatuta zegoen. Herrian ezagutzen gintuzten. Eta oraingoarekin hitz joko bat erabili dugu gauza asko adierazten dituelako. Elkarrekin, ikastolarekin, herriarekin, gure kulturarekin, euskararekin...

-Hamabost urte hauetan, zer aldaketa nabaritu duzu ikastolan?

-Hasiera guztiak bezala, geurea ere konplexua izan zen. Ilusio handia izan dugu eta lan handia egin dugu proiektua aurrera eramateko. Agian, herrian asko kostatu zen barneratzea ikastola bat ginela. Oraindik ere, lehen zegoen ereduarekin lotzen gaituzte. Esan dezaket berrikuntza metodologiko eta pedagogikoa izan dela gure aldaketa nagusia: gurasoen parte-hartzea eta, batez ere, gure hizkuntza, kultura eta izaera bultzatzea.

«Berrikuntza metodologiko eta pedagogikoa izan da gure aldaketa nagusia»

-Zer oroitzapen dituzu antolatu zenuten lehen edizioaz?

-Ilusio handiz geunden, nahiz eta bagenekien erronka handia genuela aurretik. 2010ean talde-lana egin genuen, irakasleen artean, eta jende asko inplikatu genuen. Lan izugarria izan zen, baina oso pozik atera ginen lortu genuen emaitzarekin.

-Eta bigarrenaz?

-Bagenekien zer zen hori eta bagenuen esperientzia. Errazagoa izan zen.

-Aurtengoa guztiz ezberdina izango da, Olarizun ospatuko da, iaz bezala.

-Hori da. Arabako zortzi ikastolen artean egingo dugu. Ikasturtean zehar hainbat ekitaldi prestatu ditugu, bakoitzak bereak. Agurainen, azaroan hasi ginen, eta maiatzean egin genuena nabarmendu nahi nuke, oso erakargarria izan baitzen. Jon Maia Harresira etorri zen 'Kantu bat gara' ikuskizunarekin.

-Formatu honekin hobe?

-Polita da taldean lan egitea. Elkarrekin, gainera, aurtengo leloarekin bat dator. Gustatu zitzaigun nola atera zen azken edizioa eta errepikatzea erabaki dugu. Ikastola guztien artean egiten ari garen auzolanari eta lankidetzari esker, ikastolen produktuak bultzatu eta jendarteratu nahi ditugu. Aldi berean, euskal kulturari eta euskarari agertoki bat eskaini nahi diegu. Euskara jai giroan, esparru informalean.

-Zer espero duzu Araba Euskaraz honetatik?

-Euskaraz ospatzeko festa eguna izatea nahi dugu. Topaketa eguna Olarizuko zelaietan, euskal kulturak eta euskarak beste bozgorailu bat izan dezaten Arabako hiriburuan.

-Programaz, zer esan dezakezu?

-Goizeko hamarretan hasiko gara, inaugurazioarekin. Ondoren, kalejirak hasiko dira eta hiru gune irekiko dira: Lautada, Mendia eta Erreka. Denek izango dute jaiaz gozatzeko aukera.

Musikaren alde

-Zein ekitaldi gomendatuko zenuke?

-Musika irakasle gisa, pentsa! Haur eta nerabeentzat Go!azen taldea etorriko da; erromeriak ere izango dira; Iruñeko taldeak joko du, Kerobiak... Gainera, Mendi gunean Umeen Basoa irekiko dute txikientzat.

-Eta zuk, zein ez zenuke galduko?

-Programa polita sortu dugu, era askotakoa gainera. Zaila da bakarrarekin geratzea, baina bertsoak asko gustatzen zaizkit, eta lehen esan dudan bezala, kontzertuak.

-Zein da euskararen egoera Agurainen, Lautadan?

-Azken urteotan, aurrerapena izugarria izan da. Geuk ere bultzada bat eman nahi diogu.

-Kalean ere gehiago entzuten da?

-Erabilerak gora egin du. Araban euskalduntze-prozesua abian da, eta geuk ere eragile aktiboa izan nahi dugu. Prozesu horretan ahalik eta ekarpen handiena egin nahi dugu.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Araba Euskarazek euskal kulturari eta euskarari eszenatokia eskaini nahi die»